Galtzagorri Elkartearen webgunea

2009

Erretratu baten istorioaU.A.M.

Joan dira dagoeneko, eta bakarrik nago azkenean. Gau osoa dut nire kontu, eta ez dut unetxo bat bera ere alferrik galtzeko. Ez dut gau osoa lotan emango. Eta ez dut gau osoan ametsetan jardungo ere. Ezin dut, une oro ezin baliotsuagoa izango baita. Maddi bilatu behar dut, bere bizitzaz zerbait jakin, miatu. Aurkitu egingo dut, zaila izan arren, kosta ahala kosta.

 

Gaur goizean hasi da dena. Orduantxe aurkitu dut, aspaldiko urteetan ahaztuta neukan argazkia. Hantxe zegoen, utzi nuen lekuan, laga nuen moduan, gutunazal zuri baten barruan. Denboraz larri nenbilen eta eskua sartu dut kulero eta bularretakoen tiraderan, begiratu ere egin gabe. Norbaitek opari bat ematen dizunean bezala, eskua atera eta jakin-minez eta urduri begiratu diot kartazal misteriotsuari. Bi bider pentsatu gabe zabaldu dut gutunazala eta barruko papera atera dut lehenik. Bertan argi eta garbi jartzen zuen, “EZ ATERA ARGAZKIA”, letra larriz, baina jakingurak ez dit pentsatzen utzi eta atera egin dut. Momentu horretan zurbildu egin naiz eta ohe gainera bota dut gorputza, argazkia lurrera erortzen utziz. Zorabio txiki bat nabaritu dut, buruak bira bat eman dit eta ideiak nahasten hasi zaizkit, mozkortuta egongo banintz bezala. Hamabost arte zenbatu dut eta poliki jaiki naiz, arnasa sakon hartu eta makurtu egin naiz lehen erortzen utzitako erretratua erreskatatzera.

 

Argazkian neskatila baten irudia ageri da, pozik dagoela dirudi eta norbaiten eskutik helduta doa. Alboan daukan pertsona ez da ageri, baina nik berehalakoan ezagutu dut haren eskua eta haren eraztuna. Ama da, nire ama eta neskatilaren ama. Ez naiz ni fotografiako neskatila eta nik ez daukat ahizparik. Haurrak esku bat dauka aho ondoan, lotsati, aurpegia ezkutatzen dio argazkilariari. Zinta gorria dauka buruan lotuta eta eguzki printzek begiak itxi arazten diote. Begi politak ditu, ilunak, ia beltzak eta distira bereziarekin, basatiak. Beltzarana da eta ilea ere iluna du, kizkurra, amarena bezalakoa. Soinekoa zuri-zuria da, eta kontrasteak are gehiago edertzen du. Lazo gorri bi dauzka gerriaren alde banatan, burukoaren kolore berekoak. Belaunak agerian dauzka eta zauritxo bat ikus dakioke eskumako aldean, ubeldu mordo batekin batera. Neskato bihurria dirudi, irribarre pikaro horrekin eta gastatutako puntak dituzten zapatatxo gorriekin. Nabari da ama berbera dugula, sekula kentzen ez zuen eraztuna behatz erakuslean eta alaba horren pinpirin janzteko eran.

 

Konturatu ere egin gabe hamar minutu eman ditut argazkiari begira. Orduaz jabetu naizenean, ordea, errealitatera bidaiatu dut bueltan. Lehenengo ikusi dudan soinekoa jantzi eta ziztu bizian atera naiz etxetik, lanerako bidea hartuta. Autobusak ihes egin dit, noski, beraz, taxi bat hartu behar izan dut eta, halere, berandu ibili naiz. Ordenagailu aurrean jarri naiz eta pentsatzeari ekin diot, albistea, nola, noiz, non… baina, ze albiste? Argazki madarikatua oztopo bihurtu zait gaur, dena gaizki, dena berandu, dena arazo. Nagusiari gaizki sentitzen naizela esan eta etxerako bidea hartu dut, ideiak ordenatzeko, pentsatzeko.

 

Duela urte batzuk izan nuen gaur goizean birdeskubritu dudan erretratuaren berri. Ama auto istripu batean hil zen eta berea izandako etxea husten genbiltzan errentan jarri ahal izateko. Koltxoi azpian aurkitu nuen argazkia, eta neskatoa ezezaguna egin zitzaidan. Izeba Anari galdetu nion neskatilagatik, baina hark ez zuen nire ezjakintasuna ase, “Maddi”, esan zidan. Informazio ezak min eman zidan eta gutunazal zuri batean sartu nuen “EZ ATERA ARGAZKIA” zioen paper zati batekin batera. Ni neu izan naiz, ordea, neuk jarritako tranpan erori dena.

 

Etxera iritsi naizenean ez dut bi bider pentsatu egin behar nuena, telefonoa hartu eta urteen poderioz buruz ikasitako zenbakia markatu dut. Zalantzak sortu zaizkit, benetan jakin nahi ote dudan nor den neskatila. Urduri sakatu dut azken botoia, telefono berdea, eta ezinegonez itxaron ditut Izeba Anak telefonoa hartzen tardatu dituen 17 segunduak:

- Bai, esan?

- Kaixo Izeba.

- A, Itziar, kaixo maitea.

- Izeba, ba al daukazu planen bat gaur arratsalderako?

- Ez, oraingoz ez behintzat, zeuk zerbait proposatuko didazulakoan nago, ezta hala?

- Ba, bai, gaur zorteko zabiltza, lanetik goiz libratu naiz eta zinemara joateko bikote bila nabil.

- Ongi, joango naiz, baina sarrerak zeure kontu.

- Ados, jo, Izeba, ez didazu krisia gainditzen laguntzen e…

- Zuk ez duzu diru arazorik, laztana!

- Beno, utzi egin behar zaitut, lauretan pasako naiz zure bila, ordurako prest nahi zaitut.

- Hantxe izango naiz.

- Gerorarte.

-Agur, Itziar.

 

Telefonoa eskegi eta pentsakor geratu naiz ohe ertzean eserita, leihotik kanpora begira. Burutapen bat izan dut hala nengoela. Amak erakutsi zidan umetan, urduri, beldurrez, noraezean aurkitzen nintzen bakoitzean bainera urez bete eta nire perfume gustukoenaren pare bat tanta botatzen zituen. Gero, etxeko disko-jogailu zaharrean ABBA-ren kantaren bat jarri eta biok bainatzen ginen. Berak ilea ferekatzen zidan, leun, zetazko eskuekin eta oraindik bere usaina hartzeko gai naiz, talko hauts eta bizkotxo ore lurrina zerion. Hala ba orduan egin ohi nuen moduan bainera bete eta uretan murgildu naiz. Gaur ez dut musikarik jarri, neuk abestu dut, barrutik, amak egiten zuen moduan eta berarekin bainatzen ari nintzela amestu dut. Esna nintzela amestu dut. Denbora bizkor pasa zait eta nahi baino lehen joan behar izan naiz Izeba Anaren bila. Ilea erdi bustirik motots batean bildu dut eta praka bakeroak eta blusa urdina jantzi ditut, ondoren poltsa hartu eta argazkia sartu dut, kontuz, erlikia bat balitz bezala:

- Kaixo Izeba.

- Arratsaldeon, bihotza.

- Aizu, giro ederra egiten du eta pentsatu dut buelta bat eman genezakeela parketik eta gero kafetxo bat hartu. Zinean ez dago pelikula erakargarririk gainera, zer deritzozu?

- Nik konpainia onarekin edonora noa, maitea.

- Gainera zurekin hitz egin beharra daukat.

 

Izeba zurbildu egin da, baina lasai egoteko eskatu diot, banku batean eseri gara eta argazkia erakutsi diot. Irribarre bat marraztu da bere aurpegi zaharrean, aspaldian ikusteke neukan moduko irribarrea. Begiak argitu egin zaizkio eta dir--dir egin diote, erretratuak bizipoza ekarri izan balio bezala. Izeba Anak oso begi politak dituela ohartu naiz, amarenaren oso antzekoak baina txikiagoak, askoz txikiagoak. Goizean gertatu zaidana kontatu diot eta neskatoari buruz dakien guztia kontatzeko eskatu diot, mesedez. Horrela hasi da:

 

“Maddi duela 32 urte jaio zen zure amaren etxean, ni han nintzen eta gogoan daukat nola hunkitu zen zure aita. Badakit sekula ez duzula zure aitaz ezer jakin eta, ez dakit zergatik, inoiz ez duzu ezer galdetu. Zure aita Irlandakoa da, Kinsale izeneko herritxo batekoa, Declan dauka izena. Euskal hizkuntza aztertzera etorri zen hona eta zure amarekin, Mirenekin, maitemindu zen. Biziki maite zuen, jatorra zen, atsegina, prestua, inongo arrazoirik gabe loreak eta bihotz formako kaxan bonboiak erosten dizkizunetakoa. Ezagutu eta pare bat urteren buruan ezkondu egin ziren. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut. Miren liluragarri zegoen, soineko zuri eder batekin jantzi zen, ilea kiribilduta zuen eta gure amak bere ezkontza egunean jantzi zuen diadema zeukan buruan. Diadema zuria, loretxo urdin txiki batzuekin, erramuan zeramatzan kolore berdinekoak. Bikote perfektua zen, zoriontsu bizi ziren, baina Declanek herrimina sentitzen zuen, itsas haizeak bere herrira bueltatzera bultzatzen zuen. Pare bat hilabete geroago Miren haurdun geratu zen, eta handik bederatzi hilabetetara Maddi jaio zen. Oso polita zen txikitatik, begi handi handiak zeuzkan, aulkian eserita joaten zenean lepoa luzatu eta begiak zabal-zabal jartzen zituen, dena ikusteko. Zoriontsu bizi ziren hirurak eta Maddik hiru urte zituenean zure ama berriz haurdun geratu zen. Baina Declanek herrimina sentitzen zuen eta Miren sei hilabeteko zegoela barku bat hartu eta Maddikin Irlandara itzuli zen. Horrek zure ama barrutik apurtu zuen, ezin zuen ulertu eta bere bila joan nahi zuen, baina ezin. Gero zu jaio zinen, Itziar, eta, ene… ez dakizu nola aldatu zenuen zure amaren bizitza. Berriz jaiotzea bezala izan zen beretzat, dena eman zizun, Maddi eta zure artean banatu behar zuen maitasun guztia zeuretzat izan zen. Ezin izan zuen ordea Declanek bihotzean utzi zion zauria sendatu, ezin alaba kendu izanaren samina eraman. Eta beraiekin zerikusia zuten edozein aztarna erre zuen, gertatu izan ez balitz bezala izan zedin. Baina bat gorde zuen, bat bakarra, zuk aurkitutako argazkia.”

 

Izebak kontatutako istorioak harri eta zur utzi nau, nire ahizpa sekreturen bat zela pentsatzen nuen, baina ez nuen hori espero. Nire amaren istorioa, Maddirena, aitarena. Hunkigarria da zure bizitza den bezalakoa ez dela deskubritzea, ni gaur arratsaldean jabetu naiz horretaz, eta hor kanpoan, munduan, milaka pertsonak ez dute egia guztia ezagutzen edo ez dute ezagutu nahi, nik urteak atzera, argazkia aurkitu nuenean nahi izan ez nuen moduan.

 

Izebarekin kafetxo bat hartu eta etxerako bidea hartu dut, baina ideia bat otu zait eta telefono mugikorra atera dut poltsatik. Ikerne, Estitxu eta Nekaneri deitu diet eta etxean pelikula bat ikustera gonbidatu ditut, hasieran ezezkotan egon dira, baina laster aldatu dute iritzia. Lagunok zinema sesioa egiten dugun bakoitzean arazoak dauzkagulako izaten da, filmak ikusita errazago kontatzen baitizkiogu elkarri buruhausteak. Etxera joan eta betiko pelikulak atera ditut armairutik, “Notting Hill”, “Sonrisas y lagrimas” eta “Love story”. Beti film berberak ikusten ditugu, lurrean eserita, txokolate beroa hartuz. Ez dute denbora asko tardatu eta laurok elkartu garenean pelikula bat ipini eta pasatakoa kontatu diet:

- Ze istorio polita!

- Bai, baina Estitxu, Itziar ezin da besoak gurutzatuta gelditu, argi dago zerbait aldatu dela. Zure ahizpa hori aurkitu behar duzu.- esan dit Nekanek.

- Ez nago ziur bera eta nire aita ezagutzeko prest nagoen…

- Ziur ez dela erraza izango, baina hobe duzu orain zerbaitetan hastea, bestela gehiago beldurtuko zara eta ez duzu modu egokian jokatzea lortuko -aholkatu dit Ikernek.

- Hori horrela da, pentsa ezazu, ahizpa bat daukazu, beti nahi izan duzu hori ezta? -galdetu dit Estitxuk.

- Bai, baina orain aukeratzeko modua daukat eta ondo pentsatu nahi dut ezer egin baino lehen.

- Entzun hau ondo Itziar, anai arrebak onerako eta txarrerako dira eta zuk, beste inork ez bezala, ezin duzu ahizpa edukitzea aukeratu. Badaukazu eta hor dago, berak badauka zure existentziaren berri, bilatu egin behar duzu.

- Arrazoi duzu, Ikerne.

 

Filmak ikusten jarraitu dugu, baina ni ez nengoen han, beste dimentsio batean pasa dut gau erdia. Maddi eta aita joan ez baziren nire bizitza nolakoa izan zitekeen amestu dut. Polita dirudi, familia zoriontsua. Eta ahizparen ondoan irudikatu dut neure burua, Maddi, izen polita da. Maddi eta Itziar. Filma bukatu egin da eta lagunek etxerako bidea hartu dute, Ikernek joan baino lehen hitz bakarra esan dit, “pentsatu”. Pentsatu dut eta argi daukat, aita bilatuko dut. Nire aita, sekula izan ez dudan aita desagertua. Eta Maddi. Nire ahizpa, ezagutzen ez dudan ahizpa galdua.

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia