Norentzat
Lehiaketan parte hartzerik izango dute Gipuzkoako ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ikasleek.
Sailak
Lehiaketak bi sail izango ditu: narrazio laburrak eta poesia. Ikasle bakoitzak gehienez lan bana aurkez dezake sail bakoitzean. Narrazio laburretan gehienez 3 orrialdeko (6.000 bat letragune) lanak onartuko dira. Poematan, gehienez 90 lerroko lanak.
Kategoriak
Lehiaketaren sail bakoitzean bi kategoria bereiziko dira: A kategoria, DBHko lehen zikloko ikasleena; B kategoria, DBHko bigarren zikloko ikasleena.
Gaiak
Aurkeztutako lanek bukaeran proposatzen diren gai edo esaldiak izango dituzte oinarri. Esaldi horiek azken urteetan euskal gazte literaturan argitaratutako liburuetan dute jatorria.
Lanak aurkezteko era
Lehiaketan parte hartzeko idazlanak ikastetxeak aurkeztu behar ditu, ikasleen izenean. Ikasgela bakoitzetik gehienez 5na idazlan onartuko dira sail bakoitzean. Idazlanak aurkezteko epea 2009ko otsailaren 2an amaituko da. Lan guztiak goitizen batez izenpetuko dira, baina bidaltzerakoan egilearen izen-deiturak, ikastetxearen izena eta ikasmaila ere azaldu behar dira. Datu horiek isilpean gordeko dira sarien erabakia aditzera eman arte. Idazlanak posta elektronikoz bidali behar dira helbide honetara: idazlegaztea@idazlegaztea.org
Hautapena
Jasotako lan guztien artean hautapen batzorde batek 10 lan onenak hautatuko ditu sail eta kategoria bakoitzean. Eta horien artean, 3 lan irabazleak ere aukeratuko ditu hautapen batzorde horrek.
Bozketa
Batzordeak hautatutako 10 lanak Idazle Gaztea Elkartearen web orrian agertuko dira (www.idazlegaztea.org) 2009ko martxoaren 9tik aurrera. Webean sartzen diren irakurleek botoa emanez kiniela batean parte hartuko dute: bertan, kategoria bakoitzeko 10 lan hautatuen artean euren ustez irabazleak direnen alde bozkatuko dute. Pertsona bakoitzak kiniela bakarra osatzeko eskubidea izanen du, 2009ko maiatzaren 15a bitartean.
Sariak
Idazleentzat: lehiaketako sail eta kategoria bakoitzean sari nagusi bat eta bi sari osagarri izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak emanak. Saridunak 2009ko ekainean jakinaraziko dira «Liburu eta Idazle Gaztea» programaren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egingo den sari banaketa ekitaldian. Irabazleen lanak Galtzagorriko web gunean argitaratuko dira.
Irakurleentzat: kiniela asmatzen duten irakurleen artean hiru liburu-disko sorta (3 liburu eta 3 CD) zozketatuko ditu Galtzagorri Elkarteak.
Eskubideak
Lehiaketa honetan parte hartzen duten egileek Galtzagorri Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku uzten dituzte lanak argitaratzeko eskubide esklusiboa, modalitate guztietan eta sei hilabeteko epean.
Gaiak
2009ko Idazle Gaztea lehiaketara aurkeztuko diren lanek (narrazio labur zein poesiek) honako gai edo ideiak izan beharko dituzte oinarri:
1.- "Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota nuen neure burua. Eta harrezkero gertatu zaizkidanak kontatu nahi nituzke hemen, niri, sinestezinak eta harrigarriak iruditzen baitzaizkit". (Galtzerdi Suizida. Mariasun Landa. Elkar)
2.- "Bihurgunez beterik daukat garuna eta pentsamenduek gida-baimena behar izaten dute bazterrik jo gabe ibiltzeko". (Gorputz osoko poemak. Juan Kruz Igerabide. Aizkorri)
3.- "Gaur egun ezinezkoa badirudi ere, ni igogailurik gabeko etxe batean jaio nintzen". (Atxiki seketua. Patxi Zubizarreta. Elkar)
4.- "Joan dira dagoeneko, eta bakarrik nago azkenean. Gau osoa dut nire kontu, eta ez dut unetxo bat bera ere alferrik galtzeko. Ez dut gau osoa lotan emango. Eta ez dut gau osoan ametsetan jardungo ere. Ezin dut, une oro ezin baliotsuagoa izango baita". (Peaceful soldadua. Michael Morpugo. Pamiela)