Galtzagorri Elkartearen webgunea

2010 | Irabazleak

Astronauta izan nahi dutNerea Mugika

Txikitatik interesatu izan zaizkit astronautak. Gogoan dut sei urte nituenean entzun nuela gizon batzuk ilargian izan zirela, eta harrezgero, nik ere gizon haien modukoa, hau da, astronauta izan nahi nuen.

Gurasoek sarritan galdetzen zidaten ea zer izan nahi nuen handitan, eta nik beti berdina erantzuten nien: astronauta izan nahi nuela, eta planeta berriren bat aurkitu, edota izar bat ukitu. Gurasoek bazekiten ezinezkoa zela, baina nik nire ametsa egia bihurtuko zela esaten nien.

Ahala, nire astronautei buruzko jakinmina asetu nahian, zortzi urte betetzerakoan astronomiari buruzko liburu lodi bat oparitu zidaten. Handik aurrera, egunero orrialde bat irakurtzen nuen, eta ondoren, orrialde hartan jartzen zuenari buruzko laburpen bat egiten nuen, irakurri nuena buruan sartzeko.

Ni oso gustura egoten nintzen astronomia ikasten, nire lo-gelan sartuta. Batzuetan, astronauta nintzela jolasten nuen nire belusezko hartzatxoarekin, hau estralurtar bat zela imaginatuz. Nire lo-gela ere urdin ilunez pintatu genuen, izartxo txiki-txikiz betea. Horrela, espazioan nengoela imaginatu ahal izaten nuen nahi nuenean. Gelako hormetan, planeta desberdinen posterrak neuzkan, eta baita astronomo ezagunen argazkiak.

Hainbeste murgildu nintzen astronauten munduan, nire denbora libre guztia liburua irakurtzen edota laburpenak egiten pasatzen nuela, kalera irten gabe, eta horrek nire gurasoak kezkatu zituen.

Edozer gauza egiten zuten ni kalera irteteko, edota astronomiari buruzko liburua alde batera uzteko, baina nik ez nien kasu zipitzik ere egiten, eta nire gelan pasatzen nuen neukan denbora libre guztia.

Azkenean, nirekin hitz egitea pentsatu zuten. Beraz, larunbat goiz batean, Saturnori buruzko laburpena egiten nenbilela, gurasoak nire gelako atera deitu zuten. Nik barrura sartzeko esan nien, eta bien aurpegiera serioa ikusita, beldurtu egin nintzen.

-Zertara etorri zarete? Zerbait txarra gertatu al da? – galdetu nuen.

-Leire, zurekin hitz egin behar dugu, kontu serio bati buruz. – azaldu zidan serio amak. Ondoren, aitak hartu zuen hitza, eta esan zidan:

-Begira Leire: oso ongi iruditzen zaigu zuk astronauta izan nahi izatea, eta asko pozten gara oparitu genizun astronomiari buruzko liburutik asko ikastea, baina… Nahikoa dela iruditzen zaigu.

-Zergatik? – galdetu nuen kezkatuta.

-Begira, oraindik oso gaztea zara etorkizunean zer izan nahi duzun erabakitzeko, eta iritsiko zaizu astronomia edo beste gairen bat serioski ikasi behar duzun garaia, baina orain ez. Bederatzi urte dituzu, eta zure adinean lagunekin egotea da garrantzitsuena, ez astronomia ikastea. – jarraitu zuen amak.

-Horregatik – hitz hartu zuen aitak – amak eta biok zure liburua kentzea izango dela egokiena pentsatu dugu.

-Zer?! Hori ezin didazue egin! – oihu egin nien aserre.

-Baina Leire, zure onerako da! Ez daukazu lagun bat bera ere, eta lagunak edukitzea munduko gauzarik ederrena da! Gainera, orain daukazu lagunak egiteko aukera, ez gure adina daukazunean! – adierazi zidan amak.

Ondoren, aitak Saturnoren orrialdean irekita zegoen liburua itxi, eta besapean gorde zuen. Hori gehiegizkoa izan zen niretzat, eta zer esaten nuen jakin gabe, hau oihukatu nuen:

-Ez da bidezkoa!! Gorroto zaituztet!!

Gurasoei izugarrizko mina egiten zieten ni hala ikusteak, baina nire onerako egiten zuten. Nik ordea, ez nuen hori uste eta ohean etzan nintzen negar batean.

Zertarako behar nituen nik lagunak? Nik astronauta izan nahi nuen, besterik ez! Lagunek ez zidaten ezertan lagunduko astronauta izaten, eta gainera amak ez zuen arrazoirik: ez nintzen gazteegia etorkizunean zer izan nahi nuen erabakitzeko. Bederatzi urte nituen eta bazen garaia etorkizuna erabakitzen hasteko.

Pentsamendu guzti horretan galduta nengoela, loaren beso goxoetara erori nintzen, begiak malkoz bustirik nituela.

Esnatu nintzenean, arratsaldea zen. Lehotik begiratu nuen, eta izugarrizko eguzkia zegoela ohartu nintzen. Leihoa ireki, eta tenperatura epel goxo bat zegoela nabaritu nuen. Asko pentsatu gabe, arropa erosoak jantzi eta gurasoei ezer esan gabe, etxetik irten nintzen.

Bizi nintzen herria oso txikia zen, baina niri erraldoia iruditzen zitzaidan, soilik eskolarako edota hondartzarako bideak ezagutzen bait nituen. Entzunda nuen oso parke polit bat zegoela herrian, eskolatik oso gertu. Beraz, etxeko lorategia zeharkatu, eta eskolako bidea hartu nuen.

Eskolara iritsi nintzenean, eskuinera jo nuen, eta segituan, parkeko ate handiak agertu zitzaizkidan begien aurrean. Oso toki handia eta polita zen, belar berde mordo batez osatua.

Pozik, parkera sartu nintzen. Banku asko zeuden harrizko bide ertzeetan, eta haien atzean, zelai berde ikaragarriak. Zuhaitz sendo baten itzalpean zegoen banku batean eseri nintzen, zer egin ez nekiela.

Orduan, gurasoek astronomiaren liburua kendu zidatela gogoratu, eta negar batean hasi nintzen. “Inork ez nau maite! Ez dut lagunik eta gurasoek ez naute maite!” pentsatu nuen negar zaratatsuen artean. Orduan, nire aurrean ahots bat entzun nuen. Burua jaso, eta nire ikasgelako neska bat zela ohartu nintzen.

-Zer gertatzen zaizu? – galdetu zidan.

Nik ez nekien zer esan, eta isilik gelditu nintzen, neskari begira. Miren deitzen zela uste nuen…

-Barkatu, baina zer duzu? Zergatik zeunden negarrez? – jarraitu zuen neskak. Nik erantzun ahal izan baino lehenago, beste ahots batzuk entzun nituen, eta ikasgelako beste neska mordoa agertu ziren nire aurrean, denak galdera bera eginaz:

-Zer duzu? Negarrez al zeunden? Zu gure ikasgelako Leire zara!

Ni harrituta nengoen. Neska guzti haiek bazekiten nire izena! Bazekiten beraien ikasgelan nengoela! Nik uste nuen inork ez zekiela nor nintzen, ez bait nuelako beraiekin inoiz hitz egin. Baina, ez zen horrela.

-Mesedez, erantzungo ahal diguzu? Ezagutzen gaituzu, zure gelako neskak gara! – esan zidan neska batek, jator. Orduan, dena kontatzea erabaki nuen, asko pentsatu gabe. Neska guztiak adi-adi entzuten zeuden, eta horrek hunkitu egin ninduen, ni axola nintzaiela esan nahi bait zuen horrek. Kontakizuna amaitzerakoan, denak isilik gelditu ziren, baina segituan hautsi zen isiltasuna, batek esan bait zuen:

-Hori ez da bidezkoa! Zuk zeure ametsak eduki zenezake, inork zuri bidea moztu gabe!

-Lasai Leire, aurkituko dugu irtenbide bat – jarraitu zuen beste batek.

-Aizue, baina… Oso eguraldi ona dago! Joango al gara parke atzeko ibaira harri politak jasotzera? – proposatu zuen neska batek, eta denak ados jarri ziren. Neska guztiak, ibaira joaten hasi ziren, ni kenduta. Ni bankuan eserita gelditu nintzen, ez nintzelako neska-talde horretakoa. Baina inor ez zen ahaztu nitaz, eta neska batzuen artean, eskutik heldu eta beraiekin joateko esan zidaten.

Parke atzean ur gardeneko ibai bat zegoen, nahiko zabala.Harri mordoa zegoen, kolore desberdinetakoak, eta ez zegoen beste pertsona bakar bat ere. Ibai guztia geurea zen.

Harriak jasotzen hasi aurretik, neska guztiak aurkeztu zitzaizkidan. Hamabi ziren, baina denen izenak segituan ikasi nituen, eta ondoren bai, harri politak biltzen hasi ginen.

Oso pozik nengoen neska haiekin, eta denentzako harri polit batzuen bila hasi nintzen. Bat-batean, ibai erdi inguruan, harri zoragarri pila bat ikusi nituen, eta asko pentsatu gabe, prakak goratu eta hankak uretan sartu nituen. Ura belaunetaraino iristen zitzaidan, baina korronte handia zegoen, eta ur gardenak bultza egiten zidala ematen zuen.

Kostata baina iritsi nintzen harriak zeuden tokira. Eskua luzatu, eta hamabi harri txiki zuri hartu nituen. Hainbeste harrirekin eskuan, bat uretara erori zitzaidan. Hau jaso nahian, beste bat jausi zen, eta bi honek bilatu nahian, ni neu erori nintzen. Ur korrontea indartsua zen, eta nahiz eta nik igerian jakin, ezin izan nuen ezer egin korrontearen eskuetatik askatzeko.

Oihu egin nuen, eta neska guztiak ohartu ziren zer nolako larri nengoen. Ondoren gertatu zena, ez dut ongi gogoratzen, ur asko tragatu eta zorabiatu egin bait nintzen.

Esnatu nintzenean, eskuoihal batean bilduta nengoen, eta neska guztiak begirada kezkatuarekin begiratzen zidaten. Begiak ireki nituenean, denak lasaitasunezko asperen bat egin zuten, eta niri besarkatzen hasi ziren.

-Esnatu zara! – oihu egiten zuten batzuk.

-Eskerrak! Ongi zaude? – esaten zuten beste batzuk.

-Bai, baina zer gertatu da? – galdetu nuen.

-Ibaian erori zara, eta korrontea zuri eramaten zegoen. Guk ikusi zaitugu, eta denon artean atera zaitugu uretatik, baina zorabiatu egin zara. Eskerrak ongi zauden! – azaldu zidan Haizeak, ni besarkatuz. Nik besarkada guztiak itzuli nien lagun guztiei, eta ondoren, eskua patrikan sartu nuen, eta bertan aurkitu nituen ibaian hartutako hamabi harri zuri politak. Nolabait, zorabiatu nintzenean zortea eduki nuen eta harriak patrikara erori zitzaizkidan. Neska bakoitzari harri bana eman nion, eta adiskidetasunaren harria zela esan nien. Ondoren, beraiek ere niri bat eman, eta betirako gorde behar genituela adostu genuen, gure adiskidetasunaren harriak izango zirelako.

Ondoren, hotzez dardarka nengoelako, etxeraino lagundu zidaten lagunek. Atarira iristean, munduko neskarik zoriontsuena nintzela sentitu nuen, neska zoragarri haiek nire lagunak zirelako. Txirrina jo nuen, eta gurasoak irten ziren. Asko harritu ziren ni bustita ikustean, baina segituan, nire lagunek dena kontatu zieten.

Segituan ohartu ziren lagunak egin nituela, eta nire aurpegiko zoriontasuna ikustean, nire lagunei esan zien:

-Mila esker Leire salbatzeagatik. Ordainetan, bihar arratsaldean gure etxera askaltzera etor zaitezkete denok. Zer iruditzen?

Nire lagun guztiak oso pozik jarri ziren, eta gonbidapena onartu zuten. Ondoren, niri besarkatu, eta joan egin ziren.

Gurasoekin bakarrik gelditzean, hau esan zidan amak:

-Leire, ikusi dut lagunak egin dituzula, eta horrek asko pozten gaitu aita eta ni. Beraz, liburua itzuliko dizugu, baina hitz eman lagunei garrantzi gehiago emango diezula astronomiari baino. - orduan, liburua itzuli zidaten, eta gurasoen besoetara bota nintzen. Inoiz ez nintzen hain zoriontsu sentitu. Astronauta izan ahalko nintzen, baina aldi berean, lagun zoragarriak neuzkan, bizitza guztirako zirenak. Jadanik ulertu nuen lagunak edukitzearen garrantzia astronomia baino askoz garrantzitsuagoa zela, ezeren gainetik bait zegoen adiskidetasuna.

Adiskidetasunaren harria, nire kaxoi onenean sartu nuen, eta betirako gordetzea hitz eman nion nire buruari. Eta ahala izan zen.

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia