Galtzagorri Elkartearen webgunea

2009

Galtzerdi ero baten abenturakGaltzerdi Eroa

Galtzerdi bat naiz. Hau da, galtzerdi pare baten erdia (agian horregatik eman digute izen hori: "galtz-erdia"?). Eta bakarra naiz, nire bikotekidea galdu delako, eta hor hasi dira nire abenturak, hemen kontatu nahi dizkizudanak.

 

Nire jabea Usain Bolt balitz, agian ospetsua izango nintzateke eta museo batean egongo nintzateke: "Begira, hori da Usain Boltek Pekingo Olinpiadetan 100 metroko lasterketan munduko errekorra hobetu zuenean jantzita zeraman galtzerdia!". Eta lagun azkarrak galdetuko luke: "Eta non dago bestea?".

 

Baina ez da hori, ez. Nire jabea ez zen Usain Bolt, eta horregatik nik usain txarra neukan bakarrik, nire jabea gazte kirolzale bat zelako, baina ez zuen garbitasuna gehiegi maite: kirol asko egin bai, baina arropa gehiegi garbitu gabe. Horregatik, izerdi-usaina neukan itsatsita, garbitu berria nengoenean ere, eta horrek nazka ematen zidan. Kokoteraino nengoen, baina orain dela gutxira arte ez zegoen nire esku ezer egiterik.

 

Orain dela aste batzuk aukera ederra izan nuen eta ongi aprobetxatu nuen. Garbigailura sartu nindutenean, bakarrik nengoen, ordura arte nire bikotekide izandakoa galduta geratu zelako kiroldegiko aldageletan (bide batez esan behar dut nire jabea oso despistatua zela eta beti ahazten zitzaiola zerbait aldageletan). Baina inor ez zen konturatu horretaz, garbigailutik atera ninduten arte.

 

Une horretan, gaztearen ama oihukatzen hasi zen, haserre (bera ere kokoteraino baitzegoen bere seme kuttunarekin): "Galtzerdi bakarra! Berriro galdu duzu bestea! Bada, galtzerdi bakar batekin ez dugu ezer egingo! Gainera, hau nahiko zaharra da! Arropa zaharraren ontzira botako dugu, jadanik ez du ezertarako balio eta!". Noski, mutila ez zen nire alde atera, ez horixe! Baina orduan ama konturatu zen ni bustegia nengoela arropa zaharraren ontzira botatzeko une hartan, eta horregatik zintzilikatuta utzi ninduen esekitokian, lehortu ondoren, orduan bai, arropa zaharraren ontzira botatzeko. Eta han ikusi nuen nire etorkizun beltz-beltza: txirrindaren gurpilak garbitzen, edo kotxearen olioa neurtzen duen makila garbitzen, koipez beteta, koipez gainezka, nazkagarria. Edo auskalo zertan erabiliko ninduten arropa zaharraren ontzitik ateratzen baninduten, beti izango zen halako lan bat, horretarako erabiltzen baitira arropa puxka zaharrak etxe gehienetan.

 

Pentsamendu goibel haietan murgilduta etsita nengoenean, amore emateko prest, orduan konturatu nintzen matxarda gehiegi estutu gabe utzi zuela amak, eta indar pixka bat eginez gero nahiko erraz askatuko nintzela. Eta gehiago pentsatu gabe, hori egin nuen, haize bolada xuabe bat aprobetxatu, eta nire burua aske ikusi nuen, etorkizun hobe baten bila. Baina une hartan konturatu nintzen nire egoera arriskutsuaz: 4. solairu batean zegoen arropa-esekitokia!

 

Kontuz egin beharko nukeen hegaldi hura bizirik atera nahi banu abentura hartatik! Hegaldia ez zen arazoa, galtzerdiok ongi baino hobeto baitakigu hegan egiten haizearen besoetan. Nire arazoa ongi lurreratzea zen: estolda-zulo batean eroriz gero, auskalo zer gertatuko zitzaidan, agian estolderietan bizi diren arratoi nazkagarri horietako batek hartuko ninduen bere kabia egiteko; edo errepidearen erdian eroriz gero, agian kamioitzar horietako bat nire gainetik pasatuko zen, eta akabo nire bizitza.

 

Baina egun hartan zortea aldekoa nuen, eta ez nintzen erori kamiotzar baten gurpilen azpian, ez. Kamiotzar baten atzeko olanaren gainean erori nintzen! Eta han nire indar guztiez itsatsita geratu nintzen, jakin bainekien kamioitzar hark urruti baino urrutiago eramango ninduela, abenturen bila.

 

Hala, kilometroak eta kilometroak egin ondoren, halako batean itsasoaren usaina iritsi zitzaidan, eta erabaki nuen han geratuko nintzela, itsasoa ikusteko irrikitan egon bainaiz beti. Eta kamioitik jaisteko beste haize bolada xuabe bat erabili nuen. Bueno, hori da hasiera batean pentsatu nuena, olanatik askatu nintzenean orduan ikusi bainuen haize bolada ez zela xuabea, bortitza baizik! Eta hara, itsasora eramaten ninduen haizeak, nik haren kontra ezer egin ahal izan gabe; nik ezin nuen borrokatu indar handi haren kontra.

 

Etsita nengoenean, berriro ere zortea nire alde jarri zen, eta gogorra zen zerbaiten kontra egin nuen talka. Han bukatu zen nire hegaldi behartua, itsasontzi erraldoi baten mastan katramilatuta geratu bainintzen, ez atzera eta ez aurrera. Hala, haizeak pakean utzi ninduen, eta ni lasai geratu nintzen, han trabatuta nengoen bitartean mundua ikusiko bainuen.

 

Eta hala izan zen, itsasontzi hark munduari buelta eman behar baitzion ez dakit zer ikerketa berezi egiteko. Eta ordutik hona, abenturaz abentura nabil munduan zehar. Eta primeran pasatzen dut gauza eta pertsona desberdinak ikusten, eta ez naiz inoiz aspertzen. Eta aspertzen banaiz, beste haize bolada xuabe bat erabiltzeko aukera izango dut eta haizeak eramango nau, zortea lagun.

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia