Iturria erdi irekirik utzi nuen. Nire begiek isuritako malkoek arraskatik oihukatzen zidaten. Miraila lausotuta zegoelarik, ukalondoak koketan bermatu nituen. Ezkerreko mahuka atzerantz bota nuen, alkandora berria zikintzeko beldurrez. Eskumuturreko zainak geldiezin zeuden; ume bat trenaren zain dagoen antzera, ipurtarin, kezkatsu. Senarrak erabili ohi zuen bizar-aitzurra gerturatu nuen. Haren usaina zuen oraindik, iruzur egiten zuen senarraren usaia; traidore eta ziztrinarena hain zuzen ere. Egun hartan ohartu nintzen bi eskumuturrak iman bateko polo beretik sortu zirela, eta beraien artean aldarapen indarra izugarria zela.
Komuneko atea ireki bezain pronto, dutxatik ateratzen zen lurrunak sabaitik limurtuz ihes egin zuen. Hark ere plangintza hobeak zituen nire gorputza delikatu eta zetaduna ikustea baino. Orlegi koloreko tapiza hartu eta leihotik behera jaurti nuen, nire frustrazioa eta gorputz barneko berotasun izoztua harekin batera eror zitezen.
* * *
Grettel andereak alkandora berria zuen goiz hartan. Bizpahiru egun igaro ziren jada Louis jauna etxean izana ez zena. Arraro samarra iruditu zitzaigun niri eta nire iturrikideei; gainera, Grettel andereak Louisen hainbat tramankulu miatzen aritu zen egun hartan, aurpegiko ilea mozteko erabiltzen zuen aparatu bat adibidez. Bi aste bete nituen egun hartan. Ur tanta batentzat bizitza erdia baino gehiago. Lagun batzuk elkartu zitzaizkigun, baina oraingoan Grettel andereak ekarritakoak. Beldurrik omen ez zutenez Gettelen begietatik zuzen zuzenen arraskara salto egiten zuten. Hura zen momentua, salto egingo genuen, une aproposena zen. Iturri herdoilduari agur esateko ordua iritsi zen, eta arraskan ikus zitekeen zulo erakargarrirantz abiatu ginen.
* * *
Gabardina soinean jantzi eta kalera irten nintzen. Euriak, norabiderik gabeko gorputza bustitzen zuen; amak esan ohi zuenez, “un trozo de carne con patas”. Guggenheimeko txakur zaintzaileari milaka eta milaka argazki egiten ari zitzaizkion hainbat Txinatar turistak. Argazki kameren hotsek belarriak zulatzen zizkidaten, eta flash-ak begibista itsutu. Aurrera jarraitu nuen itsu baten antzera. Soinu ahaltsu bat aditu nuen orduan. Soinu indartsu eta ezagun bat. Txinatarrak uxatu zituen; jendearen ahotsak eztarrian gorderik geratu ziren; argiaren norabidea desbideratu zuen, dena txuri utzirik; eta nire izterrak dardaraka hasi ziren. Konturatu nintzenerako, errepide erdian aurkitzen nintzen. Soinu hori kamioi erraldoi baten klaxona zen, eta itsutu ninduena haren fokua. Alde egin behar nuen. Agian ez. Kamioia geroz eta gertuago sumatzen nuen, “turbo diesel” gasolinaren usaina nabari nezakeen jada. Kamioia metro gutxira zegoen, baina ez nuen ezer egin handik irteten saiatzeko. Jelaturik nengoen. Kamioiak jo nintzan nahi nuen.
* * *
Ez zen elezaharrek zioten antzera. Zeru urdinik ez zegoen, ur tanta panpoxik ezta ere. Pareta herdoildu batzuen artetik igaro ginen, gora eta behera, bueltaka, buruz behera, buruz gora; zorabiatuz. Noizbehinka beste hainbeste lagun elkartzen ginen tuberia handiago batean; gehienak lokaztuak, egundoko ipurdi usaina zeriela. Argi bat azaldu zen tunelaren bukaeran (haren amaiera zirudien). Argia geroz eta handiagoa zen, beroagoa, indartsuagoa; gure begiek ikus zezaketen esparrua txuri-horiz estali zen. Beldurturik geunden.
* * *
7569-KA. Kamioiaren matrikula aurrez-aurre nuen. Bizkarrean bultzakada bat sumatu nuen, ostean, espaloiko ertza musukatu nuen. Kamioiaren atzealdean “Fruteria fresko-fresko” irakurtzen nuen heinean, basapizti gurpildun hark alde egin zuen, bidean azaltzen zitzaizkion oztopo guztiak zanpatuz. Mutil batek salbatu ninduen, bizirik atera nintzen deabruaren atzaparretatik; azken segundoan, partida irabazteko saskiratzearekin. Izuturik, ez; harriturik, ez; beldurturik, ezta ere. Ez nuen nire sentsazioak deskribatzeko hitz egorik aurkitzen. Mutilaren begi laranjatuek ahoa zabalik miatzen zidaten. Lurretik altxa eta bideari ekin nion; ez agur, ez eskerrik asko, ez ezer.
