Galtzagorri Elkartearen webgunea

2010

ZalantzakorElorri

Plock, plock… Sukaldeko mahaira nago eserita, gainean edonola botata. Txorrota ez dago ondo itxita eta ura tantaka-tantaka erortzen da, dagoen isiltasunean kontzertu oso bat sortzen. Ez dut ezertan pentsatzen, edo behintzat saiatzen ari naiz. Horrela dena errazagoa da, ezerk ez du min ematen. Ez dago txikitatik bizitako mespretxuan pentsatzearen beharrik. Baina hitz batek eta atea ixten den soinuaren seinaleak, dena okertzen dute.

 

- Etxean naiz – dio nire aitaordeak.

 

Hogeita bi urte eta oraindik gurasoen etxean bizitzen. Ama duela zazpi urte hil zen, aitak utzi ondoren iraun zion munduan murgilduta. Handik gutxira, beste gizon batekin ezkondu zen, baina ni zaintzeko laguntza pixka bat edukitzearren soilik. Hil zenetik, bigarren senarrak bere benetako izaera azaldu zuen. Ez dut inoiz ahaztuko berarekin bakarrik igaro nuen lehenengo gau hura. Ostiral gauean irten zen eta larunbatean goizeko zazpietan itzuli zen etxera, era bat mozkortuta, orain arte ikusi ez nuen bezala. Irain egiten hasi zitzaidan. Nire errua zela ama hil izana eta bera orain egoera hartan egon behar izatea, erabat mozkortuta nire amaren heriotzarengatik tristura gainetik kentzeko.

 

Jo egin ninduen, bi besoetan, tripan, sorbaldan eta buruan. Bukatu baino lehen korrika egin nion alde eta nire gelan sartu nintzen krisketa itxita. Ordu erdiz atea jo zuen, irteteko garrasi eginez. Ondoren, nekatuta, bere logelara joan eta zegoen arropa berberarekin ohean etzan eta lo geratu zen. Ordudanik, gau batean alde egiten zuenean, iristen zenerako prest nengoen, gelan giltzapetuta.

 

Posibilitate bat etxetik alde egitea zen. Nire lagunek behin eta berriro esan didate, eta jarraitzen dute gauza bera errepikatzen, ni konbentzitzeko ahaleginak eginez, hemezortzi urte nituenean alde egin nezakeela, adinez nagusia nintzela eta joan nintekeela nire aita biologikoarekin. Bera azken finean nire aita zen eta oraindik maite ninduen. Badakit nik hori, astean hiruzpalau aldiz deitzen dit, eta, urtebetetze egunean, Errege eta Olentzeroetan opariak bidaltzen dizkit. Baina bera oso urruti bizi da orain, Argentinan, eta gauza asko utzi beharko nituzke atzean: lagunak, lana, amaren oroitzapenak eta, momentu onak. Baina… bazeuden gogoratzen nituen momentu zail eta txarrak.

 

Gelako lagun batzuek ez zitzaizkidan hurbiltzen, beldur ematen niela zirudien. Nire lagun onenak arduratuta begiratu ninduen hartaz galdetu nionean, eta dena kontatzera behartzean. Nitaz gaizki esaka ibiltzen zirela, aitaordearekin bizitzeagatik eta honek jotzen ninduelako. Gehitu egin beharra dago, aitaordeak ia diru guztia tabernatan eta joko-etxeetan alferrik erabiltzen zuenez, nik behar bezala janzteko eta jateko posibilitatea ez nuela.

 

Hamasei urte bete nituenean, lan txikiak egiten hasi nintzen, diru pixkatxo bat edukitzeko unibertsitatera sartzen nintzenerako. Ume bat zaintzen nuen gauetan noizean behin, gurasoek afariren bat zutenean; jatetxe batean laguntzen nuen zerbitzari bezala; liburutegian gauzak antolatzen lagundu… Orain, horri esker, diru kopuru nahiko handia daukat gordeta eta aitaordeaz ezkutatzeko arrazoi eta premia gehiago, nire dirua baita, nik lana eginda lortu nuena. Gainera, nire lagun minak askotan gonbidatzen ninduen bere etxera lo egitera. Bere gurasoek, etxean nuen egoeraz jakitun, pozik eta maitekiro hartzen ninduten beraien etxean.

 

Gogoratzen ditut, berarekin igarotako momentu onak. Nire aitari beldurrez itxaroteari ahaztuz, pozik egoten nintzen. Bromak egiten genizkion elkarri eta txutxumutxuak kontatzen genituen, baten bat oraindik entzuna ez bagenuen. Oso berandu egiten zenean, haren ama logelan sartzen zen bata jantzita eta argiak itzaltzen ez bagenituen, kalean lo egitera bidaliko gintuela esanez mehatxatzen gintuen. Biok bagenekien ez zuela inoiz horrelakorik egingo, baina hala ere, agindutakoa egiten genuen eta lo egiteko prestatzen ginen.

 

Oporrak aita biologikoarekin igarotzen nituen, beraz denbora epe luzez ez nuen kezkatu behar aitaordearengatik. Beti galdetzen zidan nola portatzen zen hura nirekin, eta nik, txorakeriaren bat egingo zuen beldurrez, ondo ibiltzen ginela elkarrekin esaten nion. Baina aitarekin hitz egin dudan azken aldian ez, egi guztia aitortu diot. Mozkorrarena, lanarena, jipoiena… dena. Uste bezala aita asko haserretu da. Egun batzuk barru berriro deituko duela esan du.

 

- Kaixo, laztana – esaten du nire aitaordeak, momentu hartan, sukaldera sartuz.

 

Izutu egin nau, nire pentsamenduetan galduta nengoen eta ez naiz konturatu horren hurbil zegoenik. Begira gelditzen zait une luze batez, gero begirada leihoaren kanpoalderantz zuzentzen du. Zerbaitek kezkatzen duela dirudi. Denbora luzez isiltasunak menperatze du sukalde guztia, baian bukaeran, aitaordea berriro niregana biratzen da.

 

- Zure aitarekin hitz egin dut gaur goizean – dio marmarrean -. Izugarrizko oihu batzuk bota dizkit eta ahal duen lasterren etorriko dela zure bila dio, berarekin bizitzera eramango zaituela.

 

Ez dut sinetsi nahi esaten ari dena. Nik ez dut nire erabakia hartu oraindik! Ez dut ziur hemendik joan nahi dudanik, nahiz eta azken urte hauek benetako infernu bat izan. Badago herrixka txiki honetan oraindik benetan maite dudan jendea, inoiz niregandik banandu nahi ez ditudan lagunak.

- Ezin du hori egin – nik marmarka, haserre -. Adinez nagusia naiz eta nahi dudana egin dezaket.

- Horrela erreakzionatuko zenuela pentsatu du – erantzuten dit -. Juiziora eramango nau ez bazara berarekin joaten.

 

Hori ez! Juizio bat egiten badute, hemendik bidaliko naute. Gizon hau niretzako oso arriskutsua dela esango dute eta ni leku babestu batera bidali nahiko naute, nahiz eta horrek aitarekin bueltan bidaltzea izan. Amorruarengatik negarrez hasten naiz eta nire logelara alde egiten dut. Atea krisketarekin itxi eta ohe gainean botatzen naiz. Momentu horretan mugikorrak soinua egiten du, deitzen ari zait norbait. Ez dut hartuko, diot nire buruarentzat. Hasperen egiten dut eta erantzuteko prestatzen naiz, nor izango da orain?

 

- Kaixo.

- Kaixo… - nire lagun onena da -. Ez duzu sinetsiko!

- Zer da? – galdetzen dut, ikusguraz.

- Zuretzako etxe bat aurkitu dut! Hemendik hiru ordu laurdenera – ezin du gehiago berri ona gorde eta eztanda egiten du, dena korrika esanaz -. Alokairu bat da. Leihotik zintzilik zegoen zenbakira deitu dut eta datuak eskatu dizkiot. Zuretzako oso aproposa da. Berrehun euro hilabetean.

 

Pentsatu egiten dut, eta benetan ez dagoela gaizki konturatzen naiz. Ez dut Argentinara joan beharko eta oso urruti ere ez naiz joango. Etxearen telefono zenbakia eskatzen diot eta agurtu egiten naiz. Berehala pisuko jabeari deitzen diot. Luze hitz egiten dugu eta tratu batera iritsi gara. Urte bat bertan igarotzea proposatzen dit, erosteko pisu bat bilatzen dudan bitartean.

 

Esekitzen dudanean, erabat lasaituta gelditzen naiz. Joango naiz, baina ez erabat ezagutzen ez dudan hiri batera. Nire bizitza egingo dut, nire lagunak ikusten jarraituko dut eta inork ez nau joko. Horretan bakarrik pentsa dezaket, banoala. Burmuineko zati txiki batek aitari deitu behar diodala esaten dit, berri pozgarri hau emateko, baina oso zati txikia da. Banoa, banoa, banoa… bai! BANOA!

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia