KONTU-KONTARI ALDIZKARIA
Kaixo irakurle maiteok!! Aldizkari hau erosten duzuen lehenengo aldia duzuenontzat, atal berezi hau aurkeztuko dugu. Atal honetan, astero, gure inguruko gairen bat izaten dugu irizpide, hala nola: drogak, alkohola, anorexia, bulling-a, etab. Lehengo astean, adibidez, festen inguruko gaiak jorratu genituen eta Urnietako eskola batera joan ginen iritzi eske. Hainbat ikaslek erantzun zuten gure deialdia eta beraiei esker, festei buruzko iritzi ezberdinak irakurri ahal izan genituen.
Aste honetako gaia, berriz, "maitasun istorioak" izan da. Oraingo honetan, lantoki askotara joan gara eta 20 urteko neskato bat soilik aurkeztu zaigu ¡§maitasun istorio¡¨ eder bat kontatzera, Naroa. Ez da bere maitasun istorioa, bere lagun minenaren istorioa baizik, Liernirena. Hala ere, Naroak bere maitasun istorioa balitz bezala bizi izan du, oso gertutik eta horregatik, lehenengo pertsonan idatziko digu istorio hau Lierni izango balitz bezala. Adi beraz, kontakizun honi:
"Maiteminduta nago, oso maiteminduta. Mutil bat maite dut eta ez dut inoiz beragandik aldendu nahi. Txikitatik ezagutzen dugu elkar baina, duela urtebete arte ez dugu inolako tratu berezirik eduki. Jon izena du eta baleteko klaseetara elkarrekin joaten gara. Baleta izugarri gustatzen zait; lasaiago sentiarazten nau; barnean ditudan arazo guztiak ahazten ditut eta guztiz garrantzitsuena, disfrutatu egiten dut. Baina are gehiago disfrutatzen dut bera nirekin joaten denetik..
Hain da ederra, hain da jatorra, hain da zintzoa, hain da maitekorra... Txora-txora eginda nauka. Egunean zehar ikusten eta gertatzen zaizkidan gauza guztiak berarekin erlazionatzen ditut. Goizean jaikitzen naizenetik, gauean oheratzen naizen arte bera soilik dut buruan. Are gehiago esanda, berarekin egiten dut amets gauero. Ametsetan biok bakarrik agertzen gara. Bera oso goxoa da nirekin eta ni ere horrelakoa izaten ahalegintzen naiz. Eskutik heltzen dit, berarengana hurbiltzen nau, nire aurpegia eta berea gerturatzen joaten dira eta ahots goxo batez zera esaten dit belarrira: Maite Zaitut!! Ondoren, musuaren garaia dator baina zoritxarrez, beti esnatu egiten naiz momentu horretantxe bertan.
Esna nagoela ere amets egiten dut. Amets egiten dut noizbait nire gaueko ametsak errealitate bihurtuko direlakoan eta noizbait elkarrekin egongo garelakoan. Oraingoz, baleteko klaseetan berarekin dantzatzearekin soilik konformatu beharko dut eta ez da gutxi, izan ere, hiru mutil soilik daude klasean eta neska guztiek nahi izaten dute Jonekin dantzatu. Ni, gainera, oso lotsatia naiz eta gutxitan izaten dut berarekin dantzatzeko aukera. Batzuetan, berak ere ni begiratzen nauela iruditzen zait baina ezin izaten dut jakin ea nire irudimena den soilik edota egiatan begiratzen nauen. Askotan, ilusio faltsuak egiten ditudala ere pentsatzen dut. Baina nahigabe egiten ditut.
Lehengo egunean, ordea, ordua baino lehenago iritsi nintzen baleteko klasera eta bera hantxe zegoen, eserita puntak janzten. Nire barnean tximeletak hegan hasi ziren, sabeletik edo nonbaitetik irten nahian. Ai ama!! Eta zer esan behar nion? Gero ohartu nintzen ez nuela inolako arazorik eduki. Jonek bere alboan esertzeko eskatu zidan eta segituan hitz egiten hasi zitzaidan. Nik ere gustura jarraitu nion elkarrizketari eta ez zitzaidan batere zaila egin berarekin hitz egitea, oso ondo sentitzen bainintzen bere alboan. Egia esateko, gainerako ikasleak azkarregi etorri zirela iruditu zitzaidan. Berarekin dantzatzeko ere eskatu zidan!! Hori guztia gehiegi ez ote zen ere burutik pasatu zitzaidan baina momentuaz gozatzea erabaki nuen. Azkenean, eguna biribiltzeko, etxeraino ekarri ninduen bere autoan eta oso ondo dantzatzen nuela esan zidan. Muxu gorri jarri nintzen lotsaren lotsaz baina, aldi berean, munduko neskatorik zoriontsuena sentitzen nintzen. Etxera heldu orduko, nire lagun Naroari gertatutakoa kontatu nion xehetasun guztiekin eta bera ere niregatik pozten zela esan zidan.
Hurrengo egunean, gustuko genituen ekintza ezberdinez jardun genuen eta gauza askotan bat gentozen. Esate baterako, bioi izugarri gustatzen zitzaigun zinemara joatea eta filma berdintsuak atsegin genituen. Hortaz, egunen batean berarekin joan nahi ote nuen galdegin zidan eta nik, noski, ezin ezetz esan. Bakarrik egon izan banitza, pozez jauzika hasiko nintzen han bertan. Nire amets guztiak egi bihurtzen ari zirenaren itxaropenean nengoen. Hala ere, ilusio handirik ez egiten saiatu nintzen, ez baitzegoen batere argi berak ni gustuko ote ninduen edo ez. Baliteke, Jonek ni lagun gisa soilik nahi izatea eta ez lidake asko harrituko. Ez, ez lidake harrituko baina asko tristatuko ninduke, hori bai.
Ai ene!! Eguna iritsi da. Ile-apaindegira joan naiz, erosketak egitera ere joan naiz soineko berri bat erostera, ordubete igaro dut makilatzen eta daukadan lurrinik onena bota dut usain goxoa edukitzearren. Espero dut ezer ahaztu ez izana. Autobus geltokira iritsi naiz eta bera han zegoen iada niri itxaroten. Begiak itxi, arnasa hirutan hartu eta aurrera jarraitu dut. Arratsalde zoragarria igaro dugu elkarrekin. Barrez lehertu naiz bere istorio xelebreekin eta ezin izan dut filmean zentratu ere egin barnean nuen urduritasunaren eraginez. Gaur ere, etxeraino lagundu nau baina oraingoan oinez etorri gara.
Agurtzeko garaian, eskutik heldu dit, bere gorputza eta nirea elkartzeraino iritsi gara eta ondoren, ametsetan bezala, gerturatu eta belarrira esan dit: Maite Zaitut!! Ez nekien pozaren pozaz garrasi egin, jauzika hasi edo zer egin. Beraz, nire sentimenduei utzi diet erreakzionatzen eta musu luze nahiz sakona eman diogu elkarri. Hori gertatu ostean, elkarri begiratu eta agurtu egin gara. Orain bai!! Orain nire ametsak errealitate bihurtu dira. Baina gustatu ote zaio, Joni, eman diodan musua? Eta gustatu ez bazaio? Beno egia esan, horretaz gehiago ez pentsatzea erabaki dut. Iruditu zait musua biok nahi genuena izan dela eta beraz, ez du merezi horretaz gehiago pentsatzerik.
Inoiz ez dut hain iratzartze ona izan. Azkenik lortu dut hainbeste denboran nahi izan dudana. Ez diot inori nahiz ezeri utziko nire bizitzako etapa hau zapaltzen. Ez horixe! Pertsiana zeharkatzen zuten eguzki-izpi ahulek esnatu naute. Nagiak atera eta aterantz zuzendu naiz gosaldu aurretik posta gainbegiratzera. Gutun-azalen artean, besteengandik ezberdina zen bat aurkitu dut. Zein arraroa! Norena izango ote zen? Jonena!! Irrikaz hasi naiz gutun-azala irekitzen baina segituan ezabatu zait irribarrea aurpegitik. Gutunak zera zihoen:
"Kaixo Lierni:
Atzo primeran pasatu nuen zurekin. Zure ondoan nagoenean primeran sentitzen naiz eta oso gustuko zaitudala erakutsi didazu azkeneko egun hauetan. Horregatik, nahiago dut esan beharrekoa orain esan, min handiegia egin aurretik. Aita gaixo daukat eta Estatu Batuetara joan behar dut berarekin bizitzera, izan ere, hango medikuntza hemengoa baino askoz ere aurreratuagoa da eta gaixotasunak aurrera egin aurretik sendatzea komeni zaio. Sentitzen dut eta espero dut min handirik egin ez izana. Asko maite zaitut. Ez zaitut inoiz ahaztuko eta beti gogoratuko zaitut.
Muxu handi bat:
Jon"
Izoztuta geratu naiz gutunari begira. Mila bider irakurri dut baina, ohartu naiz mila eta batgarren aldiz irakurtzeagatik ez dela ezer aldatuko. Duela minutu gutxi errealitate bihurtu diren amets guztiak jauzi egin zaizkit gainera. Izugarrizko zama edukiko banu sorbalda gainean bezalaxe sentitzen naiz. Ezin kendu zama hori eta ezin jakin zer egin. Berriz ere, sentimenduek aurre hartu didate eta negarrari ekin diot gelditu gabe. Iada ez dut gosaltzeko gogorik ere. Hobe gaur goizean ohetik esnatu ez banintz eta inoiz gutun hori irakurri izan ez banu.
Zergatik niri? Zer egin behar dut nik orain? Hondoa jo dut oraintxe eta ez dakit inoiz flotatzera berriz ere irtengo naizen. Zer egin behar dut nik orain hemen geldirik ezer egin gabe? Bizitza osoa aurretik igarotzen ikusi behar al dut? Hainbeste galdera eta gauza bakarra bururatzen zait. Bi aukera ditut: Berarekin joaten banaiz, dena atzean utziko dut (lagunak, familia, lana, baleta, etab.) eta gelditzen banaiz, ordea, dena atzeratuko dut, Jonekin dudan maitasun istorio polita galduko dut.
Hartu dut erabakia, berarekin joango naiz kosta ala kosta. Bere hegazkinaren hurrengoa hartu dut. Nire eserlekutik mugitu ere egin gabe egon naiz bidaia osoan zehar, izan ere, hegazkin batean nabilen lehenengo aldia da eta izugarrizko beldurra diot altuerari. Ahal izan dudan moduan aguantatu eta azkenik iritsi naiz Estatu Batuetara. Orain, bere oraingo etxea aurkitzea soilik falta zitzaidan. Nolaz aurkituko nuen hainbeste etxeren artean Jonena? Ezinezkoa zen. Beraz, beste egun baterako utzi dut eta ostatu hartu dut inguruko hotel batean.
Bi aste igaro dira, eta oraindik ez dut bere berririk. Ez mugikorreko mezurik, ez gutunik, ezta ezer ere. Etsipenak jo beharrean nago baina tinko eutsi diot nire jarrerari eta aurrera jarraitu dut.
Gaur, bat-batean, kaletik paseatzen nindoala, anbulantzia bat entzun dut nire ondotik pasatzen. Berrehun metro aurrerago gelditu da eta jende multzo ikaragarria zegoen han gertatutakoari begiratzen. Ni ere gerturatu eta Jonen aita anbulantzian zeramatela ikusi dut. Inguruko jendeari galdetu diot nire ingeles eskasean ea zer gertatu den eta atake batek eman diola esan didate, hilzorian dagoela. Jon, berriz, ez dut han inguruan ikusi eta erosketaren bat egiten egongo zela pentsatu dut, izan ere, ez dira hiru aste hona heldu denetik eta oraindik inork ez du bere telefono zenbakirik edukiko gertatutakoa kontatzeko. Egokiena nik deitzea izango zela pentsatu dut eta horixe egin dut.
Hasieran, nire deiak harritu egin du baina, gertatutakoa kontatu diodanean nerbioak dantzan zituela eta negar zotinka hasi da. Ezin nuen gehiago sufritzen ikusi eta ondoan zegoen, tailer batetik motor bat hartu dut. Badakit ez dagoela ondo lapurtzea baina ekintza on baterako bazen, ez zegoen hain gaizki ere. Jon zegoen tokiraino joan naiz eta lasterka ospitalerantz abiatu gara motorrean. Ia ospitalera iritsi garenean, motorrak frenorik ez zuela ohartu naiz eta hirugarren eta azkeneko aldiz, nire sentimenduei utzi diet nire gorputza kontrolatzen.
Motorrean zegoen kasko bakarra Joni eman diot eta horrela amaitu dut: Maite Zaitut Jon. Egoeraz ohartu dela iruditu zaidanean... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ..."
Hurrengo eguneko egunkariak zera zioen: "Bi gaztek moto istripua eduki dute tailer batetik motorra lapurtu ostean. Motoak ez zuen frenorik eta hori izan da istripuaren zergatia. Gidatzen zihoan neskatoa hil egin da zoritxarrez baina berarekin motorrean zihoan mutila duela pare bat ordu atera da egoera larritik".
Maitasun istorio ederra eta tristea da aldi berean. Azkenean, Jonen aita salbu atera zen eman zion ataketik eta Jonek ezin izan zion inoiz bere buruari barkatu Lierniren heriotza. Behin eta berriz esaten zion bere buruari, hilda egon behar zuenak berak izan behar zuela eta ez Liernik. Argi dago, bikoteak elkar maite zuela eta argi dago baita ere, Liernik bere bizia eman zuela Jonena salbatzeagatik".
Orain irakurleentzat galdera interesgarri bat dator eta honekin amaituko dugu aste honetako gai sakon hau: "Zuk ere zure bizia emango al zenuke maite duzun pertsonagatik?" "NIK BAI".
atzera