Zein bereziak izan daitezkeen begiradak. Zenbat gauza esan daitezkeen haiekin, ahotik hitzik irten gabe. Zenbat sentimendu sor eta desager daitezkeen begiak ireki edo itxiz. Ze hitz gutxi dauden hura deskribatzeko. Harluxet hiztegi entziklopedikoan bi modutan azaltzen da begirada: “So egitea”, “Begien eitea”. Baina lau hitz horiek sortzen dute taupaden azelerazioa? Lau hitz horiek sortzen dute irria? Negarra?
Lau hitz horiek sor dezakete pasioa?
……
“Eguraldi bikaina gaurkoa. Badirudi abuztu bikaina dugula aurretik. Anima zaitez entzule maitea! Irten eta gozatu eguzki eta aire xamur…”
“Neska gazte bat ezagutu dut hiru aste badirela, esango nuke bere begiek erraz sorgindu nautela… Mikel Urdangarinen Badira Hiru Asterekin uzten zaituztegu. Muxu handi bat eta bihararte” Irratia itzali du. Ez ditu abestiak mozten dituzten kazetariak gogoko. Ez zaio eguraldia axola. Jakin nahi izanez gero begiratuko du leihotik at. Ez du ezertarako gogorik. Ez du goserik. Ohe gainera bota du gorputza. Grabitatearen indarrak bere lana egin dezan utzi du. Asko gustatzen zaio hori; Gorputza hilik uztea eta oherantz bota inor baino gehiago den indar hori sentituz. Formula matematiko guzti horien batura haren gorputzean sentituz. Newton jo zuen sagarra sentituz. Etzanda dagoela izpi bat iritsi da haren aurpegi fin eta ederrera. Beroa sentitu du, baina gustura dago han, hain ongi ezagutzen dituen lau paretek babesten dutela. Beti kolore berdinekoak izan diren lau paretak. Beti apaingarri berdinak izan dituzten lau paretak. Beti zartadura berdinak dituzten lau paretak. Hazten ikusi duten lau paretak.
“Ring, Ring…” Telefonoaren hotsak min egin dio belarrietan. Ez du inorekin hitz egiteko gogorik. Nekatuta dago. Bakarrik egoteko gogozn. Hala eta guztiz ere, jaiki egin da. Atzoko Ron botila hutsarekin min hartu du behatz txikian, baina aurrera jarraitu du. Bizitzan aurrera ezin du egin, ordea. Telefonoa eskegi eta ahots akitua ipini du bai esaterakoan.
- Egunon, gure telefono konpainiarekin duzun kontratuarekiko inkesta bat egiteko deitzen dizugu. Ea pozik zauden gure…- moztu egin du. Ez du hitz egiteko gogorik, eta are gutxiago guztiz arrotza zaion emakume batekin.
Leiho ondoan kokatu da. Irratiak egia zioen, eguraldi bikaina egiten du. Etxe azpian bizilagun zaharraren kotxea ikus dezake. Beti edukitzen du han aparkatuta. Bere ustez, besteei lekua kentzeko soilik uzten du han, izan ere, ez du ezertarako erabiltzen. Baina berari han egotea gustatzen zaio. Ez zaizkio aldaketak batere gustatzen. Mirenen okindegia betiko izkinan egotea gogoko du. Baita etxe azpian dagoen taberna ere, askotan etxea bihur daitekeen taberna. Ondoren, paseoan dabilen jendearengan jarri du arreta. Gehienak adinekoak dira, seguruenik gazteak hondartzan ibiliko direla, edo mendian egun pasa. Bera, ordea, ez.
Komunera joan da. Txorrota ireki eta aurpegia garbitzearekin batera garondoa busti du pixka bat. Ilea jaso du gero, betiko uhina zintzilik gelditu zaiolarik kopetan. Gelara abiatu eta bainujantziaren gainean soineko fina jantzi du. Bere azal zurixka argitzen duen soineko berde marraduna. Toalla poltsa batean sarturik hondartzara abiatu da. Oinez. Egunaz gozatuz. Kaleko kutsadura ahaztu nahian asfalto gainean ezartzen dituzten zuhaitzei begiratuz. Askotan plastikozkoak diruditen zuhaitzak begiratuz.
