Joan dira dagoeneko, eta bakarrik nago azkenean. Gau osoa dut nire kontu, eta ez dut unetxo bat bera ere alferrik galtzeko. Ez dut gau osoa lotan emango. Eta ez dut gau osoan ametsetan jardungo ere. Ezin dut, une oro ezin baliotsuagoa izango baita. Litekeena da, gaurkoa izatea nire bizitzako azken gaua. Eta horrek triste jartzen nau, oso gustuko baititut gauak, gustuko ilunpea, gustuko intimitatea… Guztia errazagoa egiten zait ainubean, samurragoa, iluntasunak bere mantu beltzaz beldur eta kezka guztiak ezkutatuko balitu bezala, eta, bide batez, babesa eta bakea transmititu. Gaua da izarren erakusleiho; gauaren itzala, maitaleen anparo; gaua, ametsen eszenatoki… Gaurkoa, ordea, ez da horrelakoa. Gaurkoak bizitzako gau eder bakoitzari bere xarma berezia lapurtu eta amorragarri bihurtuko ditu. Gauzak bide egokitik joanez gero, gaurko gaua izango da biziaren garaipenaren erakusgarri. Baina bide hori neketsua da, aldapa eta bihurgunez beterik dago, eta zoritxarrez oso erraza da norabidea galtzea. Bidegurutze batean okerreko noranzkoa hartuz gero, akabo!
Bai, gogorra egiten zait hau pentsatzea, eta are gehiago ozenki esatea. Gogorra egin zait agurra, eta gogorra benetan lagunak eta familiakoak agian azken aldiz ikustea, gogorra zenbat maite ditudan esan nahi eta ezina, ahots kordak soinua ateratzeari utzi izan baliote bezala... Amorrua, inpotentzia, haserrea, mina, tristura, bakardadea… guztien nahasketa gogaikarria sentitzen dut nire bihotz ahulean, kabitu ezinik. Duela hiru hilabete, norbaitek egoera honetan aurkituko nintzela esan balit, barre egingo nion. Nola gerta ziezaiokeen ba halakorik 17 urteko neska osasuntsu eta gogor bati? Baina laster jakin nuen oker nenbilela, eta zenbaterainoko oker gainera…
Azaroaren 24a zen, astelehena, eta betiko moduan, iratzargailuaren hots nekagarriarekin esnatu nintzen. Aspaldiko partez izerdi patsetan nengoen, izerdi hotza, pijama bera ere gorputzera itsatsirik neukan. Amesgaiztoren bat izango nuela pentsatu nuen, eta horrek ez zidala fundamentuzko atsedena hartzen utzi, oraindik neka-neka eginda bainengoen. Ez nuen izerdi hotzaren pertzepzio hura batere atsegin, likatsu sentitzen nintzen, eta dutxa fresko bat hartzea erabaki nuen. Ordu laurden geroago, jantzita eta ilea lehortuta, kalera ateratzeko prest nengoen. Bizkar-zorroa beso batean zintzilikatu eta ispiluaren aurrean azken ukituak eman nizkion neure buruari. Ez neukan gose handirik, beraz, frutontzitik itxura tentagarria zeukan sagar gorri-gorri bat aukeratu eta kauskada bat emanez, kalera atera nintzen. Hotz galanta egiten zuen kalean. Hats egin nuen gora begira. Lurrin hodei bat atera zen nire ahotik eta gora egin zuen poliki-poliki zeharo desegin zen arte. Neguko egun hotz eta eguzkitsu horietako bat zen goiz hura. Zerura begiratzean, maindire urdin lau eta amaigabea begizta zitekeen. Ortziaren zabalean ez zen laino bakar bat ere ageri.
Institutuko atarira iritsi nintzenerako, jendearen buila zen nagusi. Lagunen bila hasi nintzen jendetzaren artean. Hantxe zeuden, betiko zuhaitzaren magalean, biribilean bilduta. Eskua altxatu zidaten, eta beraienganantz abiatu nintzen. Larunbat gauaz mintzo ziren. Ni ez nintzen parrandara atera, hurrengo egunean igeriketako txapelketa neukalako Azpeitian eta goizean goiz jaiki behar bainintzen. Txirrinak jo eta barrurantz sartu ginen. Goiza geldiro pasatu zitzaidan. Nekatuta nengoen, eta irteerako txirrinak jo orduko, abiadan atera nintzen institututik, etxera heltzeko irrikan, lagunak eskuarekin agurtuz. Igogailura sartu eta bertako ispiluan nire aurpegia islatuta ikusi nuenean, beldurtu egin nintzen. Egundoko begi-zuloak neuzkan. Etxera sartu eta besaulkian erortzen utzi nuen neure burua. Estalkia hartu eta belarrietaraino tapatu nintzen, haril itxura hartzen nuelarik. Lo-kuluxka ttipi bat egin nuen eta igeriketara joateko garaiz esnatu nintzen. Oraindik gorputzaldi txarra neukan, baina ezin nuen entrenamendurik galdu. Gogor gertatu behar nuen, hurrengo asteburuan ere Bartzelonan txapelketa garrantzitsua neukan-eta. Lehenengo hiruren artean sailkatuz gero, Europako Igeriketa Lehiaketan parte hartzeko aukera izango nuen. Azken urte osoa neraman txapelketa horretarako trebatzen eta mundu guztiak animatzen ninduen, lortuko nuela eta lortuko nuela, behin eta berriz errepikatuz.Beraz, ezin nuen inolaz ere entrenamendu hura galdu. Igerilekurako poltsa gertatu eta bertara abiatu nintzen.
Hotz egiten zuen oraindik kalean, baina ez goizean beste. Pausu arinean joan nintzen igerilekura, eta heldu bezain pronto, aldatu eta uretara murgil egin nuen. Hainbat beroketa egin ostean, bakoitza bere kalean kokatu eta taldekideen arteko lasterketa bati ekin genion. Ni nire indar guztiekin ari nintzen igerian. Bat-batean, arnasarik gabe geratzen hasi nintzen, eta ura sartzen hasi zitzaidan leku guztietatik.
Jada ez dut ezer gehiago gogoratzen egun hartaz. Dakidana da, nire birikak urez bete zirela eta nire bihotz gaixoak ia eztanda egin zuela. Astebete baino gehiago eman omen nuen hil edo bizi, borrokan. Igerilekukoez geroztik, nire hurrengo oroitzapenak hamar egun geroagokoak dira. Berriz hasi nintzen nire bihotzaren taupada traketsak sentitzen, emeki-emeki, indarge, baina taupadaka. Begiak ireki orduko, bata zuridun mediku gazte bat aurkitu nuen nire alboan. Ea nire izena zein zen galdetu zidan, ea banekien non nengoen. Malen nintzela eta ospitalean nengoela uste nuela erantzun nion. Nahastuta nengoen. Orduan sendagileak azaldu zidan, igerian ari nintzela bihotzekoak eman zidala eta ia ito nintzela. Oso nekatuta nengoen oraindik eta konturatu orduko berriz ere loak hartu ninduen, ohearen epelean. Oraindik ere dudan nago momentu hartan, begiak zabalik izan arren, beste mundu batean ez ote nengoen.
Beste bi aste egin nituen Zaintza Bereziko Unitatean. Ama eta aita hantxe izaten nituen gau eta egun, zernahirako prest, eta zorte handia nuela arrazonatu nuen. Bisitaldi mordoa izan nituen: lagunak, igeriketako taldekideak, entrenatzailea… Eta mundu guztiak ekartzen zizkidan txokolatezko bonboiak. “Lo” egon nintzen denboran galdutako kiloak aise berreskuratu nituen, jan eta jan besterik ez bainuen egiten. Telebista ikustea eta irakurtzea izan ziren nire denbora-pasa bakarrak. Gogaituta nengoen gau eta egun han barruan preso egoteaz, arnasa ere ezin nezakeen ganoraz har halako leku itxian.
Hurrengo albiste txarra, abenduaren 20an iritsi zen. Mikel aurpegi zurbilarekin sartu zen nire gelara eta alboan eseri zitzaidan. Nire eskuineko eskua bere bi eskuen artean heldu zuen eta nire begietara begira geratu zen, mutu. Beldurtu egin nintzen. Begiratu batekin gela osoa zeharkatu nuen amaren babesaren bila, baina harengandik esperotako lasaitasun mezua jaso ordez, bere begiak malkoz bustita aurkitu nituen. Medikuak, berri txarrak zekartzala esan zidan. Nire bihotza ahulegia omen zen aurrera egiteko, eta bizirik jarraitzeko modu bakarra bihotz transplantea egitea omen zen. Bihotz transplantea! Hitz horrek oihartzun egin zuen nire barruan behin eta berriz. Ikaratuta nengoen. Mikelek lasai egoteko esan zidan, transplanteek hasiera gogorra izaten zutela, heriotza tartean ibiltzen zela eta horrek beldurra eta zalantzak sorrarazten zituela, baina amaiera, inork imajinatu ezindako poztasunarekin ematen zela gehienetan. Bihotzeko transplantearen kasuan, konplikatuxeagoa omen zen, baina oraindik neska gaztea nintzela eta aurrera egingo nuela esan zidan. Sendagileak alde egitean ama eta biok bakarrik geratu ginen. Ez batak ez besteak ez genuen hitzik egin. Amak nire alboan eseri eta estu-estu besarkatu ninduen. Ez genuen hitzik egin, baina ederto ulertu genuen elkar. Biok genekien ebakuntza zela nire aukera bakarra. Laster deitu genion Mikeli, erabaki genuela, eta honek ahal bezain pronto eskaera egin zuen organo emaileen erakundean. Itxarotea soilik geratzen zitzaigun.
Nire buruan barrena mila pentsamendu zebiltzan bueltaka, bidea aurkitu ezinean, neu ere nahaspila itzelean murgildurik. Ez nuen nire bihotza galtzerik nahi. Maite nuen nire bihotza, gustatzen zitzaidan bere soinua, gustatu berak sentitzen zuena, maitatu berak maite zuena… Bihotza aldatuko balidate, nire zati handi bat harekin galduko litzateke. Edo hala uste nuen behintzat. Beste ezezagun baten bihotzarekin bizi behar al nuen? Beste pertsona baten bihotzarekin maitatu behar ote nituen ingurukoak? Eta nik bihotz horren benetako jabeak sentitzen zuena sentituko banu? Berak maite zituenak maitatuko banitu? Ez, nik ez nuen halakorik nahi, galdera ikurrak eta beldurrak ikusten nituen alde guztietan. Gainera, ezingo nuen denbora luzean igerian egin. Akabo nire txapelketa, akabo nire ametsa… horrenbeste saiatu eta azkenean, guztia pikutara!
Santanderko ospitale batera joateko aholkatu ziguten, han egiten baitira horrelako ebakuntza gehienak. Guk kasu egin genion, eta hurrengo egunean bertan anbulantzian abiatu ginen. Bidaia gogorra egin zitzaidan oso. Beste bi aste pasa ziren, baina nire bihotza sekula baino ahul eta indargabetuago sentitzen nuen. Behin baino gehiagotan pasa zitzaidan burutik eutsiko ote nion bihotz berria heldu arte. Urte zahar gaua ere ospitalean ospatuko genuen. Gure urte zahar guztiak amonarenean ospatu izan genituen ordu arte. Baina oraingoan ezin ginen amona Mirenen etxera joan. Nire bizitzako Gabonik tristeenak igaroko nituela eta, goibel nengoen, ezertarako gogorik gabe. A ze nolako modua festak ospatzeko… Baina, urte zahar egunean, han non azaldu zitzaidan familia guztia nire gelako atean, oihuka eta builaka. Muxuak hemendik, besarkadak handik… Amona Miren, osaba izebak, lehengusuak… denak etorri ziren. Bitxia, baina aldi berean nire bizitzako egunik zoriontsuenetakoa izan zen hura, dudarik gabe. Inork ez daki zenbat eskertzen diedan detaile hura. Izugarrizko poza eta aurrera egiteko adorea eman zidan.
Hurrengo egunean, bakoitza bere etxera itzuli zen. Amona Miren ez, amona nirekin geratu zen. Bakea eta lasaitasuna nagusitu ziren gelan alde egin zutenean. Urte berri egunean, beste ezusteko bat izan nuen. Ni erdi lo nengoen oraindik, eta berbotsa nabaritu nuen nire alboan. Euskaraz ari ziren, baina ez zen ez amonaren ezta nire gurasoen ahotsa. Poliki-poliki begiak ireki nituen eta ia beste bihotzeko batek eman zidan, nire parean koadrilako lagunak ikusi nituenean. Malkoek ihes egin zidaten emozioz eta estu besarkatu nituen. Ez nuen haien bisitarik espero. Eta orduantxe konturatu nintzen, neurri batean, zori oneko neska nintzela. Egunek aurrera egin zuten eta Errege bezperan, ustekabean, etxera bidali ninduten. Indarrak bildu behar omen nituen bihotz berria heldu orduko, ebakuntzari aurre egiteko. Niri momentu hartan berdin zitzaidan transplantea edo zer egiten zidaten, baina lehengoa izan nahi nuen berriz ere, indarra edukitzea nahi nuen, laguntzarik gabe ohetik jaiki ahal izatea… Gero eta ahulago sentitzen nintzen. Eta oraindik ez geneukan nire bihotz berriaren albisterik.
Erregeak pasa ziren, baita beste hiru aste ere. Eta gaur, urtarrilaren 27an, goizeko seietan, telefonoak jo du gure etxean. Santanderko ospitaletik deitu digute. Nire adin bertsuko neska bat hil omen da istripu batean eta azkenean badudala horrenbeste desiratutako bihotza. Hori entzutean, mila emoziok kolpatu naute bortizki. Batez ere beldurra sentitu dut beste edozer gauzaren gainetik. Kontziente naiz zer nolako ebakuntza konplikatua egin behar didaten eta horren aurrean ikaragarrizko beldurra sentitzen dut. Baina aurrera egiteko bide bakarra dela eta, anbulantzian sartu eta abiada bizian atera gara etxetik, argiak eta sirenak piztuta. Bi ordu eta erdian Kantabrian gaude. Ospitalera iritsi bezain pronto hasi dira ni prestatzen. Lagunek eta familiako gainontzekoek telefonoz deitu didate, zorte ona opaz. Tripak nahasita dauzkat zeharo.
Medikuek ebakuntza gela erreserbatu dute goizeko seietarako, eta azken ordu hauetan bakarrik egotea komeni zaidala esan didate, lasaitu eta indarrak gordetzeko. Gurasoak eta amona, muxu, malko eta besarkada artean agurtu ditut, eta itxaropenez betetako “gero arte” batez atera naute gelatik.
Beraz, oraindik ere gau osoa daukat neuretzat bakar-bakarrik. Baina ez dut denbora lotan alferrik galduko. Ez daukat pribilejio hori. Nire bihotz maitearekin biziko ditudan azken une hauek, nire oroimenean gordeta dauden oroitzapenik kuttunenak gogora ekarriz pasako ditut. Denok dakigu zer gerta daitekeen, baina konturatu naiz zenbat maite dudan inguruko jendea, eta haiek zenbat maite nauten ni. Beraz, indar guztiak batu eta itxaropenez gainezka sartuko naiz ebakuntza gelara, bertatik ateratakoan bizitza berri bati ekiteko prest egongo bainaiz, bihotz berri eta indartsu batekin!
atzera