Galtzagorri Elkartearen webgunea

2010

Oinarriak

Norentzat

Lehiaketan parte hartzerik izango dute Gipuzkoako ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ikasleek.

Sailak

Lehiaketak bi sail izango ditu: narrazio laburrak eta poesia. Ikasle bakoitzak gehienez lan bana aurkez dezake sail bakoitzean. Narrazio laburretan gehienez 3 orrialdeko (6.000 bat letragune) lanak onartuko dira. Poematan, gehienez 90 lerroko lanak.

Kategoriak

Lehiaketaren sail bakoitzean bi kategoria bereiziko dira: A kategoria, DBHko lehen zikloko ikasleena; B kategoria, DBHko bigarren zikloko ikasleena.

Gaiak

Aurkeztutako lanek bukaeran proposatzen diren gai edo esaldiak izango dituzte oinarri. Esaldi horiek azken urteetan euskal gazte literaturan argitaratutako liburuetan dute jatorria.

Lanak aurkezteko era

Lehiaketan parte hartzeko idazlanak ikastetxeak aurkeztu behar ditu, ikasleen izenean. Ikasgela bakoitzetik gehienez 5na idazlan onartuko dira sail bakoitzean. Idazlanak aurkezteko epea 2010eko otsailaren 1ean amaituko da. Lan guztiak goitizen batez izenpetuko dira, baina bidaltzerakoan egilearen izen-deiturak, ikastetxearen izena eta ikasmaila ere azaldu behar dira. Datu horiek isilpean gordeko dira sarien erabakia aditzera eman arte. Idazlanak posta elektronikoz bidali behar dira helbide honetara: idazlegaztea@idazlegaztea.org

Hautapena

Jasotako lan guztien artean hautapen batzorde batek 10 lan onenak hautatuko ditu sail eta kategoria bakoitzean. Eta horien artean, 3 lan irabazleak ere aukeratuko ditu hautapen batzorde horrek.

Bozketa

Batzordeak hautatutako 10 lanak Idazle Gaztea Elkartearen web orrian agertuko dira (www.idazlegaztea.org) 2010eko martxoaren 8tik aurrera. Webean sartzen diren irakurleek botoa emanez kiniela batean parte hartuko dute: bertan, kategoria bakoitzeko 10 lan hautatuen artean euren ustez irabazleak direnen alde bozkatuko dute. Pertsona bakoitzak kiniela bakarra osatzeko eskubidea izanen du, 2010eko maiatzaren 15a bitartean.

Sariak

Idazleentzat: lehiaketako sail eta kategoria bakoitzean sari nagusi bat eta bi sari osagarri izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak emanak. Saridunak 2009ko ekainean jakinaraziko dira «Liburu eta Idazle Gaztea» programaren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egingo den sari banaketa ekitaldian. Irabazleen lanak Galtzagorriko web gunean argitaratuko dira.

Irakurleentzat: kiniela asmatzen duten irakurleen artean hiru liburu-disko sorta (3 liburu eta 3 CD) zozketatuko ditu Galtzagorri Elkarteak.

Eskubideak

Lehiaketa honetan parte hartzen duten egileek Galtzagorri Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku uzten dituzte lanak argitaratzeko eskubide esklusiboa, modalitate guztietan eta sei hilabeteko epean.

Gaiak

2010eko Idazle Gaztea lehiaketara aurkeztuko diren lanek (narrazio labur zein poesiek) honako gai edo ideiak izan beharko dituzte oinarri:

1.- "Astronauta ona izango nintzateke, nik uste. Astronauta ona izateko, argia izan behar duzu, eta ni argia naiz". (Txakurrari gauena gertatutako istripu bitxia. Mark Haddon. Igela)

2.- "Joaten banaiz,

dena atzean uzten dut;

gelditzen banaiz,

dena atzeratzen dut".

(Ilargia ezpainetan. Juan Kruz Igerabide. Erein)

3.- "Gelditu autoa. Usaintzen al duk? Hemen zoriontasun urrina zagok, Grezian gaudek. Jendea geldirik zagok, astia hartzen ditek gu pasatzen ikusteko. Arnasa hartzen ditek. Konturatzen al haiz, Momo, nik bizitza osoan lan asko egin diat, baina oso astiro, patxadan. Ez nian buruketarik egin nahi, ez nitian bezeroak desfilatzen ikusi nahi, ez horixe. Gelditasuna, horra hor, Momo, zoriontasunaren gakoa. Zer egin nahi duk handitan?". (Ibrahim Jauna eta Koranaren loreak. Eric-Emmanuel Schmitt. Patxi Zubizarretak itzulia. Erein)

4.- "Abiapuntua munduko albisterik txarrena izan zen: astelehenean historiako azterketa Vinilorekin!

Azterketa edukiz gero hiru aukera daude. Lehenengoa: kopiatzea. Bigarrena: azterketa eta erantzunak lortzea. Hirugarrena ikastea da". (Pol eta Val. Josetxo Orueta, Joxean Sagastizabalek itzulia. Pamiela.)

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia