Galtzagorri Elkartearen webgunea

2009

Azken erabakiaNeu

…Nahikoa da… gelditu egin behar dut…

 …Egin dezaket…

Behingoz honekin amaituko dut…

Bat… bi… eta…

Salto

4.pisua

“Asteazkena,1966ko maiatzaren 20a

Klan, klan, klan…

Gero eta ozenago, gero eta gertuago sumatzen nuen eskaileren hotsa. Bat-batean atearen txirri hotsa entzun nuen zirrikitu batetik argi-izpi xume bati sarrera ematen. Burua biratu eta bi irribarre niri begira. Ezer esatea lortu baino lehen…

-ZORIONAK JURGI!!

Oraindik ez nintzen ohartu ere egin gaur nire urtebetetze eguna zenik.

Inoiz baino lehenago eta azkarrago jaiki nintzen ohetik. Korrika batean sukaldera jaitsi eta urtero opariak egoten ziren txokora begiratu nuen. Baina deus ez. Aurten hutsa zegoen. Ez oparirik, ez ezer.

Ikastola eguna zenez gertatutakoari kasu zipitzik egin gabe gosaldu, jantzi eta ikastolarantz abiatzeko prestatu nintzen. Etxeko atea zabaldu eta azken eskaileran zilarrezko paper dizdiratsu batez bildutako izugarrizko paketea zegoen. Inoiz ikusi nuen handiena.

Atzera begiratu eta hantxe zeuden aita eta ama, oraindik irribarrea aurpegian marraztua zutela, niri begira.

Motxila airera bota eta ohartzerako opari-papera puskatzen ari nintzen ilusioz itota.

-Alaaa…

Nire ametsetako txirrindua. Nire lehenengo txirrindua zen eta hantxe zegoen dotore-dotore, 4 gurpilekin, bere txirrina eta guzti.

Ikastolan, altuera txikiko, ile ilun eta kizkurra zuen eta bere betaurreko biribilen atzean gordetzen zen izaki bakartia izateari utzi nion eta haur guztien arreta puntua izan nintzen momenturo.

Arratsalde horretantxe estreinatu nuen txirrindua, eta, egia esateko oso azkar ikasi nuen oreka mantentzen. Baina lortu bitartean… hori da hori ipurdiko piloa, hori da hori tirita pila gastatu nuena…

Oraindik gogoan ditut ubeldurak. Pentsatze hutsak belauneko mina ematen dit.”

Malko bat…

Ilusio malko bat… …

3.pisua “

Larunbata, 1976ko uztailaren 6a

Jada 15 urte, handia sentitzen nintzen. Ikastolari edo hobeto esanda haurtzaindegiari bizkarra emateko prest nengoen.

Uda hasiera zen eta denak pozez blai ginen.

Udako egun arrunt baten gisa hasi zen guztia. Oporretako errutina txotxoloa jarraituz. Arratsaldea ere lagunekin pasa nuen, hondartzan. Toailak betiko lekuan jarri genituen, bikiniaren goiko zatia jantzi gabe izaten zuten neska batzuen ondoan, noizbehinka gure begiei gozoki batez gozatzeko aukera emateko.

Lagunak ondoko herrian diskoteka bat ireki berri zutela eta, ez ziren isildu arratsalde osoan. Gauen bertara joateko plana egin genuen azkenean.

Iritsi orduko foku koloretsuen olatu batek harrapatu gintuen. Gaztelu batera sartzen ari ginela zirudien. Gazteluko atezain ziruditen bi gizon baitzeuden serio-serio atean. Erdi-erdian dantzalekua zegoen, eskuinetara taberna goraino beteta. Ezkerretara esertzeko 2-4 aulki zahar komunen ondoan. Ez zen inork amesten duen paradisu horietakoa, baina guretzat ez zegoen batere gaizki. Gainera, giro ezinobea zegoen han: musika zaparrada, neska panpoxa piloa, alkohola zoko guztietan…

 

Edan eta edan ibili ginen, azkenean buruak bueltak ematen zizkigun arte…Gure lehenengo mozkorraldia.

Uste dut gau hura buruan itsatsita geratu zitzaigula. Egia esan, nola ez zitzaigun ba geratuko, gau osoan ondoan izan genuen neska piloarekin? Han ibili ginen denak babero baten beharrean , lerdea zerigula, begiak aurpegitik kanpo dantzan…

…zoragarria.

Gogoratze hutsak burua biraka jartzen dit.”

Irribarre bat…

Euforia irribarre bat…

2.pisua

“Igandea, 1978ko abenduaren 23a

…tlin, tlin, tlin…

Azken asteetako melodia berak esnatu ninduen orduan ere. Begiak ireki bezain pronto ikusi nituen kanpoko euri tantolak nire leihoko kristalean dantzan, beraien musika monotonoaz lagundurik. Ohetik jaiki eta…uuff…oheko manten goxotasunak babesik gabe utzi ninduen. Ez nuen segundo bat bera ere galdu duela urte batzuk amona Kontxesik oparitutako jertse xelebrea jazten. Gorroto nuen jertse hura, baina etxean egoteko… ez zetorkidan batere gaizki.

Goiz osoa etxean pasa nuenez, lagunekin egoteko izugarrizko gogoa nuen arratsaldean. Eskerrak lagunetako batek arratsaldea bere etxean pasatzera gonbidatu gintuen, bestela izotz-kubo bihurtuta itzuliko ginen etxera.

Zazpi lagun elkartu ginen, lau mutil eta hiru neska. A zer nolako irribarrea marraztu zitzaidana neska horiek arratsaldea gurekin pasako zutela jakitean. Izan ere, horietako bat aspalditik zebilen niri burua jaten.

Pelikula bat ikusiz hasi genuen arratsalde hotza. Beno, egia esan “hasi zuten” , nire begiak telebista ez zen beste norabait begira baitzeuden.

Orduan hasi zen dena.

Lehenik begiradak. Gure begiek elkarren atentzioa bilatzen zuten. Elkarri begira geundela ohartzean, irribarre lerden bat aurpegi lotsagorritu batean itsatsia.

Halako batean…

-Komunera noa –esan zuen neskak, niri begi bat kliskatuz.

-Baso bat ur hartzera noa –esan nuen nik ere bere mezua erantzunaz.

Besteek ikusiko ez gintuztela sumatu bezain laster nire besoak bere gerriaren inguruan korapilatu ziren. Berak ere berdin egin zuen.

Gonbidatuen gelan sartu ginen, atea itxia utziz.

Itsasoak ura behar duen bezala, gure ezpainek elkarren berotasuna behar zuten. Aurpegiak pixkanaka gerturatzen hasi ginen, ezpainak elkarren gainean pausatu ziren arte. Mihiak bals batean bezala dantzan hasi zitzaizkigun elkarrekin.

Denborak ihes egiten zigun. Jada ez ginen jantziak, ez ginen zutik, gure gorputzek elkarren beharra zuten, elkar desiratzen zuten.

Musu eta laztanetatik hasi eta jakina da nola joan zen gainontzekoa.

Bion lehen aldia. Hura izan zen nire bizitzako momenturik onena. Ahaztezina.

Pentsatzen jartze hutsak kilimak eragiten dizkit sabelean.”

Dardara bat…

Plazer dardara bat…

1.pisua “Asteartea, 2004ko martxoaren 13a (atzo)

Jada heldua nintzen. 44 urteko gizona. Altueraz ez nintzen txikitan nintzena bezain baxua, orain ere adineko beste gizonak baino altuagoa nintzen. Goialdea zuritzen hasia zitzaidan dagoeneko eta ez nuen duela gutxi bezainbesteko ile luzea. Baina horrelako txikikeriak ez zidaten batere axola, izan ere, zoriontsu nintzen, emaztea eta alaba bat nuen, baita lan propioa ere inguruko enpresa zaharretako batean.

 

“Martes y trece” delako egun horietako bat zen atzokoa. Ordura arte ez nuen horrelako esaldi txotxoloetan sinestu, baina eguna bukatu zenerako... ezin nuen gehiago.

 

Ezkerreko hankaz jaiki nintzela esan daiteke. Goiz goizetik istilua izan nuen emaztearekin. Honek maletak egin eta alabarekin alde egin zuen “UTZ GAITZAZU BAKEAN” oihukatuz atea bortizki ixten zuen bitartean. Lanean ere gauzak ezin okerrago zihoazen: duela aste batzuk entregatu behar nuen informea amaitu gabe… lana pilatua… Iritsi bezain laster zuzendariak deitu ninduen, gainera.

A ver ze esango didan orain honek (…) emazteak bazkaria jarria utzi du, ala ez… bestela… entsalada eta kito (…) beroa egiten du hemen (…) aiton zahar hau ez al da isilduko… hiztun halakoa (…) entsaladan letxuga, tomatea (…) ni lanetik botatzea ere, a zer inozoa, faltan botako nau eta (…) ateratzeko esan dit… bai… ez…beno banoa (…) a zer freskura hemen (…) ke morro, ez zuen lotsarik… ni ez nintzela “gai” lan horretarako (…) Benga! (…)

Eguerdirako etxean nintzen, ofizinako gauzez betetako kartoizko kaxa bat gainean neramala.

Gehiago geratzen zitzaidan hala ere.

Gaur goizean, posta jasotzera joan eta… bankuko gutun bat aurkitu dut nire izenean, aspalditik fakturak ordaindu gabe daudela eta etxea kendu beharko didatela esanez.

-Baina zer egin dut nik hau merezi izateko? –galdetu dut ozenki airean.

Isiltasunak erantzun dit.

Balkoira atera eta barandilaren gainera igo naiz. Behera begiratu eta hanketatik dardara bat igo zait gorputz osora.

Behin eta berriz errepikatzen nion neure buruari nahikoa zela, gelditu egin behar nuela…

Begiak itxi… arnasa ondo hartu… eta…

Iluntasuna … .

Jurgi! Jurgi! –garrasi bat.

-Zer! –erantzun dut.

-Jurgi! Mesedez anbulantzia! –ama zen. Gaur gurera bisitan etortzekoa zena. Baina zergatik ari zen garrasika?

Begiak ireki ditut eta ama ikusi dut negarrez. Baina zergatik?

-Ama ez egin negar –erregutu diot.

-Jurgi! Jurgi, ez!

Ez dit entzuten, zergatik?

Ingurura begiratu eta nire burua ikusi dut, lurrean, odol putzu batez inguraturik. Ama negarrez, denak begira…

Amarengana hurbildu nahi dut, baina gero eta urrunago nago. Norbaitek bizkarretik eusten dit eta berarekin narama.

Damu naiz.

Egun txoro batengatik ilusio malko bat, euforia irribarre bat, plazer dardara bat… pikutara bota ditut. Dena alferrik bizi izan banu bezala.

Damu naiz, benetan damu naiz, baina beranduegi da.

…iluntasuna.

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia