Eguneroko legez 7:40an autobus geltokira jaitsi naiz. Hau nire etxetik 20 metrora dago, argiago esanda nire pisuko portaletik 20 metrora. Nire pisutik portalera 42 eskailera daude guztira eta portaletik geltokira, gutxi gorabehera, 50 pausu.
Gaur ez nago ni bakarrik, eta hori ez dakit seinale ona ala txarra den, zeren goizeko ordu hauetan ni bakarrik egoten naiz geltokian. Agure zahar bat dago bere bastoia eskuan duela. Ile zuri-urdina dauka, belarri atzeetan ile urdina dauka eta buru atzean zuri-zuria. Kopeta izugarria dauka, dituen ile sarreren errua izango da agian. Kirol zapatila zuriak ditu, kanpoaldeetan marrazki urdin batekin, galtzak “txantxilo” moduan dituenez, galtzerdi gris ilunak ikusten zaizkio eta kotoizkoak eta urdinak dira, nire aitak lanerako erabiltzen zituenen modukoak. Daukan tripa kozkorra tapatzeko eta babesteko artilazko jertse bat dauka, lepotik alkandoraren lepo zuriak bistan utzirik. Nik uste alkandoraren azpitik kamiseta daramala.
Oraintxe haize bolada bat etorri da eta bere usaina usaindu ahal izan dut, egia esan, ez du oso ondo usaintzen, izerdi usain apur bat du.
Denbora inoiz baino azkarrago igaro zait eta ni ohartu naizenerako autobusa joaten hasi da. Korrika joan naiz eta gidaria jatorra delako edo ez dakit zergatik, baina gelditu egin da, ni igo nadin.
Paisai-Antxorako bidea ere inoiz baino motzagoa egin zait aitona harengan pentsatzen eta erabaki dut ezin dudala aitona deitzen jarraitu eta izen bat jarri behar diodala.
Autobusetik korrika batean jaitsi eta portuko sarrerarantz joan naiz, atea zabaldu didate eta dida batean fitxatu dut. Kobratuko ez dudan beldur naizela esan beharra daukat eta horregatik mugitzen naiz hainbeste goizetan.
Portuan lan egiten dudala jada esan dut, baina zamaketaria naizela ez. Ba hori, itsas ontzietatik zamak kentzen eta jartzean datza nire lana. Oso lan erraza dirudi, baina ez da batere erraza, garabi-beso batekin zamaren bat hartzean kontu handia eduki behar da beste langileren bat azpian ez harrapatzeko, zama lurrean kontu handiarekin utzi behar da hautsi ez dadin eta ez du zamak lurrera erori behar.
Esan beharra dago batzuetan oso lan aspergarria izan daitekeela, eta askotan ez dut lanik izaten ez baita itsas-ontzirik etortzen hustu edo betetzeko. Egun horietako bat da gaurkoa oraingo itsas-ontzi bakarra kargatu dut eta denbora asko edukitzen ari naiz pentsatzeko.
Agian Jose izena izango du, ez, Jose ez da izen oso alaia, eta agureak begi ondoetan zimur asko zituen, nik uste, gaztea zenean barre asko egin zuelako dela, eta izen alaia eduki behar du. Inazio izena oso alaia da, baina ez nau konbentzitzen. Beno oraingoz “busman” deituko diot.
Ingurura begira jartzen naizenean triste sentitzen naiz, nire bizi guztia txatarra artean igaro beharra oso tamalgarria iruditzen zait. Garabitik behera begiratu eta dena burdina zati herdoilduak dira, urak berriz marroi-beltz kolorea du. Kolorea bakarrik balitz pozik egongo nintzateke, ur hori kutsatua baino kutsatuago dago. Baina, egia esan, aurrean daukadan herria, Pasai-Donibane, ez da itsusia, beno, ederra dela onartu behar dut. Ez da batere handia eta horrek xarma berezia ematen dio. Herriaren erdian dagoen elizak edertu egiten duela herria egia osoa da eta atzean dituen mendi berde eta emankorrak atrakzio berezia sortzen du. Atzealdeko herriak, berriz, lehenengo begiradan ez du batere erakartzen, baina zerbait edo norbait ez duzula gogoko esateko barrutik ezagutu behar da. Ni lehenengo aldiz Antxora etorri nintzenean ez zitzaidan batere gustatu, baina zenbat eta gehiago murgildu herrian orduan eta gehiago lotzen ninduen, bere kale estuek eta jendearen harrera onak bertan gelditzera bultzatzen ninduten.- “ui ba, eguneko bigarren itsas-ontzia urrutian ikusi dut, hau lanean hasteko seinale garbia da” Urduri jaiki naiz gaur, baina ez dut ulertzen zergatik. Beti bezala korrika batean ohea egin, jantzi, gosaldu eta atzo gauean preparatu nuen aldatzeko arropekin betetako motxila hartu eta lasterka 42 eskailerak jaitsi ditut, portaletik irten naiz eta orain ohartu naiz zergatik nengoen hain urduri, “busman” atzoko jarrera berberean dago. Geltokiaren eskuinaldeko eserlekuan eserita, bastoia bi eskuez helduta zutik eta atzoko aurpegi berbera. Beldurtzen hasia naiz, atzo autobusa hartu nuenean pentsatzen nuen berak ere hartuko zuela, baina, ez, ez zuen hartu, gainera “agur” luze eta alai batekin agurtu nuen, baina ez zuen erantzun, agian mutua izango da. Gaur eskuarekin agurtuko dut, ea nola erantzuten duen.