Autobus geltoki bat ikus dezake ondoko espaloian. Neska gazte batzuk ikusten ditu, denak soineko eta motxila batekin soinean. Hondartzara doazela argi ikus daiteke. Atzealdean egunkaria eskutan duten aitona lizunak ikusten ditu. Nesken zauri txikiena ere azal ditzaketenak. Gero, alde batera, andre bat ikusten du. Bakarrik. Hirurogei urte edukiko ditu gainean. Begizulo sakonak ditu eta zintzilik daraman poltsan botila bat antzeman dezake
Ez da hondartzara joango. Ez du emakumea gogoko. Buelta erdia eman du. Mugikorra poltsatik hartu eta ordua begiratu du, goizeko 11:30ak dira. Tira, toalla etxean utzi eta erosketa batzuk egitera joango dela erabaki du. Bakarrik. Denboraren errutina sentituz, bere bizitzaren monotoniaz aspertuta jada, denboraren doinu jarraituarekin identifikatzen. Errutinaren morroia bihurtuz…
Espaloi erdian gelditu da bat-batean. Negarrez hasi da. Ez dio bizitzari zentzurik aurkitzen. Gaztea da oraindik, baina ez daki zer egin duen gaizki. Ederra jarraitzen du izaten, baina bera itsusia ikusten da. Amets asko zituen. Nerabe itxaropentsu eta alaia izan zen. Oso maitatua, ederra, lagunen laguna… orain bakarrik dago. Ez daki nola jarraitu aurrera. Nola borrokatu bizitza berriro zuzentzeko. Lurrera erori zaio amak behin oparitutako lepokoa. Ama… faltan botatzen du. Gehiegi agian. Bere gurasoen istripua eta gero bizitza aldapa behera luze bat bihurtu da. Tamalez, oraindik behera jaisten jarraitzen duen aldapa. Askotan, izerditan esnatu ohi da, bere gurasoak imajina ditzake auto ziztrin hartan. Biak alai, biak irribarretsu. Betiko moduan. Gero, kamioia dator. Geroz eta handiagoa egiten den kamioi arriskutsua. Orduan dator arazoa. Ezin du autoa alde batera eraman. Ez da mugitzen. Gurpilak zementu barruan daudela dirudi, ateak ezin dira ireki, itsatsita daude. Azkenean kanpoan ikusten du bere burua. Kamioia ikus dezake opel corsa urdinaren aurka talka egiten. Amaren irribarrea itzaltzen dela nabaritzen du eta aitaren garrasi latza zainetan barrena lasterka, ihes egin nahian. Baina ezin du. Inpotentzia, amorrua. Hainbeste sentimendu lepokoa lurrera jauzi zaionean. Hainbeste malko, hainbeste gauza kontatzeko… eta aldapak behera jarraitzen du, Lurraren nukleoaren bila, agian han amets gaizto guztiak urtu eta desagertuko diren itxaropenarekin.
Burua altxa eta bi begi gelditu zaizkio begira. Bi begi urdin eta bizi. Bat-batean ,desagertu egin da aldapa. Dena laua jarri da. Nabaritu du begi haiek bereetan pausatu direla, eta ezin ditu mugitu. Gustura sentitzen da argitasun urdin hori aztertzen. Baretasuna eman dioten begiak aztertzen. Azpialdean irribarre eder bat antzeman du. Zuri-zuria. Hogei eta hamar segundo besterik ez dira izan. Biek aurrera jarraitu dute. Baina bien bihotzean zerbait aldatu da. Begirada hori hitzekin defini ezin daitekeen gertaera izan da. Xamurra. Polita.
Eta buru barruan denboraren melodiaren aurka, kantatzen hasi da. “Neska gazte bat ezagutu dut hiru aste badirela, esango nuke bere begiek erraz sorgindu nautela…”
……
Ohetik burukomin handiegiarekin jaiki da gaur. Pisu-kidearen neska berria aurkitu du sukaldean. Ezin du ulertu. Hain kirtena eta hainbeste neska bere atzetik. Batzuk oso ederrak gainera, tamalez ez dakite zeinekin pasa duten gaua. Berak bai, ergel handi batekin. Gaurko neskak Lorea du izena. Oso neska ederra da. Ile horia, begi berdeak, ezpain xamurrak… baina berak horrelako asko ikusi ditu jada.
-Egunon- esan dio hozkailutik esnea hartzen duela.
-Kaixo! Lorea naiz. Zu Jokinen pisukidea zara ezta?- Jatorra dirudi
-Bai, eta zu bere neska, ezta?- ea zer erantzuten duen irrikan dago. Jokinek bere harremanak nola definitzen dituen jakiteko irrikan.
-Bai, tira, oraindik goizegi dela esango nuke…-gaixoa. Zerri hark gaurko bakarrik erabiliko du eta berari hain ikusten zaio maiteminduta…
-Pozten naiz zu ezagutzeaz
-Berdin.- eta salarantz abiatu da.
Lasai gosaldu nahi du. Neska jatorra izan arren ez du ezertaz ezagutzen eta gogorik ere ez. Sofan eseri eta telebista ondoan dauden liburu guztiak aztertu ditu. Ikaragarri gustatzen zaio irakurtzea. Batez ere nobela historikoak badira. Historian lizentziatua da, baina ez du lanik aurkitzen. Orain taberna batean dabil. Badu liburu bat idatzita, baita lan on bat egina edozein ikerketa enpresari erakusteko. Tamalez, berak historia irakatsi nahi du. Irakaslea izan, kultura zabaldu; eta ez du lanik aurkitzen. Horretan pentsatzen hasten den bakoitzean urduri jartzen denez telebista piztu du. Albisteak:
“Irakeko gerra martxan jarri da. Tropa estatubatuarrak gaur hasi dira bonbardaketekin…” Betikoa. Itzali egin du. “Hemen lau jauntxok zuzentzen dute mundua eta gu, herri xehea, ez gara ezer”. Nazkatu egin da betikoaz. Errutinaren espiral amaigabeaz. Mundu guztia okertuz doa eta amorrua sentitzen du. Ahula sentitzen da. Hondar ale arrunt eta patala. Tira, irratia piztea erabaki du “Bi gazte atxilotu dituzte Bilbon Kale Borrokan aritzeagatik…” nahiago du musika jarri. Goiza ongi hasi nahi du. “Neska gazte bat ezagutu dut hiru aste badirela, esango nuke bere begiek erraz sorgindu nautela… Mikel Urdangarinen Badira Hiru Asterekin uzten zaituztegu. Muxu handi bat eta bihar arte” . Itzali egin du. Gorroto ditu abestiak mozten dituzten kazetariak. Nazkatu egin da goizaren hasieraz. Nazkatu egin da asteaz. Nazkatu egin da azken lau hilabete hauetaz. Lan eta lan ez da kalera irten. Tabernak eguneko hogei eta lau orduak lapurtzen dizkio. Zortzi ordu lanean aritzen delako eta beste egun guztia deskantsatzen eta idazten. Gaur, ordea, jai eguna da eta ez du etxean gelditzeko asmorik. Abuztuko goiz bikaina gozatzera irtengo da kalera. Komunera joan, hortzak garbitu, hilea atondu eta bost eguneko bizarra kentzean, gelarantz abiatu da. Armairua ireki du eta aspaldiko postala jauzi zaio lurrera. Arreba Kubara joan zenekoa da. Hondartza paregabea ikusten da bertan. Lasaitasuna dasta daiteke argazki hori begiratzerakoan. Itsasoaren argitasuna, edota haren kresala ia usaintzeko modukoa, edo irla txiki haien perfekzioa… ez daki zer den, baina argazki horrek lasaitasuna dakarkio. Arrapaladan jaiki eta bainujantzia hartu du. Ondoren kamiseta urdina jantzi eta toalla sorbaldan kokaturik sukaldera abiatu da.
-Hurren arte Lorea!
-Bai aio!- Jokin gibel handi alaena! Neska beraren zain eta bestea jaiki gabe oraindik. Tira ez dio kontuari jaramonik egingo bestela haserretu egingo da eta ez du merezi.
Irten da ba kalera. Giro bikaina da goiz horretakoa. Auto gutxi dabil hirian zehar eta jendea lasai-lasai dabil paseoan. Agian oinez joango da hondartzaraino. Autobusa har dezake, baina gaurko goiza gozatu nahi du eta ordu erdi iraun arren nahiago du oinez joan. Erlojua begiratu eta 11:15 direla ikusi du. Bikain. Beranduenez hamabiak aldera iritsiko da hara, uretan pixka bat sartu eta berriro etxera.
Inguruko guztiak alai ikusten ditu. Badago bere aurrean bikote bat. Neskak hamabost urte edukiko ditu, mutilak agian hamasei edo hamazazpi. Politak dira lehen maitasunak. Dena berria da. Ezezagunaren jakingurak eta lehenengo pasioen bultzadak, betiko gordetzen diren oroitzapenak izan ohi dira. Neskak gerritik heltzen du eta mutilak sorbaldetatik. Barre lotsati batzuk entzun ditzake eta ondoren musu goxo eta politak. Faltan botatzen du neska baten konpainia. Hogei eta zortzi urte ditu eta orain dela bi urte utzi zuen neska lagunarekin. Harrezkero, gau bateko zerbait, edo bi asteko harreman labur bat… ezer gutxi. Dena den, berak egunero eduki nahi du neska bat ondoan jaikitzerakoan. Berak harreman luzea nahi du. Pertsona batekin bizitza konpartitu. Bere alde on eta txar guztiekin.
Konturatu gabe hamabost minutu pasa dira eta berak jarraitzen du giroaz gozatzen. Jendea alai ikusten. Alde batetik bestera, barrez, kementsu… Eta han gelditu da inoiz ikusi duen neskarik ederrena. Soineko berde eta marraduna darama. Ilea jasota, baina kopetan badu kiribiltxo eder bat. Mugimendu amaigabearen erdian gelditu da. Abailduta dagoela ikus dezake. Lur jota. Malko batzuk erortzen zaizkiola ikusi du eta ondoren lepokoa jausi zaio lurrera. Makurtu eta denbora luzea pasa du bertan. Lepokoa begiratuz, pentsatuz, inguruko guztia ahaztuz. Jaiki egin da gero. Soineko berdeko dama jaiki eta begira gelditu zaio. Begi beltz eta sakonak ditu. Zoragarriak. Sudur txikitxoa du, baina hain ederra. Mototsa eraman arren ile kizkurra nabari daiteke. Luzea, ederra. Aurrera jarraitu dute biek, baina taupadak bizkorrago mugitzen ari zaizkio. Neska hark eguna alaitu dio, deskriba ezin dezakeen sentimendu berria sortarazi dio.
Irratian entzun duen abestia etorri zaio burura:
“Neska gazte bat ezagutu dut hiru aste badirela, esango nuke bere begiek erraz sorgindu nautela…”
…..
-Oihana, hiru aste pasa ditun horretan pentsatzen?
-Bai, ezin diñat burutik kendu. Badakin nola doan nire bizitza orain…
-Bai. Lanean hasi haiz berriz. Eder-ederra hago ostera. Baina ezinezkoa dun. Barkaidan, baina ezagutzen ez dunan tipo hori ez dun bat-batean etxe azpian agertuko.
-Ez, baina berriz topatzen badinat?
-Tira, nahi dunan bezala… beno polita utzi egin behar haut, lanera joan behar naun. Muxu bat, egongo gaitun gero.- Deia moztu eta irratia piztu du.
“Beno, Peio alde batera utzita… Urdangarinen jarraitzaile sutsuentzako berri on bat! Bihar, arratsaldeko zortzitan Mikelen kontzertua Kursaalen! Animatu! Joan lehenbailehen sarrerak erostera agortu egingo dira bestela…” Irratia itzali eta korrika irten da Kursaal aldera. Jada urduri dago. Badu sentimendu arraro bat barruan. Hitzekin azaldu ezin daitekeena. Badaki bihar bertan ikusiko dituela begi urdin horiek eta… tira egia esan tontokeria bat da baina… ez. Ikusi egingo ditu. Badaki baietz.
…..
-Ez haiz isiltzen! Beti neska horrekin bueltaka!
-Jokin, hik ezin dezakek ulertu… maitemindu naizela uste diat… Bazekiat… ez diat inoiz berarekin hitz egin, baina…
-Bai, ez diat ezer ulertzen…
-Ezagutzen al duk Urdangarinen Badira Hiru Aste?
-Keba, niri Rock-a gustatzen zaidak… baina bihar Mikel Urdangarinen kontzertua zegok Kursaalen. Anima hadi! Jaja-
-Gezurretan habil?
-Ez! Egia duk! Loreari ikaragarri gustatzen zaiok tipo hori, eta agian joan behar nauk… Uste diat zortzitan…- elkarrizketa moztu eta korrika abiatu da sarrera erostera. Badaki han egongo dela. Badaki sorgindu duen begirada han egongo dela.
…..
“Izkin hontatik idazten dizut, azken aldian bezela, egia da bai sasoi honetan hotza egiten duela. Neska gazte bat ezagutu dut hiru aste badirela, esango nuke bere begiek erraz sorgindu nautela…”
Eta han topatu dira begiak. Beltz sakonak urdin argitsuekin. Ez da hitzik izan. Begiradarekin dena esan dute. Dena sentitu dute. Berdin du jada abestiak. Berdin du jada ondoko jendeak. Berdin dute jada oroitzapenek. Haien begirada bakarrik ikus daiteke Kursaalen.
Muxu batekin amaitu den begirada.
Pasioarekin amaitu den begirada.
“Esango nuke bere begiek erraz sorgindu nautela”
Errutinaren espirala amaitu egin da irratia pizterakoan.
atzera