Egunen batean aldatuko da, egunen batean hau dena iragan ilun eta ahaztu batean bihurtuko da, egunen batean bai …
Hogeita hamabi urte dauzkat eta azken aste hura amaigabea eta jasanezina iruditu zitzaidan.
Beti izan naiz alaia, baikorra, beti aurrera begira, besteei laguntzen …
Baina, hiru aste, hiru aste besterik ez dira behar izan nire amets guztiak zapuzteko, nire barne estruktura guztiz puskatzeko, nire pentsaera ameslaria globo baten antzera ziztatu eta guztiz huts eta ximel gelditzeko … bost urte besterik ez …
Ez dakit nola esan, ez dakit nola hasi, baina okerrena da; badakidala nola amaitu …
… … … … … … … … … … … … …
- Mugi Jon! Esnatzeko ordua duzu!!- esan nion erdi kantari ahots goxo eta maitagarriz.
- Eta Mikel zer?- galdetu zidan ahots lokartu batekin, izan ere, berak goiz jaiki behar bazuen, bere anai txikiak ere bai noski!!
- Dagoeneko gosaltzen ari da … - jakinarazi nion nik gelatik urruntzen nintzen bitartean.
Eta jakina, hori entzundakoan, jauzi batekin izara haietatik guztietatik ihes egin eta korrika batean sukaldera joan zen, bere eserlekuan jarri eta:
- Ama! Mikelek nire gaileta guztiak jan ditu!!
- Gezurra ama! Ez ziren bere gailetak!!
Bi anaiak begirada bihurri eta zirikatzaile bat aldatu zuten beren artean, mahai azpitik, lurra ukitzera iristen ez ziren oin hutsekin, elkar- joka hasi aurretik.
Bat-batean, ordea, sukaldetxo umil hartan, magiaz bezala, bakea eta isiltasuna nagusitu zen. Noski, aita zen, nire senarra, etxe hartako nagusia … Baina berdin zitzaidan berak edukitzea ia aginte osoa, oso maitatua sentitzen nintzen leku hartan, izan ere, semeen eta senarraren maitasun itzela jasotzen nuen.
- Egunon … - esan zuen ahots gogor batekin nire bizitzako gauzarik ederrena ziren bi haurrei begira, ondoren niri begiratu zidan eta bekain bat altxatuta zuen erantzun baten bila, nik buruarekin ezetz esan eta irribarre bat bota nion, garrantzizko ezer izan ez zelakoan.
Senarra mahiburuan eseri zen, betiko moduan, eta nik ogi xerra pare bat eta kafesnea jarri nizkion parean, hau ere betiko moduan, orduan berak gerritik heldu eta bere muxu goxo horietako bat eman zidan belarriaren atzealdean. Umeak begira gelditu zitzaizkigunez nire lanarekin jarraitu nuen eta bera gosaltzen hasi zen.
- Ama gogoratu gaur Gorputz Heziketa dudala. Beraz, ez eman edozein arropa!!
- Bai, Jon. Gogoan dut lasai.
- Ama eta nik plastikarako kamiseta zahar bat eraman behar dut.
- Bai, Mikel. Hori ere gogoan dut laztana.
Bioi arropa egokia atera ondoren, sukaldea jasotzera joan nintzen. Senarra dutxan zegoen jada. Beraz, umeei hamaiketakoak prestatzeari ekin nion.
- Agur amatxo!!
- Agur maiteak!
- Agur Ixi!
- Agur laztana!
Kito! Bakarrik, guztiz bakarrik oraingoan.
Etxea isil-isilik zegoen, salara gerturatu nintzen, atea zabaldu eta sofa bigun eta zoragarri hura ikustean, ezin izan nion tentazioari aurre egin. Beraz, bertan eseri nintzen, besoak zabaldu eta burua atzeraka bota nuen. Isiltasunaz gozatzen nuen bitartean, zein zoriontsu nintzen pentsatzen hasi nintzen; senar liluragarri bat nuen, Agustin, gehiegi maite genuen elkar, ikusi nuen lehenengo egunetik, zeharo maitemindu nintzen, zazpi urte luze generamatzan elkarrekin eta egunetik egunera gehiago maite nuen! Gero Jon eta Mikel zeuden; gure bi semetxoak. Jonek sei urte zeuzkan, luzea eta argala zen eta beti eduki zituen arazoak ikastolan, bai lagunak egiteko garaian edo bai irakasleekin hitz egitekoan ere, izan ere, dena bere barnerako gordetzen zuen, ez zeukan bere arazo eta sentimenduak kanpora ateratzeko gaitasun handiegirik. Mikel, aldiz, guztiz bestelakoa zen. Lau urte zituen, baina oso heldua zen zuen adinerako. Lagun pila zituen, oso irekia zen eta ez zuen inoiz inolako arazorik eduki harremanetarako. Gainera, nahiz eta gaizki egon nik hau esatea, Mikel Jon baino askoz politagoa zen. Hala ere, nire bi mutikotxoak ikaragarri maite nituen, eta beraiek ni ere bai.
Nahiko denbora igaro zelakoan, sofatik altxa eta lanean jarri nahi nuen. Altxatzeko indarra egiten nuen, baina alferrik. Gorputzeko muga guztiak lokartuta neuzkan, inurritasun arraro bat sentitzen nuen beso eta hanketan zehar. Denbora inoiz baino mantsoago igarotzen ari zen, izerdi patsetan, negar malkoez blai, altxatu nahian, baina ezin.
Umeak ikastolako jantokian gelditzen ziren, beraz, senarra bueltatu arte egoera etsigarri hartan egon beharko nuen.
Erabat inurritutako atalak sentitzen hasi nintzen nahiz eta oso ahul egoten jarraitu.
“Aleluia!” sarrerako atean giltzen soinua nabari nuen. Nire senarra, eta aldi berean nire salbazioa, etxean zeuden jada.
Ni dagoeneko zutitzeko ahaleginetan nengoen, oso zurbil, eta blai, guztiz blai. Senarrak egoera hartan ikusi ninduenean, korrika batean hurbildu zen. Bere besoen babesean berriro ere sofara hurbildu ninduen. “Ez, ez!! Berriro horra ez!” pentsatu nuen nire barnerako. Ez nuen berriro ere nire izerdi eta malkoez bustitako sofa ilun hartara bueltatu nahi. Begiratze hutsak klaustrofobia sakon batean erortzea zekarren niretzat momentu horretan; itota sentitzen nintzen, norbaitek lepoaren inguruan soka bat jarri eta tiraka ibiliko balitzaidan. Pertsiana guztiak itxita zeuden, beroa sentitzen nuen, itsaskorra nengoen. Garrasi egin nahi nuen, bertan eseraraztea eragotzi. Baina, nire gorputzak ez zuen erantzuten. Ni lasaitzeko saiakerak huts egin eta konbultsio-natzen hasi nintzen.
Hori infernua zen. Beno, egia esateko, infernua ez zen hasi ere egin … oraindik … …
- Itziar Uranga?
Senarrak bi besoetatik heldu eta kontsultan sartu ninduen. Atzeko begi guztiak nire bizkarrean sartuta sentitu nituen, baina momentu hartan ez zitzaidan batere axola.
Kontsulta hartan sartu eta guztiz fortzatutako irribarre tamalgarri bat zeukan emakume bat aurkitu nuen. Bere parean eseri eta arazoak genituela jakinarazi zidan. Hitzik esan gabe, begirada xume batekin. “Garunean tumore bat ageri da egindako eskanerrean” izan zen trikimailu psikologiko ugariz betetako ordu erdi luze hartatik atera zitekeen laburpen zuzenena. Gela bi isiltasunetan banatuta gelditu zen; inpotentzia, mina, urduritasuna, etsipena … zeuden alde batetik, eta bestetik, bestetik shock egoera, ezer gehiago ez, dena zuri eta garbi ikusten nuen, dena lasai. Informazio hura jaso eta ulertzen nion heinean, film ugari etorri zitzaizkidan burura, eta horrekin batera, nire bi semeak …
Baina ez nuen tristura sentitu, indarra baizik. Bi txikitxo horiengatik edozer egiteko gai nintzen eta minbizi bat gainditu behar banuen, egingo nuen!!
Hurrengo bi asteetan indartsu eta bizitzeko gogoz sentitzen nintzen; goizetan kantari jaiki, sekulako gosariak prestatu, erosketak egin, etxea txukundu … Inoiz baino hobeto sentitzen nintzen, borrokarako gogoarekin.
Nire bizitasun hura, astebete hutsean, nire urrezko ile kizkurraren moduan desagertu zen:
Astelehena, otsailaren 5a
Goizeko seietan sekulako buruko minarekin esnatu eta botaka hasi nintzen, gelditu gabe, garrasi eta negarrekin batera. Medikuak esan bezala, nire senarrak ziztu bizian 112ra deitu eta anbulantzian eraman ninduten ospitalera. Bertan igaro nuen egun guztia.
Asteartea, otsailaren 6a
Kimioterapiako saioa nuen berez, baina analisiek ez zidaten utzi saioarekin aurrera jarraitzen, eta lehengo egunean baino hobeto nengoenez, etxera bidali ninduten. Egun hori buruko min izugarriarekin, ohean sartuta, gela guztiz ilun, argi izpirik bakar bat ere gabe, erabateko isiltasunean. Senarrak Jon eta Mikel mendira eraman zituen kometa pare batekin eta bakarrik nengoen, lasai eta bakarrik.
Asteazkena, otsailaren 7a
Zentzurik gabeko gauzak esaten hasi nintzen eguerdi aldera, nire semeei garrasika, lurrera bota eta konbultsionatzen jarri nintzen. Berdez jantziriko gizon batzuek besoetan hartu eta anbulantzian sartu ninduten, dagoeneko hain ezaguna nuen anbulantzia hartan. Bertan emakume baten hots liluragarria da azkena gogoratzen dudana: “Pilar dut izena, medikua naiz eta lagundu egingo dizut.” Hain garbi, hain lasai eta hain sendo esan zizkidan hitz haiekin batera, begiak itxi eta seko gelditu nintzen.
Ostirala, otsailaren 9a
Asteazken eguerditik ostiral ilunabarreraino drogatuta eduki behar izan ninduten. Begiak ireki eta nire senarra aurkitu nuen nire ondoan, kablez betetako nire esku hotz eta ahula bereen artean zeukalarik ohe ondoko aurki batean eserita. Ez genuen hitzik esan, nik munduko esfortzu guztiak egin nituen gizon zoragarri hari irribarre bat eskaintzeko eta berak negar malko batekin erantzun zidan. Bertan igaroko nituen larunbat eta igande osoa.
Azkenean bakarrik gelditu nintzen. Nire senarra joan zenean, etxean egondako azken eguna gogoratzen saiatu nintzen, orduan izan zen nire bi semetxoen aurpegi izutuak ikusi nituen momentua, biek elkarrekin, inoiz egon ez ziren moduan, baina izututa, haserre, ezin ulertuz inola ere beren amatxori gertatzen ari zitzaiona. Momentu hartan, etxeko sofan edukitako sentsazio klaustrofobiakoa berriro agertu zen, begiak itxi eta ahal nuen moduan gaineko maindire guztiak lurrera bota nituen, airearen freskura sumatu nahi nuen, baina ezin. Dena zegoen hain ilun, dena hain triste …
Buruko min izugarria sortu zitzaidan bi segundoren baitan, izerditan nengoen eta ez nuen gorputzeko atal bakar bat ere sentitzen. Gainera, indarrik gabe, ahul, ezin jan, ezin edan, ezin zutitu, ezin ibili, ezin nire sendiarekin egon, ezin … ezin ezer egin. Ezin nuen ezta komunera joateko altxatu ere, umilgarria zen egoera, ez hori baino okerrago, etsipenak garaitutako egoera zen hura.
Joaten banaiz, dena atzean uzten dut; pairamendu pairagaitza, inpotentzia ikaragarria, semeen begirada ximenduak, senarraren malko izoztuak …
Gelditzen banaiz, dena atzeratzen dut, dena luzatzen dut.
Egoista sentitu nintzen, momentu hartan ez nuen gehiago borrokatu nahi, dena bertan behera utzi eta joan egin nahi nuen, urruti, gaixotasun nazkagarri hura existituko ez zen lekuren batera, bakean egon nahi nuen, orduantxe eta betiko. Hiru aste besterik ez ziren igaro eta borrokatzeari utzi nahi nion, jada ez zuen ezertarako balio nire bi maiteek emandako indarrak, jada ez. Ezerk mundu honetan ezin zidan lagundu, medikuek ez zidaten konponbiderik proposatzen, ebakuntzan ez nuela inolako aukerarik edukiko eta aurrera jarraitu behar nuela kimioterapiako saioekin, borrokatzen jarraitu. Baina ez, nik ez nuen nahi, ez nintzen gai.
Ohetik altxatu, kable haiek guztiak pentsatu ere egin gabe gainetik kendu eta leihoa zabaldu nuen, orduantxe hainbeste denboran miran edukitako haize hotz hura sentitu nuen. Zerura begiratu eta dena ilun zegoen, ez zen ilargirik ageri, bilatu eta bilatu, baina alferrik. Halako batean izartxo txiki batekin egin zuten topo nire begi itzaliek, pozik begiratu nion argi bolatxo hari.
- Barkatu … - esan nuen nire familiagan pentsatuz, eta gogotsu, irrika biziarekin jauzi egin nuen ospitaleko seigarren pisu hartatik. Leihotik lurrerainoko tarte hartan zoriontsu izan nintzen, libre sentitu nintzen. Dena amaitu zen, nire sufrimendu hura, behin-betiko eta egiatan, amaitu egin zen.
atzera