Nire bizitza begien aurretik igaro zitzaidan, koldar hutsa naizela pentsatuko duzue eta hala naiz, ezin izan nien arazoei aurre egin, mundu krudel honetatik alde egin nahi nuen, baina damutu egin naiz, inork ez daki nik bezain ongi zer den negar egin nahi eta ezin izatea.
Ez dakit egun bat edo hilabete bat igaro den neure burua laugarren solairutik bota nuenetik. Hau da nire istorioa, idazle xume honen istorioa.
Otsailaren bia zen, haize hotzak gogor jotzen zuen neure kontra, ni botatzerik nahi ez balu bezala, hala ere lurraren kontra talka egin nuen, hilik nengoen, neure gorputza lurrean ikusi nuen.
Bat-batean ahots bat entzun nuen, lehen pisuko bizilaguna zen:
- Ene! laugarren solairuko mutila da, hilda dago, lagundu!
Berehala, bizilagun guztiak jakin-minez hurbildu ziren, baita inguruan zebilen hainbat kuxkuxero ere, iskanbila handia sortu zen. Polizia eta anbulantziak sirena soinuz bete zuten auzoa. Poliziak galdera ugari egin zien bertakoei. Berezi xamarra nintzela zioten, lotsatia, isila, bakartia...
Denbora luzez eduki ninduten lurrean. Iluntze-aldera gorpua eraman zuten eta jendeak alde egin zuen, zerraldoan ikusi nuen azken aldiz nire gorputza, batere maite izan ez nuen gorputz hura.
Inork ez zuen nigan erreparatu. Bakarrik geratu nintzen, bakar-bakarrik iluntasunean. Ez nuen deus sentitzen, ez hotzik, ez goserik, ez logalerik... Baina beldurra, tristura eta egonezina nitaz jabetu ziren.
Neure buruari, bata bestearen atzetik, erantzunik gabeko hamaika galdera egin nizkion. Zer naiz? Zer gertatzen zait? Eskuei begiratu nien, lainoz eginda zeudela zirudien, zurbil, garden. Aurpegia ukitu nuen, edo saiatu nintzen, ukiezina zen.
Arin sentitzen nintzen, pisurik gabea. Itzal baten modura, inolako esfortzurik gabe, bizkor mugitzen nintzen. Hilda nengoen, gorputzik ez nuen, zertan bihurtu nintzen?. Mamu itxura bitxia nuen. Mamua! Sinestezina, garrasi egin nahi nuen, baina ezin nuen soinurik ahoskatu, negar egin nahi nuen baina malkorik ezin isuri, ihes egin nahi nuen baina ez zegoen irtenbiderik. Galduta nengoen.
Erantzun baten bila abiatu nintzen. Kaleak hutsik eta ilun zeuden, arlote bakartiren bat edo beste han-hemenka, bat-batean, ni bezalako espiritu galdu bat ikusi nuen kale bazterrean.
Harrigarria zen, ikusi egin ninduen eta bere ezpain ia ikusezinak mugitu gabe agurtu ninduen. Hitzez erantzuten saiatu nintzen, baina pentsamendua nahikoa izan zen elkar komunikatu ahal izateko.
- Zergatik gaude horrela, hilak al gaude?
- Bai, hilda gaude zoritxarrez.- jarraitu zuen espirituak- neure buruaz beste egin nuen arazoetatik ihes egiteko. Askok uste izan dute hori dela irtenbide errazena, eta hala da, baina hauxe da ondorioa, betirako hemen gelditzea, ezer egin gabe, besteak nola bizi diren ikusten. Beraien arazoak konpondu eta bakean dauden espirituak bakarrik ahal dute beste mundu hobeago batera joan, zeru, paradisu edo auskalo nora.
Espiritu ezagutu berria agurtu eta etxera itzuli nintzen, dena begiratu nuen, nire gela, argitaratu gabeko liburuak apal gainean, hautsez beteta, hormetan zintzilikatutako argazkiak… Etxekoen tristura, nahigabea, mina…
Negar egin nahi nuen, baina ezin nuen, nire lainozko begietatik ez zen malkorik ateratzen, non dago zerua? Hau al da neure etorkizuna?
atzera