Autobusa ordua baino lehen etorri da, eskerrak niri 10 minutu lehenago geltokian egotea gustatzen zaidan, justu-justu joango banintz autobusa galdu dezakedala pentsatzeak beldurtu egiten naiz. Autobusera igo, txartelarekin ordaindu orduko sirena hots hori entzun eta eskua altxa dut “busman” agurtzeko. Aupa! Gaurkoan aurpegiko keinua aldatu egin du. Agian ez da seinale ona, baina horrek esan nahi du ez dela pertsona hotza eta nire ustez hori seinale ona da.
Gaurko eguna ez da batere egun normala izan, oso alai egon naiz egun osoan, nagusiak izugarriak esan dizkit kaxa bat ez baitut itsas-ontzira sartu eta bere bideari ekin dionean bira eman behar izan du “zamaketariaren erruz” – nagusiaren hitzak-. Baina ez naiz ez haserretu, eta gutxiago goibeldu. Gaur goizeko gertaerak eguna alaitu dit eta jada biharko eguna hasteko gogoa dut. Gaur zirraraz beterik eta hain pozik nengoen izena jarri diodala “busmani”, ANBROXIO izango da bere izen tenporala, egiazko izena jakin arte.
Ohean etzanda eta ezin lo hartu. Hori ez da normala. Gainera, bihar 7:00etan gora. Bazkaria eta motxila ez ditut prestatu. Orain jaikiko naiz, beno ez, jaikitzen banaiz, gero bai ezingo dudala lo hartu. Anbrosio bihar ere geltokian egongo al da? Ziur asko bai, egun hauetan hor egon bada bihar ere bai.. ordu erdi. Joder! Eta ni oraindik esna, arreba bezala, begi zuloak tapatzeko pintatzen hasi beharko dut. Joxeri (nire lankidea) egunero esaten diona nik entzun beharko dut “A zer piura, ez al dizu lotsa ematen aurpegi horrekin lanera etortzea. Ez dut inoiz zuek bezalako langile desastrerik eduki, hau da hau marka”, ez diot buruari gehiago eman behar, bestela… bestela? Bestela zer, uf… hala ba beste ordu erdi aurrera. Pastillak? Ez da ideia txarra, horrela lo gehiago egingo dut, errezeta eskatu beharko dut. A zer rolloa, lo egin nahi dut!
Iratzargailuak jo du eta nekaturik esnatu naiz, badirudi azkenean lo hartzea lortu nuela berandu bazen ere. Nekaturik egon arren inoiz baino azkarrago jaitsi ditut nire eraikineko 42 eskailerak. Eskaileren bukaeran izugarrizko saltoa egin dut eta ia portaleko atearen kontra bete-betean joan naiz, baina ez! Anbrosio ikusi eta formaldu egin naiz, ez dezan pentsa behar den bezala ibiltzen ez naizenik.
Autobusa berandu dator, kakatzarra lanera berandu ailegatuko naiz, beno, beste alde batetik begiratzen bada, Anbroxiorekin hitz egiteko aukera bat izan daiteke. Zer esango diot? “zer moduz goiza?”, ez lehenengo izena galdetuko diot eta horrela ez diot Anbroxio deitu beharko, ez, ez, baina zer pentsatuko du hori galdetzen badiot? Tontoa naizela, hobeto “egunon” gozo batekin hasiko naiz eta gero autobusaz zer edo zer galdetuta, ondo. Banoa ba, arnasa sakon hartu eta… kaka, autobusa dator. Bihar izan beharko du ba.
Aspertuta bizi naizela frogatua dago, beno ez da froga handirik egin behar hori jakiteko, aurpegira begiratu eta edozeinek esango luke “mutil gizajoa, bizimodu gogorra eduki behar du”, nik gero zuzenketa egingo nioke, bizitza gogorra ez daukadalako, nekagarriak eta koipeztoak dira nire egunak lur planeta handi honetan. Jarraipen berezirik gabeko egun nazkagarriak direla esan daiteke, azken 3 egun hauek ez bezala.
Amets berezi bat egin dut gaur, seinale bat dela uste dut. Autobus geltoki batean txakur zahar bat aurkitu nuela egin dut amets, eta txakur horri Anbroxioren antza hartu diot, ez fisikoan noski, izaeran. Biak isilak, beldurtiak eta niri zirrara sortzen didan beste zer edo zer hori dute biak.
Txakurrak, hasiera batean, beldur zidan, baina denborarekin konfiantza hartu zuen eta ukitzea lortu nuela uste dut. Gerokoaz ez naiz oso ondo gogoratzen momentu horretantxe bertan golpetik esnatu bainaiz.
Betiko legez eskailerak jaitsi, portaleko aterantz joan, ui ba, landare berri bat jarri dute, ziur 4. pisuko Tomaxak jarri duela, landareak baitira bere lagunik onenak, hori esaten du berak, portaletik atera eta hor dago… baina, baina hau ezinezkoa da, amets gaiztoa da, atximur egingo diot nire azal garbitu berriari. Autx! A ze mina! Ez, ez, ez, ez da ametsa, Anbroxio ez dago geltokian. Agian ez da esnatu oso nekatua zegoelako, baina nolatan? Hotz egiten duelako ez da atera ala ez zuelako gogorik.
Inoiz baino lan gehiago daukagu eta nik, betebeharretarako inoiz baino gogo gutxiago. Buruari bueltak ematen ari naiz eta ez dut ulertzen, zer arrazoi zuen Anbroxiok 3 egunetan autobus geltokian egon eta seinalerik utzi gabe desagertzeko, ezinezkoa zait ulertzea. Gauza asko ari zaizkit bururatzen, hobe orri batean idazten baditut horrela argituko zaizkit. Lista egin ondoren banan bana aztertu eta baztertuko ditut: lo geratu da, iratzargailua jartzea ahaztu zaio edo pilarik gabe geratu zaio, ez zuen etxeko goxotasunetik urrundu nahi, ez, ideia hau ez zitzaidan otu ere egin behar, baina egia bada, ez,ez. Ala bai. Burutazio hau nigandik aldentzeko egunkaria hartu eta begiratzea da, non dago egunkaria? Ez badut erosi ezin dut eduki, ze inozoa naizen. Lortu behar dut, etxera iritsi arte ezin dut aiduru egon, lankideren batek edukiko du agian, baina ez dakit familiarik edo lagunik bazuen eta ez bazuen inork ezin zuen egunkarian hil-mezurik argitaratu. Gainera, ez dakit ze egunkaritan argitaratuko luketen bere lagun edo familiartekoek, onena lanetik atera bezain pronto kioskoan dauden egunkari guztiak irakurtzea izango da, horrela gogoeta hau ez dut listan idatzi beharko, hori da behintzat nik nahi dudana. Ezinezkoa da, erantzuna EZ izango da.
Ordua da, lanetik atera naiz eta kioskoa bilatzera joan naiz, ez baitakit non dagoen, ez dut egunkaria inoiz erosten eta. Beno, lehenengo “Berria” hartuko dut, ondoren “El Diario Vasco”, beno, bi hauetan ez bada agertzen erantzuna ez dela ziurtasunez esan dezaket. Egunkariak ordaindu ditut eta autobusa hartu dut etxera joateko.
Beldur naiz, ezin dut egunkariaren lehenengo orria ere zabaldu. Eta nik pentsatutakoa egia bada? Nire bizitzak duen zoriontasun apurra haizeak eramango luke. Orduan bai, nire bizimoduak ez duela ezertarako balioko. Hiru egunetan bizitza guzian bizitu ez dudana bizitu dut. Aitona bat zen, bai, baina niri goizak alaitzen zizkidan, ez goiza bakarrik, egun osoa. Bera gabe nire arima hutsik dago, ez poz, ez tristura, ez du sentimendurik.
Ireki dut “Berria” egunkaria, ez dago eskelarik. Bigarren egunkaria irekitzeko momentua da orain, ez nago prest, baina, jakin-minak irekitzera bultzatzen nau. Orri oso-oso bat dago hil-mezuz betea, baina nik ez nekien Anbroxioren egiazko izena, nola jakingo dut bera den? A! batzuek argazki bat daramate ondoan. Juanita Rekalde, Alaitz Goikoetxe, neska gaixoa 17 urterekin bizia galdu du, oraindik bizitzeko zeukan guztiarekin… ez! Joantxo ez, mesedez! Joantxo gizajoa!
7:00ak puntuan. Joantxoren, hau da Anbroxio aitonaren hileta hasi berri da. Apaiza bere sermoia ematen ari da ni beste mundu batean nagoen bitartean. Herriko eliza handia da eta oso zaila da dena betetzea, baina harriturik nago, hiru pertsona soilik etorri gara Anbroxio agurtzera, nik uste baino lagun eta familiarteko gutxiago zituen. Anbroxioren beste gauza asko bezala, hori ere harrigarria egiten zait. Horietako zeinek ordainduko zuen hileta hau? Agian Joantxo berak lehenagotik den-dena prest zeukan. Baina beno hori ez da nire kontua.
Hiru egun horietan bizitutakoa, edo bizitu nahi izan dudana, ez zait inoiz ahaztuko eta gutxiago Anbroxioren aurpegi zimurtua geltokian eserita egoten zenean, bere bastoia… berarekin eraman baitu nire bizitzak zuen zoriontasun apurra.
atzera