Bizi nahi duzunean, jendeak mespretxatzen zaitu; hil nahi duzunean aldiz, jendeak miresten eta salbatzen zaitu. Ezin hiltzeak, hil egiten ninduen.
San Mames-en partidu bat omen zegoen. Futbol zelaiko ondoko dorre batera igo nintzen bertatik partidu zati bat ikus nezan. Sarrerak 5€ balio zuen. Nola zegoen gaur egungo gizartea, 5€ ordaindu beharra dorre baten zabaltzara igotzeko. Kauen zotz! Hesiaren ertzean bermatu nintzen, lurrera begira. Beheko inurriak poz-pozik zebiltzan alde batetik bestera. Zutik jarri eta hesia gainditu nuen. Haizeak besazpia laztantzen zidan, oinazpiak txingurriturik nituen, airean flotatzen ari nintzen. Eskuak askatuko nituzkeen airean igerian ibiltzeko.
* * *
Errekatxo batera heldu ginen. Eguzki izpiak islatuz jarraitu genuen aurrera. Eguzkia ez da ur tanta baten lagunik onena. Ahal genuen eran ibaia bilakatzen ari zen ertzera aldendu ginen. Txinako tren geltokia zirudien, hora puntan milaka pertsona izerditsuek hartu ohi duten tren geltokia. Hosto batei heldu eta 10 minutuz atseden hartu genuen. Beroa gehiegizkoa zen. Burutik kea ateratzen hasi ginen lagun taldeko kide guztiak. Bat-batean, eskubiko hanka desagertu zitzaidan, ezkerrekoa ondoren; baita isatsa ere . Bi besoak burura eraman nahi izan nituenerako, han ez zeuden. Lurrin bihurtu ziren. Hegaka hasi nintzen orduan. Bero-bero zegoen airea. Begiak lausotu zitzaizkidan. Ezin izan nuen 5 minutuz ezer ikusi, baina beroa handiagotzen zihoan. Orduan, hain gorroto nuen beroa gutxiagotuz hasi zen, lurretik 1000 metrora hotz dexente egiten baitu. Isatsa atera zitzaidan, baita besoak agertu ere, baina hankak ez ziren nireak, beste ur tanta bati bere hanka preziatuak lapurtu nizkion.
Obama presidentearen hitzordu bat zirudien. Milaka eta milaka ur tanta ginen bertan. Ondoan 5 urte zituen ur tanta bat nuen, eta beti pentsatu izan nuen ur tanta bat hilabete batez besterik ez zitekeela bizi. Hark esan zidan: “2 minutu barru hasiko da festa, ikusiko duzu”. Eta egia bihurtu zen. Handik bi minutura ur tanta gehiegi ginen bata bestearen gainean, eta denok batera erori ginen.
* * *
Euria hasi zuen. Lehendabiziko tantek nire burua kolpatzen zuten. Lehiaketa bizia nuen haiekin, ea nor iritsiko lehenago. Aurre hartu nien lehendabizi, baina segituan bigarren geratu eta lehendabiziko ur tanta lurrera iritsi ziren. Baina, behin lurra ukituta, bizirik jarraitu zuten ur tantek, zergatik ote? A zer nolako ironia, hiltzeagatik 5€ ordaindu izana. Alai ziruditen tantek, bizirik. Nik haien antzera sentitu nahi nuen, bizirik. Ur tanta bat izatea gustatuko litzaidake.
* * *
Benetan zoragarria zen hura. Esperientzia ezin hobea. Erorketak 40 segundo iraun zituen, 1000metroko erorketak. Batzuk belardietan erori ziren, beste batzuk futbol zelaietan; ni aldiz, hasierako ibai hartara erori nintzen, ibilaldiarekin jarraituz. Ibaia benetan handia egin zen. Karteltxo bat ikusi nuen, “Nerbioi” izenarekin. Burua ahal bezala luzatu nuen, ea milioika eta bilioika ur tanta handi eta txiki, itsusi eta polit ikusi nituen aurrean. Itsasora heldu ginen.
Eskubiko hanka beste ur tanta batekin nahastu zitzaidan. Eskerreko eskua hondoratuz zihoan bitartean, eskuineko besoa tanta panpox batek osten ari zitzaidan. Tanta bat atzerantz joaten saiatu zen, nire isatsa haren ipurdian zuelarik. Ziztu-bizian igaro zen dena, desagertzen ari nintzen. Gizaki bat izatea gustatuko zitzaidakeen, beste ur tantekin nahastu ez nendin.
Jorge Manrique: nuestras vidas son los ríos que van a dar al mar.
atzera