Galtzagorri Elkartearen webgunea

2009

Garai haiekMarrubigorri

Gaur ere hemen nago, baserri zahar honen laugarren solairuko ganbaran. Dena ilun dago, eta bakardadea eta iluntasuna izan dira nagusi azken urte hauetan. Noizbehinka, aurrez aurre daukadan kristalik gabeko leihoan, txori batzuk kantatzen jartzen diren arren, aspertuta nago eguneroko monotonia honekin. Izugarri handia da ganbara hau, eta gauza asko bizi dira bertan. Nire ondoan ikus ditzaket udan bildutako patatak lurrean sakabanaturik (jan aurretik lehortu daitezen). Baita jadanik inork nahi ez dituen trasto mordoa ere. Sabaitik zintzilik a zer baratzuri eta piper pila daudenak! Eta ganbarako beste muturrean intxaurrak eta urrak, bildu berriak.

 

Ni berriz jabetu naiz hau ez dela nire tokia. Nik oraindik balio dudala gizakiei poz pixka bat emateko. Sentipen zaharrak gogora ekartzeko. Beraz, leiho txikitik sartzen den haizearen laguntzaz, nire burua eskaileretan behera botatzea pentsatu dut. Baina...uff! Hinbeste eskailera... ez dakit nik, ez dakit... Aspaldian ez naiz askorik mugitu eta, ez dakit egin ahal izango dudan. Bueno... ba... banoa! Eta... trist! Ez zait askorik kostatu beheko solairura ailegatzea, egia esan nire gorputz biribilak asko lagundu dit.

 

Goizeko seirak inguru izango dira eta baserritar gehienen antzera gaurkoan ere irten da nor edo nor bere logelatik. Zein izango, eta hautatu ninduen berbera, gure etxeko andrea. Egia esan behar badut azken aldiz ikusi nuenean baino zahartuxeago dago, baina beti izan duen xarma hori oraindik ere baduela ezin uka dezaket!

 

Amonatxoa, behera, sukaldera joateko asmotan eskaileretara inguratu da. Eta hara hor non gelditzen den niri begira. Begira begira dago, begiak aho zabalik dauzkalarik, dena gogoratzen hasi dela dirudi. Nahiz eta ez zaion oso erraza suertatzen.

 

1952ko urria...

 

-Baina ama, 2 aste falta zaizkio Gregoriori 22 urte egiteko eta ez dakit zer oparitu ere!

 

-Neska, neska, ez dun ba hain zalla! Oparia gustukua izatian sekretua, maitasunez iña izatia dun! Oparitukiyon artile polit batez intako bufanda eleante bat!

 

-Eskerrik asko ama!

 

Amari musu bat eman eta hantxe joan zen Anttoni Donostiara artile polit bat erostera. Donostia hirira, nora bestela? Gauza dotoreak hirian aurki baitzitezkeen garai hartan! Beraz, Anttonik bere lehen soldatarekin erositako traje ederra jantzi eta hantxe joan zen gure neska pinpirina, apaina baino apainago.

 

Iritsi zen ba Anttoni Donostiara eta aspalditik begiz jota zuen dendara hurbildu zen. Kanpo aldera erakusleiho txiki bat zuen dendak. Bertan artilez egindako jertseak eta mota guztietako artile pilotak aurki zitezkeen. Erakusleihoan zeuden artile pilota guztietatik bat gustatu zitzaion Anttoniri ikusi orduko. Berehalaxe ohartu zen hura izango zela Gregoriori bufanda goxoa egiteko egokiena. Berde tonu ezberdinak zituen, pistatxo koloretik hasi eta sagardo botilek duten berdera bitarteko guztiak. Ni nintzen artile pilota hura.

 

Etxera iritsi bezain pronto hasi zen Anttoni ni eraldatzen. Gau eta egun pasatzen nuen bere esku leunen artean. Nik, berriz, nire barnean pentsatzen nuen: “ baina neska hau erotuta dago nola pasatzen ote du hainbeste denbora bufanda ziztrin bat egiteko? Nik bufanda dela pentsatzen dut baina... auskalo! Pauso bat aurrera eta bi atzera egiten dituela dirudi eta! Neska perfekzionista da behintzat!”. Hala ere, pixkanaka nire pentsakerak aldatzen joan nintzen. Momenturo egiten nintzelako Anttoniren pentsamenduen jabe. Dena kontatzen baitzidan. Argi zegoen une oro Gregoriorengan pentsatzen ari zela. Gogoan ditut pasarte horietako batzuk:

 

Anttonik Gregorio begiz jo zuen egun hura...

Herriko jaiak ziren, arratsaldeko 8.30ak inguru, eta musika eta jai giroa zen nagusi Don Eztebe plazan. Oiartzuar guztiak dantzan zebiltzan, dantzan zekitenak eta ez zekitenak!

 

Gure etxeko nagusia izango zena lagunekin zegoen banku batean eserita. Dotore-dotore zegoen. Igandetako arroparekin eta ilea ondo ondo orraztuta. Baita aitaren koloniaren usainarekin ere. Aitak, neskengana hurbildu behar bazuen usain, gozoarekin hurbiltzeko erakutsi baitzion! Anttoni, berriz dantzan jo eta ke! Hala ere, ez pentsa dantzan bakarrik pentsatzen zuenik! Ez horixe! Mutilak ederki kontrolatuak zituen. Batez ere herriko plazan bizi zen Gregorio.

 

Anttoni saiatzen zen bere begiak kontrolatzen, baina... ezin! Ihes egiten zioten bere maitearen begietara. Eta ez pentsa Gregoriok ez ziela bere begi politei jaramonik egiten!

 

Kostata, baina azkenean altxa zen printze urdina plaza zokoko bankutik eta joan zen Anttoniri dantzatu nahi al zuen galdetzera.

 

Anttoni Gregorio bereganantz zihoala ohartzean musugorritzen hasi zen, baina ederki esan zion baietz “bailas?” galdetu zioenean!

 

Gogoan dut baita ere, nola joan behar zuten Donostiako festetara su artifizialak ikustera. Intentzioa hori zen behintzat. Bai, bai, intentzioa esaten dut azkenean ez zirelako suak ikustera ailegatu. Gregorioren motozikletan zihoazela, tramankulua hondatu eta bi maiteminduak Alamedan (Oreretan ) gelditu baitziren!

 

Horrelaxe Anttonik bere Gregoriorekin izandako pasarteak kontatzen zizkidan bitartean, bufanda dotore baten itxura hartzen joan nintzen. Bitartean gainera, kantu bat kantatzen zidan. Berari Gregoriok kantatzen zion bezala. Anttoni Anttoni atea ondoan nago ni, ai Antton ai Antton ate ondoan hor konpon!

 

Eta urriaren 28a heldu zenean, Anttonik nire gorputz gozoa Gregoriori oparitu zion. Honek ilusio handiz jarri ninduen bere lepoan. Denboraldi hartan, gainera, hotzak hasiak ziren eta... ezin hobeto!

 

Eta gero... ba... egingo duzue ideiaren bat ezta? Ba betikoa ezkondu, seme alabak izan eta zoriontsuak izan ziren elkarrekin, bizi ziren artean. Bost seme alaba izan zituzten. Mutil bat eta lau neska.

 

Mutilak, Xabierrek, 22 urte egin zituenean, Gregorio aitak amak egindako bufanda oparitu zion, hau da, ni. Beretzat, zuen gauzarik baliotsuenetarikoa nintzelako mundu honetan. Eta honela esan zion:

-Ondo zaindu zak e! Bestela...

-Bai aita ondo zainduko dut.Hitza ematen dizut.

 

Istorio honetan, ordea, dena ez zen hain polita izan. Xabierrek 25 urte egin aurretik, aita hil egin baitzen bihotzekoak emanda.

 

Hau gertatzea gogorra izan zen familiarentzat noski! Gainera, Xabierrek ni ikusten ninduen bakoitzean negarrari ekiten zion. Egun batean, desesperatuta, nire gorputz liraina askatzeari ekin zion arte. Dena askatu, pilota bat egin, eta ganbaran sartu ninduen.

 

Gaur arte.

 

Baina ez pentsa gure amonatxoa triste jarri zenik ni ikusterakoan e! Ez horixe! Bere bihotzeko Gregorio etorri zitzaion burura bai, baina elkarrekin igarotako une gozo haiek. Nire nahia egia bihurtu da, oraindik ere gizakiei aurpegian irribarre bat marrazteko gai naiz.

 

Anttonik berriro ere forma eman dio nire gorputzari eta ederki gustura ibiltzen da Oiartzungo herrian barrena ni lepoan jarrita. Konjunto elegante batekin joaten gara noski!

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia