Galtzagorri Elkartearen webgunea

2009

Bazen behinik gabeko sar dadila kalabazankalabaza anderea

-1-

Horrela beharko du ba

hala bazan ta ez bazan,

orain sortuko dudana

sar dadila kalabazan.

Eta polita ez bada

atera dedilla plazan.

Istoria hasi orduko

ordena saltoka dantzan.

Zintzoa gaizto izango den

horixe daukat zalantzan,

koherentzia ezin dut

iñolaz zutikan etzan.

Norbaitek esango al dit

istoriak zertan datzan?

Horrela zentzu pixka bat

behingoagatik har dezan.

 

-2-

Ipuineko pertsonaia

pentsatu behar hasteko,

denbora asko ez daukat

detaileak zehazteko.

Aita izango da baina,

familia babesteko,

beldurrik ez du izango

berea defendatzeko.

Ez eta zahartzen denean

zahartuta ikusteko

bere inguruko denek,

denek baitute maiteko.

Gaueko loa ez du beharko

ametsetan bizitzeko

esna dagoela ere

ametsak ditu beteko.

 

-3-

Entzundako hitz goxoak

gordeko ditu barnean

ta ez ditu aterako

beharrik izan ezean.

Familiaren ondoan

esnatuko da goizean,

txikiei ipuin arruntak

kontatuko iluntzean.

Ta emazte perfektua

utzi gaberik atzean

zoriontsu izango da

duenean pentsatzean.

Baina dena aldatuko da

txarrera egun batean,

gaiztoa bere papera b

etetzen hasten denean.

 

-4-

Gaiztoa izango zuen

gorputzean lehendikan,

kantzerra edukiko du

lanerako irrikitan.

Ta ez du atera nahiko

barrutikan inondikan.

Protagonistak ez dauka

pentsatu beharrik birritan,

borrokatzeko indarra

izango du bizirikan,

aurrera aterako da

izan arren izerditan.

Buruari esango dio

gezurrik gabe egitan:

“zintzoak ez dio izango

gaiztoari beldurrikan!”.

 

-5-

Istorioa zihoan

aurreraka tipi-tapa

baina bukatu nahi nuen

azkar-azkar ta presaka.

Ipuina inolaz ere

ezin nuen guztiz tapa,

ideia denak nituen

aurreraka atzeraka.

Sormenaren hariari

ezin dut segi tiraka,

sentimendu gordinekin

ez baitut egin nahi talka.

Ideiak gida baimenik

gabe dabilzkit bueltaka:

“etzazu aurrera egin”

behin eta berriz esaka.

 

-6-

Gaizki egin nezakeela

zeharo nuen ahaztua,

barkamena hala ere

izan dut lagun prestua.

Desordena usainduta

sentitzen naiz biluztua

ordenarentzat lekua

beti daukat aurreztua.

Gauza bakoitza ez daukat

nahi bezala orraztua,

ta esperantza jaunari

luzatu gabe eskua,

pikutara bidali dut

nire amets amestua:

“Bazen behin”ez bukatzen den

istorio marraztua.

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia