Galtzagorri Elkartearen webgunea

2010

OpariaEguzki

Guztiok dugu gure izen propioa, izaeraren zati bat da. Besteengandik bereizi eta bakarra egiten gaituena. Izenak mugatu, aberastu, handitu, txikitu, lotsatu edo harrotu egiten gaitu. Batzuetan, pertsona baten izenak honen etorkizunean eragina izan dezake, izena bera izan daiteke bere patu.

 

Ni Dora naiz, oparia grezieraz, hala ere, nire bizimodua ez dator bat izenaren esanahiarekin, eta etxe honetako oparia izateaz irudikatzen dudanarekin. Opari bat izatekotan, izebak egiten dituen horietakoa izango nintzateke, berehala armairu bazterrean ahazten duzunetakoa.

 

Atenas ondoko herrixka batean bizi naiz gurasoekin. Baina ez daukat norekin hitz egin, norekin barre egin, norekin negar egin… Aita eta ama oso lanpetuta daude beti. Ez dute astirik hartzen ni, Dora, ikusteko, entzuteko, ez dute denborarik hartzen konpartitzeko, oparitzeko.

 

Orain arte, nire bizitza aspergarria eta grisa izan da, baina etxeko txukunketa egiten ari ginen egun hartatik aurrera bizipoza aurkitu dut, mundua beste modu batez begiratzen ikasi dut.

 

Arratsalde hartan, amak arrapaladan goiko pisura joateko eta ganbaran kaxa batzuk uzteko agindu zidan. Halaxe egin behar nuen, baina eskailerak igotzen ari nintzen bitartean bizilagunen ateetan kuxkuxean geratu nintzen, beste askotan egin ohi nuen bezala, eta etxebizitza bakoitzetik irteten ziren soinu eta usainei erreparatzen nien. Julio eta Georginarenean barre tuntunak entzuten ziren, Tomas jaunarenean zortzietako albisteetako aurkezlearen ahotsa, Ireneren etxean 50. hamarkadako musika eta kafe urrin goxoa… Azkenean, trastelekuetara iritsi nintzen. Han, ez zen inor egoten, baina gure ondoko ganbaran pintura usnatu eta musika atsegin bat entzun nuen, ondo senti arazten dizun horietakoa, eta zelatan jarraitu nuen. Atea zabalik zegoen eta ikusminak barruraino eraman ninduen. Bertan emakume gazte bat koadro koloretsu bat margotzen ari zen. Ile gorri kizkurra zuen eta begi berde handi-handiak.

 

- Eeeh...Kaixo, barkatu ez nuen uste hemen inor bizi zenik eta...emm, beno, banoa- esan nuen hitz totelka.

- Lasai neska, oraindik, jende gutxik daki hemen bizi naizenik. Sartu mesedez. Gustatzen al zaizu?- esan zuen koadroa seinalatuz.

 

Barruan sentsazio atsegina izan nuen. Ganbara hartan egindako moldaketek etxebizitza hari kutsu magiko bat ematen zioten. Argia teilatutik sartzen zen, paretak kolore epelez margotuta, eta argazkiz eta koadroz beterik zeuden. Gain-begirada bat eman nien, oso bereziak eta politak ziren. Neskak esertzeko gonbitea egin zidan baina ez nuen astirik, ama zain nuen.

 

- Helena naiz. Bihar etorri, eta erakutsiko dizkizut nire margolanak- esan zuen bere burua aurkeztuz.

 

Hurrengo egunean, Helena zain nuen. Arratsaldea berriketan eman genuen, berarekin hitz egitea inorekin baino errazagoa zitzaidan. Berak, hitzak, begiradak, keinuak… entzuten zekien, denbora hartzen baitzuen horretarako, eta isiluneak ere atseginak egiten zituen.

 

Helenak, argia grezieraz, begirada baketsua eta sakona zuen, mugimendu pausatuak eta irribarre erraza, konfiantza eta lasaitasuna ematen zuen. Betidanik ezagutuko banu bezala zen. Ez zitzaidan inoiz arrotza egin.

 

Hitz egiten ari ginen bitartean margolanak begiratzen nituen. Batetan erreparatu nuen bereziki, etxe zahar xarmagarri bat, bost edo sei pisutakoa:

 

- Gustatzen al zaizu?- galdetu zidan Helenak.

- Nonbait ikusi dudala iruditzen zait.

- Noski, zure etxea baita!

- Gure etxea? Gure etxea ez da hain polita, hain koloretsua, eta ez du horrelako alaitasunik, grisa da, iluna, eta batzuetan nahiko tristea.

- Dora, artista batek ez ditu inoiz gauzak diren bezalakoak ikusten, bestela ez litzateke artista izango. Nik amets egiten dudanean horrela imajinatzen dut etxea, alaia, koloretsua… zoriontsua naiz hemen. Zuk grisa eta tristea ikusten baduzu kolore horiek jartzen dizkiozu zure izaerari.

 

Helenarekin, amets egiteko denbora hartzen nuen, errealitatea beste modu batez ikusten ikasi nuen. Arratsalde asko igaro ditugu batera, astiro, patxadan. Denbora elkarri oparituz, gelditasunean baitago zorionaren gakoa.

 

Nire izenaz harro nago. Ganbarara kaxak igotzera igo nintzen egunetik politagoa iruditzen zait.

 

Ordudanik, etxera iristean, ez naiz bizilagunen etxeetan kuxkuxean ibiltzen, eskailerak arrapaladan igotzen ditut, zoriontasun urrina ganbaratik baitator.

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia