Galtzagorri Elkartearen webgunea

2010

AzterketaIgeltxo

Orain kontatu behar dizuedan istorioa duela bi aste gertatu zen. Ane denboraldi txarra pasatzen ari zen; bere gurasoak banandu berri zeuden, eta bere amona orain dela gutxi hil zen, eta gainera ostiral horretan beste albiste txar bat eman zioten, astelehenean azterketa zuen! Eta Vinilorekin!

Ez zekien zer egin, eta buruan zuen kakanastearekin hiru gauza egin zitzakeen: arazoetaz ahaztu eta ikasi, kopiatu edo azterketaren emaitzak lortu. Hasieran arazoak ahazten saiatu zen ikasteko, baina ezin izan zuen, eta buelta asko eman ondoren eskuan azterketaren emaitzak idaztea pentsatu zuen, baina beldurra zuen ea bere amak harrapatuko zuen eta eskuak garbitu araziko zizkion, Vinilok ere beldurra ematen zion, harrapatzen bazuen azterketa kendu eta “0” bat jarriko baitzion, eta orduan bere aitak ez zuen udan itsasontzian eramango. Azkenean emaitzak eskuan idatzi zituen, eta bere amak ez ikusteko eskularruak jarri zituen, nahiz eta udaberriko egun epel bat izan. Baina, gosaltzera jaitsi zenean, bere ama harritu egin zen:

-Baina, Ane! kendu eskularruak oraintxe bertan!

-Ama! ez dut nahi! Hotza dut!

-Orduan gaixo egongo zara, itxaron termometroaren bila noa...

-E… ama, oraintxe gogoratu naiz, Iratirekin geratu naiz eta presa dut, agur!

-Itxaron, itxaron! Ter-mo-me-tro-a…

Etxetik irten zenean, Irati, noski, oraindik ez zen iritsi eta Ane kale izkinean jarri zen berari itxaroten eta, bitartean, eskuan zuena errepasatzen hasi zen:

-Ramapithecusa duela 10 milioi urte bizi izan zen, Australopithecusa... Epa Irati! Bagoaz?

-Bai, noski, goazen!

Bidean errepasatzen joan ziren, Iratik buruz zekien eta Anek eskutik irakurtzen zuen.

Gelara heldutakoan, Ane oso urduri jarri zen eta, ondorioz, eskuak izerditan hasi zitzaizkion eskularruen barnean. Vinilok azterketak banatu eta Ane eskularruekin ikusterakoan zerbait susmatu zuen eta berari begira geratu zen. Ane, bien bitartean, ezin zen geldi egon, ipurdian txintxetak balitu bezala, eta tripan korapilo bat sentitzen ari zen. Eskularruak kendu zituenean, izerdiaren erruz erantzunak desagertu egin zirela ikusi zuen eta, horrek, Ane oraindik ere urduriago jarri zuen; Vinilo, ordea, lasaitu egin zen bere susmoak ez zirela egia ikustean, baina Anek urduri jarraitzen zuen… zer egingo zuen orain?

Hasieran bere burua lasaitzen saiatu zen eta, pixka bat lasaitu zenean, lehenengo galdera irakurri eta erantzuna bazekiela konturatu zen, erantzun, eta hurrengo galdera irakurri zuen eta erantzuna bazekiela ere ohartu zen, horrela beste erantzun guztiekin. Bukatu zuenean lasai Vinilori eman eta eskuan idazterakoan eta Iratirekin errepasatzerakoan erantzunak buruan geratu zitzaizkiola konturatu zen.

Ordutik aurrera Anek ez zituen berriz ere emaitzak eskuan jarri, ez ezabatu egiten zirelako, baizik eta ez zuelako merezi, zeren eta idazterakoan ikasi egingo zuelako, edota, bestela, Iratirekin errepasatzerakoan ikasiko zuelako.

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia