Bazen behin Juantxo izeneko mutiko alper bat. Bera inor baino lasaiago bizi zen eta gauza guztiak azken unerako uzten zituen. Ikastolan ez zebilen batere ondo, noski, nola joango zen ba ondo saiatu gabe? Azterketa guztietan gutxi ateratzen zuen eta berari gutxien gustatzen zitzaion ikasgaia Historia zen, asko ikasi behar zuelako eta irakaslea, "Vinilo", oso zorrotza zelako.
Egun batean amak galdetu zion, Juantxori:
-Seme, gustatuko ahal zitzaizun asteburu batean zu, ni eta aita eskiatzera joatea?
Eta Juantxok pozaren pozez hauxe erantzun zion:
-Ama niri gero, broma gutxi eeeeee?
-Ez, Juantxo, ez da broma, izan ere aitaren lankide batek Jacan etxea erosi du eta esan dio utziko diola asteburu bat pasatzeko. Eta orduan pentsatu dugu zuri galdetzea ea joan nahiko zenuen -jakinarazi zion amak.
-Eskerrik asko, ama, azkenean jakingo dut zer den eskiatzea, nire lagunek hainbeste bider komentatzen duten hori zelakoa den -esan zion.
Astebete pasatu zen eta heldu zen joateko eguna. Denak ari ziren maletak prestatzen eskiatzera joateko. Bukatu zutenean eta autoan jarri zirenean, amak Juantxori tratu bat eskeini zion, ikastolan gehiago saiatuko zela eta azterketetan ez zuela GUTXI gehiago aterako. Juantxok zin egin zion azterketetan ez zuela gutxi gehiago aterako.
Pasatu zen asteburua eta hurrengo egunean Juantxo inoiz baino alaiago joan zen ikastolara lagunei dena kontatzera.
-Badakizu astebukaeran eskiatzen egon naizela? Bai super ondo ibili naiz -esan zien lagunei harrokeria puntu txiki batekin.
-Bai Juantxo, ni ere hurrengo astebukaeran noa eskiatzera -erantzun zion berak esandakoari garrantzia kendu nahian.
Berriketan ari zirela Vinilo irakaslea sartu zen:
-Bihar Historiako azterketa duzue! -berria eman eta alde egin zuen.
Juantxo, albiste txar hura entzun ostean, estutu egin zen eta esan zion bere buruari:
-Amari zin egin nion azterketetan saiatuko nintzela eta azterketa hau zailenetarikoa da. Zer egingo dut? -galdetzen zion bere buruari behin eta berriz.
Klaseak bukatu zirenean, Juantxok korrika etxera alde egin zuen.
Etxera heldu bezain pronto amak galdetu zion:
-Arratsaldeon, Juantxo, zer ondo ikastolan?
-Bai, bai, ama, denei esan diet eskiatzen egon naizela -Juantxok disimulatu nahian amari arraro erantzun zion.
Gero, askaria jan zuenean, bere logelara joan zen buruari buelta gehiago ematera. Ordubete eta erdi pasatu ondoren Juantxok hiru aukera aurkitu zituen:
-Lehenengoa, azterketa ondokoari kopiatzea, baina Vinilo maisu izanda ez zen batere erraza kopiatzea, oso adi egoten baitzen.
-Bigarrena, azterketa eta erantzunak lortzea, hau zen egokiena, baina nola lortuko ote zituen?
-Eta hirugarrena, ikastea eta noski gaueko hamarrak izanik nola ikasiko zuen ba.
Berak erabaki zuen egokiena azterketa eta erantzunak lortzea zirela eta horretan hasi zen. Aurreko mailakoen azterketak zeuden web orriko helbidea lortu zuen bere lehengusuari deituta. Beraz, helbidea izanik sartu zen web orrian. Hasi zen begiratzen eta bat-batean tok-tok entzun zuen atearen bestaldetik. Ama zen eta, zer egin asmatu ezinik, ordenagailua itzali zuen eta koadernoan ariketa bat egiten hasi zen.
-Juantxo, ohera sartzeko garaia da, sartu orain ohera eta bihar goizean goizago esnatuko zara -aholkatu zion amak.
Eta Juantxok, amari kasu egiten ziola adierazteko, ohera sartzeko plantak egin zituen. Ama joan zenean, altxatu beharrean, ohean seko geratu zen. Iratzargailurik jarri gabe eta ezer egiteke.
Hurrengo goizean, Juantxo amak esnatu zuenean, izugarrizko sustoa hartu zuen bere Historiako azterketarekin gogoratu baitzen. Gosaldu eta korrika ikastolara aldegiteko denbora justua zeukanez ezin izan zuen web orria ikusi eta orduan ez zeukan ez azterketa eta erantzunak eta ezta ezer ikasia.
Beraz, han joan zen ikastolara lasterka inoiz baino urduriago bere Historiako azterketa horretan pentsatuaz.
Heldu zen Vinilo eta denborarik galdu gabe hasi zen Historiako azterketa zail haiek banatzen.
Juantxorengana iritsi zenean esan zion:
-Ez baduzu ikasi jai daukazu!
Hori entzunaz batera, Juantxo oso urduri sentitu zen ez baitzuen ezer ikasi eta are okerrago klasean ez baitzen batere adi egon.
Pasatu ziren lehen bost minutuak eta Juantxok azterketa zuri zeukan. Ez zeukan beste erremediorik kopiatzea baino. Eta Juantxo saiatu zen kopiatzen bere aurrekoari baina han zen Vinilo bere begi zorrotzekin:
-Aizu, Juantxo, nirekin gero kontuz e? Bestela azterketa kenduko dizut -abisatu zion Vinilok. Juantxo pixka bat bildurtu egin zen.
Juantxo alperra zen, baina ez inozoa, buruz oso argia zen. Beraz bere buruak ideia bat eman zion:
-Zergatik ez dut boligrafoa lehertzen azterketa gainean, horrela azterketa guztia guztiz zikinduko da eta ez da ezer ikusiko.
Juantxori ideia borobila iruditu zitzaion eta buruak esan bezala boligrafoa lehertzen hasi zen. Azterketa amaitzeko hiru minutu falta zirela hantxe azterketaren gainean lehertu zuen boligrafo beltza eta pentsatu bezala ez zen ezer ikusten.
-Ai, baina zer gertatu zaio nire boligrafo kutunari -adierazi zuen ezer jakingo ez balu bezala.
Imajinatu, Vinilok ere amua barru-barruraino irentsi zuen. Komunera joaten eta dena utzi baitzion.
Azterketatik libratu zen, baina ez amaren errietatik, izan ere arropa guztia goitik behera beltzez zikindu baitzuen.
Etxera heldu zenean, amaren errieta entzun ostean, pentsatu zuen hurrengorako errazena, hasieratik ikastea zela eta horrela egin zuen handik aurrera eta ez zuen azterketa bat bera ere suspenditu.
"Eta zuek badakizue JUANTXORI gertatu zaiona ez gertatzeko, aurrez ikasita eduki!"
atzera