“Gehien maitatzen duzun pertsona joan bazaizu
ere, ez zaitez kezkatu, edozein momentutan bera
ikusteko aukera izango duzu eta,
zerura begiratzean esaterako.”
Nire ametsa bidaiari izatea izango litzateke, punta puntako bidaria. Ez nuke egun osoa autobus batean pasa nahiko, ezta tren jendetsu batean ere, a ze nazka! Nire asmoa hemendik urrun, oso urrun joatea da. Hau esandakoan jende askok Polinesiako irla ederretako batekin erlazionatuko lukete nire bidaia, baina ez jauna, hori ez da horrela. Nik unibertsora bidaiatu nahiko nuke, izarrak bisitatzeko…
* * * * *
Afizio hau guztia ni txikia nintzenean hasi zen. Haiek bai garaiak. Ohera joateko unean aitak magalean hartzen ninduen eta izarrei buruzko ipuinak kontatzen zizkidan, nire aitonak ere halakoxeak kontatzen baitzizkion berari.
Nire aitak sarritan esan ohi zidan izarrak hildakoen arimak zirela eta norbaitek bizitzeari uzten zioenean izar berri bat pizten zela unibertsoan. Nik hori egia zela egiaztatu nuen hainbeste maite nuen amatxo joan zitzaidanean. Horrexegatik, ordutik aurrera izarrei eta astroei begira pasatzen dut gau osoa, nire ama topatuko dudalakoan eta denbora apur bat dudanean beraiei buruzko guztia ezagutzen saiatzen naiz, egunen batean beraiekin bat egiteko xedearekin.
* * * * *
Amonak desberdina naizela esaten dit beti, pertsona normalek horrelako burutazioak ez dituztela sekula edukitzen egotziaz. Nire ustetan, desberdina izatea ez da txarra, baina ezta ona ere. Beste modu batera esanda, desberdina izatea diferente izatea da, eta nik hori aspalditik igarri dut.
Atsedenaldiro nire gelakideak errugbian jolasten ziren bitartean, nik liburutegiko betiko txokoa berotzen nuen. Betiko urratsarekin hasiera ematen nion nire bakardadeari. Hatz erakuslea luzatzea aski izaten nuen begiko nuen astronomiako liburu mardul hura eskuratzeko. Umea nintzela oso bizkorra eta argia nintzen (orain ere hala jarraitzen dut izaten) eta gauzak ulertzeko gaitasun handia neukan. Ziurrenik liburu hark jadanik ezagutuko ninduen, baina nik hori ere ez nuen gustuko, liburuak nire nortasuna ezagutzerik ez bainuen nahi. Betiere, nahikoa zen edozeinen begirada soila ni lotsagorrituta uzteko, nortasun berezikoa bainintzen jende arruntaren aldean. Egia aitortzekotan lehen ez nintzen batere lagunartekoa eta gezurra badirudi ere, bakarrik egotea gustuko nuen.
* * * * *
Urteak iragan ahala, nire nortasuna aldatuz joan da. Jada ez naiz hain izaera lotsatiko pertsona baina, hala ere, txikitan bezain ezberdina izaten jarraitzen dut. Era berean, astrologiaren jarraitzaile sutsua izaten jarraitzen dut. Nire ustetan, astronomia premiazkoa da bizitzan, beti egoten naiz izarrak noiz agertuko peskizan, izarrekin egiten dut amets… Ilargi beteko gauetan, astroekin harremanetan jarri nahi dudanean, aldameneko herrixkako itsasbazterrerantz hurbiltzen naiz. Ulertzea zaila egiten bazait ere, bertan oso bihozbera bilakatzen naiz, izarrekin elkartzeko aukera izaten baitut eta beraiek, nola ez, ni argiztatzea lortzen dute. Niretzat “terapia” moduko bat da izarrak erreparatzea.
Batzuetan, zerura begira nagoenean nire amaren izarra ikusten dudala iruditzen zait eta horrek bizirauteko indarra ematen dit. Ama hil zitzaidanetik, malko ugari bota ditudan pertsona naiz, eta ama ez edukitze horrek nik uste, nire bakardadearekin harreman estua eduki du.
Zoritxarrez, orain ezin daiteke ezer egin ama gurera ekartzeko, ez dago atzera bueltarik. Erremedio bakarra heldua naizenean unibertsora joatea da, nire amaren izarra dena bisitatzeko, bera gertuago ikusteko, berari aldamenetik xuxurlatzeko, bera ferekatzeko...
Astronauta on bat izateko, prestakuntza handiak egin behar dira. Izan ere, bakarrik egoteko prest egon behar duzu, denbora askoan inorekin berriketarik egin gabe. Nik egoera hori gaindituta daukat txikitatik, beraz, situazio horrek ez nau batere kikiltzen. Gainera, kosmonauta ona izateko argia izan behar duzu, eta ni argia naiz. Horrenbestez, nik uste, erraz gaindituko ditut froga guztiak.
* * * * *
Zer izango zen izarrik gabeko bizimodu bat niretzat, urkamendi bat agian?
atzera