Pasa dira dagoeneko aste batzuk zure etxeko azken solairuko gela hartan sartu zinenetik, ez duzu inoiz ahaztuko egun hartan gertatutakoa.
Udazken hasierako egun epel bat zen, bizikletan ibiltzeko egun aproposa, lagunei deitu eta azken solairuko trastetegira igo zinen bizikleta hartzera. Zure bizikleta zahar gorria, orain hautsez beteta zegoen bizikleta gorria, zenbat oroitzapen ekartzen zizkizun gogora: zure aitonaren irudia, eduki ez zenituen gurasoena…
Bizikleta ateratzen hasi zinen, hautsak kendu eta erabiltzeko prest uzteko. Bi eskuekin heldu eta ateratzen hasi behar zenuenean… lurrera erori zen, kaxa ttipi bat zen. Kolpearen ondorioz barrutik gauza mordoa atera ziren, txuri-beltzeko argazki zaharrak, pegatinak, kromoak… orduan, une batez geldirik geratu, bizikleta lurrean utzi eta kaxa heldu zenuen, poliki-poliki ezer honda ez zedin.
Kanpora atera ziren gauza guztiak berriz sartu, eta bizikletaz guztiz ahaztuta, kaxarekin zure gelan sartu zinen. Hautsez estalita zegoen. Garbitutakoan eduki zenuen lehen aldiz izkribatuta zeukan izena irakurtzeko aukera: Jane Heire, zure amaren izena.
“Urteak daramatzat nire amaren berririk izan gabe, baina gutun horiek… kaka, seguru engainatu egin nautela… baina 16 urtez? Nik amatzat neukan eta amona! Atso honek entzun egingo nau! Bueno ez… jakingo balu… auskalo! Hobe ez kontatzea. Auskalo nola erreakzionatuko zukeen. Berriz bere lekuan utziko dut kaxa. Jo, baina ezingo ditut burutik kendu. Nire amak idatziak dira!”
Gutunazal mordoa zegoen, baina bakarra ireki zenuen momentuz.
Southampton, 2008ko urriaren 10a
Ama maitea,
Zer moduz zaudete? Igaro da hilabete dagoeneko azkenekoz idatzi nizunetik. Badakit beti esaten dizudala, baina ez naiz sekula nazkatuko nigatik egin duzun guztia eskertzeaz. Zuk beti esan ohi zenidan edozer behar nuenean hor egongo zinela laguntzeko prest, eta denbora luzea pasa den arren, badakit nire hanka-sartze guztien ardura nik hartu behar nuela.
16 urte daramatzagu ezkutupean elkarri gutunak bidaltzen, ez duzu uste badela garaia nire alaba besoen artean edukitzeko?
Ziur nago ez zaizula ideia ona irudituko, berak ni hilik nagoela uste duela eta, baina hainbeste gustatuko litzaidake nire alabaren beroa sentitzea, bere begi berdeak egunero ikustea, bere hile iluna laztantzea, bere esku argalak heltzea, ondoan jarri eta ea ni baino altuagoa den frogatzea…prest egongo nintzatekeela edozer gauza egiteko.
Bihotzez espero dut nire eskaera onartuko duzula, eta ahal bezainbeste lagunduko didazula. Nire agurrik beroenak.
Muxu bat
Jane
Zur eta lur gelditu zinen gutuna irakurtzen amaitu zenuenean, irakurritakoa sinestezina iruditzen baitzitzaizun.
Egunak eta egunak pasa zenituen zure amonarekin ia hitzik egin gabe. Azkenean, gau batean, etxea isil-isilik zegoela, zapatak jantzi eta korridorearen azken atearen atzeko eskailerak igota ganbarara ailegatu zinen.
Ganbara oso iluna zen, paretetako bakoitzaren aurrealdean hautsez estalitako traste mordoa zegoen eta sabaian zeukan leihotik ikusten ziren ortziko izarrek eta ilargi beteak soilik argitzen zuten gela hura, erdi-erdian zeukan lanpara ñimiñoa piztu zenuen arte.
Gau guztia zeneraman gutun hura burutik kendu ezinean. Zure amak ezagutu egin nahi zintuen! Sinestezina zirudien zuretzat.
Poliki-poliki zure amaren izena zeraman kaxa hartu zenuen, deskarga elektrikoak emango balitu bezala. Mantso, oso mantso, estalkia ireki eta gutunazal guztiak banaka-banaka ireki zenituen; zure amak ia zuk zeuk baino hobeto ezagutzen zintuen!
Orduan, ezerezetik bezala, beste gutun bat aurkitu zenuen; gutunazalak ez zeukan ez zigilurik, ez helbiderik, ez ezer, baina barnean gutun bat zeraman. Hori ikusitakoan, bi aldiz pentsatu gabe, irakurketari ekin zenion.
Plymouth, 2008ko urriaren 20a
Alaba kuttuna,
Zer moduz zaude? Badakit ez duzula gutun hau sekula irakurriko, ez baitut zuri bidaltzeko asmorik. Zure alaba, jaio zenetik nirekin eduki izan dut beti eta nire alaba bailitzan maitatu izan dut.
Etxetik alde egin zenuen unetik sinestarazi nion neure buruari ez zenuela inoiz zure alaba ezagutu nahiko. Asko sufritu izan du gurasorik edukitze ezagatik, eta are eta gehiago sufritu zuen bere aitonaren heriotzarekin, aitona eta biloba beharrean, benetako lagunak baitziren; orain, ez nago prest gehiago sufri dezan, ez dut nahi inork bere bihotz ahula apur dezan. Bihotzez sentitzen dut, eta benetan diot, nire biloba maiteak ez duelako sekula jakingo bere ama nor den, baina benetan maite izango bazenu ez baitzuen utzi zenuen bezala utziko nire eskuetan.
Benetan sentitzen dut.
Amy
Milaka galdera etorri zitzaizkizun burura. Nor ote zen zure ama? Zergatik utzi ote zintuen? Ezagutu nahi al zenuen benetan? Zergatik babestu nahi zintuen zure amonak? Galderak, galderak eta galderak. Erantzunik gabeko galderak. Bihurgunez beterik zeneukan garuna eta pentsamenduek gida-baimena behar zuten bazterrik jo gabe ibiltzeko.
Astebeteren buruan, aurkikuntzen berri eman zenion zure amonari. Zur eta lur utzi zenuen zure ama ezagutu nahi zenuela kontatzean, baina orduan ate batek aurpegian jo izan balizu bezala sentitu zinen zure amonak kontatu zizunarekin. Zure ama hil egin zen zu ikustera zetorrenean: edo hobeto esanda akabatu egin zuten; hala ere, nork eta nola hil zuen beste batean kontatu beharko dizut.
atzera