Galtzagorri Elkartearen webgunea

Gipuzkoako Foru Aldundia

2008

Uretan murgildutako abenturakTxuriurdin

Orain dela urte asko, 1892 aldera, ez zeuden orain bezalako garraiobiderik: autobusak, hegazkinak, automobilak, kamioiak, itsasontziak, trenak… eta ondorioz, egurra almadien bidez garraiatu behar zen.

Aezkoa izeneko herri nafarrean, Jokin izeneko almadiero apal bat bizi zen baserri eroso batean. 47 urte zituen, ile beltza eta zaharragoa egiten zion bibote luze bat zuen. Beti txapela bat eramaten zuen eta asko jaten zuenez, nahikoa gizena zegoen. Gizonak egurraren ebaketan lana egiten zuen. Ondoren, almadietan garraiatzen zuen Aezkoa inguruko ibai batetik Aragoi edo batzuetan Tortosaraino, eta bertan saldu egiten zuen. Bere lana oso gogorra zen. Goizeko seiretan esnatzen zen beste lagun batzuekin egurra ebakitzera joateko eta gero bere almadia eraikitzen zuten. 1893.urteko martxoaren egun hotz eta euritsu batean, Jokin, egunero bezala, goiz esnatu zen eta gosaldu ondoren (behi esnea bere abarasketatik ateratako eztiarekin gozatua), basorantz abiatu zen bere aizkorarekin. Baina ordu asko zuhaitz handi asko ebakitzen igaro behar zuenez, indarra berreskuratzeko ondo etorriko zitzaizkion elikagai batzuk hartu zituen.

Ordu bat baino gehiagoko ibilaldia egin eta gero, bere lagunekin elkartzen zen, bere lana hasteko. Zuhaitzak oso lodiak ziren eta oso zaila egiten zen ebakitzea, horregatik bere lanabes baliotsua (aizkora) denbora askoz erabili behar zuen esku artean. Sei ordu pasatakoan, almadiero guztiak lur jota zeudenez, bazkaria egitea erabaki zuten. Horretarako, bi lagun adar txiki batzuen bila joan ziren eta beste bi harri gizen batzuen bila sua egiteko eta berarekin berotzeko. Bitartean, Jokinek eta bere lagunik hoberenetarikoak, Pedrok, motxiletatik besteen janari guztia atera zuten. Almadieroaren laguna pixka bat gazteagoa zen. 40 bat urte zituen eta Jokin baino askoz ere argalagoa zen. Beste lagunak adarrekin eta harriekin iritsi zirenean, sua egiten hasi ziren eta lortu ondoren, zartagin bat jarri zuten gainean eta bertan beren behi eta arkumeen haragiak jarri zituzten. Baita ondo itxita zegoen lapiko batean ekarritako salda ere. Ah! Eta Nafarroako Erriberako ardoa ez zen falta, pixka bat gehiago berotzeko.

“Betekadaren”ondoren eta jota luze batzuk abestu eta gero, beraien lanarekin jarraitu zuten. Arratsaldean, goizean egindakoa errepikatu zuten: ebaki eta ebaki. Eguzkia ezkutatzen hasi zen eta gizon guztiek beren etxerako bidea hartu zuten. Hurrengo egunean berdin egin zuten, eta hurrengoan, eta hurrengoan…

Aste batzuk igaro ondoren eta nahikoa egur zutenean, almadia eraikitzen hasi ziren, egurrak lotuz. Sei egun pasatakoan garraiobidea ondo lotuta eta ibaiaren ur hotzetan irristatzeko prest zegoen.

Jokin eta Pedro almadian ontziratuko ziren eguna iritsi zen. Jokinek goizeko bostetan utzi zuen bere baserria, ohikoa baino lehentxeago eta bizigai guztiak hartu bezain laster, Sorginen Txoritxo zubirantz joan zen. Zubia baso hostotsu baten amaieran zegoen eta bertan bere lagun Pedrorekin elkartuko zen lekua zen. Beraien lagun guztiak han zeuden almadia ibaira botatzeko eta munduko zorte guztia desiratzeko. Azkenean, ordua iritsi zen. Almadia ibaira bota eta bizigai guztiekin gainera igo ondoren, Tortosarantz, Tarragonako probintziarantz beren bidaia hasi zuten. Dena ondo joaten bazen, hiru astetan beraien helmugara iritsiko ziren.

Momentuz dena oso ondo zihoan, ez zen egurrik askatu eta urak lasai zeudela ematen zuen. Sei egun pasa ondoren, Zaragozara iritsi ziren. Hortik aurrera, bidaiak ibai motz batetik eta gero Ebrotik jarraitzen zuen.

Jokin eta Pedro oso pozik zeuden ez zutelako ezbeharrik izan. Apirileko goiz batean guztia erabat aldatu zen. Bi lagunok zerura begiratu zuten eta laino beltzak hurbiltzen ari zirela ikusi zuten. Ahal zutenean gelditu beharra zeukaten, baina ezin zuten haize bortitza zelako. Gainera, hori gutxi izango balitz, euria egiten hasi zuen eta geroz eta gogorrago. Momentu horretan, bi lagunak leku zail batetan zeuden, alde batetik estua zelako eta bestetik harkaitz handiak zeudelako. Oso izuturik zeuden eta ez zekiten zer egin horrelako ekaitzaren aurrean. Bat-batean, almadiak buelta eman zuen eta bi lagunak uretara erori ziren. Korronteak eramaten zituenez, oso zaila zen adar bati heltzea zuhaitzak ibaitik oso urrun zeudelako. Gelditu ezin zutenez, halako batean, Jokinek tamaina handiko harkaitz batekin kolpeatu zuen burua. Biek garraisi egiten zuten laguntza eskatuz, baina inork ez zien entzuten, hitz egiterakoan ura irensten zutelako.

Bitartean, gertakizunaren lekutik metro gutxi batzuetara, bere meta zaintzen ari zen ikazkin batek ibaitik zetozen ahots batzuk entzun zituen. Ikazkinaren izena Luis zen eta txabola batean bizi zen bere aitarekin. Gizon honek 50 urte inguru zituen, ile zuri eta motza zuen eta bizar luzetxo bat zuen. Meta zaintzez utzi eta bere astarekin presaka ibaiaren ertzera abiatu zen. Bertan, korronteak eramaten bi pertsona ikusi zituen. Orduan, astoak lepoan zuen soka hartu eta indarrez uretara bota zuen, pertsona bat salbatzeko asmoz. Ikazkinaren punteria onari esker, Pedrok soka eustea lortu zuen. Indar pixka batekin Luisek Pedro atera zuen uretatik. Baina oraindik Jokin geratzen zen. Korronteak eramaten zuen eta Luisek bere atzetik korri egin zuen. Indarrarekin bigarren aldiz soka bota eta almadieroa salbatzea lortu zuen.

Jokinek zauri sakona zuen buruaren eskuinaldean eta ondorioz konorterik gabe geratu zen. Luisek lurretik adar handi eta luze batzuk hartu zituen eta sokarekin lotuz, ohatila antzeko bat egin zuen.

Ikazkina eta Pedroren artean, zauritua etzan eta astoaren gainean jarri zuten. Pedrok eta Luisek badaezpada ere eutsi egiten zuten, erori ez zedin eta korrika segundo batzuk ibili ondoren, ikazkina bizi zen etxe txikira heldu ziren. Sartu bezain laster, ohe batean etzan zuten Jokin. Konorterik gabe jarraitzen zuen. Minutu batzuk pasa eta gero, zahar, txiki, gizen eta buruan ilerik ez zuen gizon bat sartu zen etxean. Andres zen, Luisen aita. Ikazkinaren aitak zauritu bat zegoela ikusi zuenean, egurrezko armairu zahar batetik zenbait gauza atera eta zauria sendatzen hasi zen. Sendatu ondoren Jokin esnatu egin zen. Kolpe gogorraren ondorioz ez zekien oso ondo non zegoen, baina bere bizitzako istorio batzuk kontatu ondoren, denetaz gogoratu zen. Gaixoak aste bat ohean igaro behar zuenez, Pedrok Luisi laguntzen zion ikatza metatik ateratzen.

Zazpi egunak pasa ondoren, almadieroa sendatuta zegoenez, beren bidaia jarraitu beharra zuten. Baina beren almadia puskaturik zegoen. Orduan, Luisek eta Andresek almadieroen eta inguruko herriko lagun batzuen artean, almadia berri bat eraiki zuten hiru egunetan. Orduan, bi lagunak ikazkinak egindako lana eskertzeko asmoz, Luisi gonbidatu zuten beraiekin batera joateko. Ikazkinak baietz erantzun zien. Hurrengo egunean, almadia prest zegoenean, hiru lagunak bertara igo eta uretan murgildu ziren. Hortik aurrera bidaia erraza zen, ibai motz batetik eta ondoren Ebro ibaitik jarraitzen zuelako eta bertako urak Aezkoakoak baino lasaiagoak zirelako. Hiru lagunak oso ondo pasatzen zuten batak besteaz barre eginez. Korronte handiak zirenean, batzuetan uretara erortzen ziren, beste batzuetan, haize handiaren eraginez, garraiobideak buelta ematen zuen. Norbait uretara erortzen zen bakoitzean, atzean gelditzen zen eta almadieroek almadia gelditu beharra zeukaten erori zen pertsonari laguntzeko. Gero, almadiara igotzen zenean besteak bustitzen zituen eta ondorioz izugarrizko barreak botatzen zituzten. Beren adiskidetasuna oso handia zen eta urte askotarako iraungo zuela zirudien.

Apirilaren hasierako egun bat zen eta zerua erabat lainotuta zegoen. Almadieroak oso pozik jarraitzen zuten. Izengabeko ibaitik (lehen aipatutako ibai motza) zihoazen eta halako batean trumoiak entzun eta euria egiten hasi zen. Hodei bat bakarrik izango zela pentsatu zuten eta ez zioten garrantzi handirik eman. Baina ez zen horrela izan, gero eta euri gehiago egiten zuen eta ibaia egoera txarrean zegoen. Hiru lagunek ez zekiten zer egin eta ibaiaren ertz batean gelditzea erabaki zuten, baldintza horietan ezin zutelako jarraitu. Almadia “aparkatu” eta ingurua aztertzen hasi ziren: paisaia berdea zen eta ibaiaren alboetan zuhaitz handi eta altuak zeuden, lore ederrez inguratuak. Beraiek zeuden lekutik, zubi estu eta zahar bat ikusten zen eta urrunean, herrixka txiki batzuk ere antzematen ziren. Ez zekiten zer egin, atzera bueltatzea ezinezkoa eta oso arriskutsua zelako. Almadieroak pentsatzen hasi ziren, ideia bikain bat bururatuko zitzaielakoan. Halako batean, gertutik hiruzpalau tiro entzun zituzten eta zuhaitz baten atzean ezkutatu ziren beldurraren beldurrez eta ez bustitzeko.

Eskopetatik ateratzen ziren soinuak gero eta gertuago entzuten zituzten. Horietako batek ia-ia almadiero baten gorputza zeharkatu zuen. Ehiztari batzuk zirela pentsatu zuten eta almadieroek oihuka hasi ziren, gelditzeko esanez. Halako batean, ehiztariak ez zirela ikusi zuten, dozena erdi bat lapur gaizto baizik. Lapurrak almadieroei harriak botatzen hasi ziren, eta kolpeen ondorioz zorabiatu eta lurrera erortzen hasi ziren. Ebasleak lagunengana hurbildu, soka batekin estu lotu eta gertu zegoen txabola batera eraman zituzten arrastaka. Bertara iritsi zirenean eta almadieroak non zeuden konturatzean, oihuka hasi eta sokatik askatzen saiatu ziren, baina ezinezkoa zen. Txabolaren inguruan baratza txiki batzuk zeuden eta bertan, nekazari gazte bat zegoen tomateak, letxuk, azaloreak… biltzen. Nekazaria oihuak entzun bezain pronto txabolarantz abiatu zen, zer gertatzen zen ikusteko.

Pauso azkarrak eta handiak eman zituen eta nahiko urduri zegoen. Egurrezko txabola txiki eta zaharrera iritsi zenean, atea jo eta zer esango ote zuen pentsatzen hasi zen. Bat-batean atea ireki eta gizon sendo eta handi bat agertu zen txabolaren atearen atzetik. Lapurrak, nekazaria ileetatik heldu eta barrurantz bultzatu eta almadieroekin lotu zuen. Presoak builaka hasi ziren, baina alferrikakoa zen. Zerbait esaten zuen bakoitzean, lapurrak egur astun batekin jotzen zituen. Arratsaldea zen eta eguzkiak sendo argitzen zuen zeuden logela. Lapurrek ez zieten jatekorik ematen eta lau presoak goseak zeuden. Lapur bat txabolatik atera eta inguruko baratzetako batera joan zen afaltzeko zerbait lapurtzeko asmoz. Bertara iritsi zenean, mota guztietako barazkiak lapurtzen hasi zen. Haietatik gertu zegoen “benetako” ehiztari batek lapurra ikusi, eta tiro bat egin zion eta ondorioz, minaren minez lurrera erori zen.

Bitartean, txabolan lapurrak oso urduri zeuden bere laguna etortzen ez zela ikustean. Orduan, beste bat beraren bila atera zen. Ehiztaria ez zen azken tiroa bota zuen lekutik mugitu eta beste bat zetorrela ikusi zuenean, beste tiro bat bota zion. Hau ere ziztu bizian lurrera erori zen. Ehiztaria pozik zegoen, berarentzat ia joko bat bilakatu baitzen. Etxe zahar eta txikian zeuden bi lapurrak erabat beldurtuta zeuden eta bietako bat bikotearen bila atera zen. Baratzetara abiatu zen eta bere bi lagunak lurrean etzanda ikusi zituenean, beraiengana joan zen korrika. Bertan zegoenean, ehiztariak berriro ere tiro egin eta punteria oso ona zuenez, hirugarren lapurrari eman zion. Etxean gelditzen zen azkeneko lapurrak jada ez zekien zer egin eta presoak bertan utzi eta txabolatik atera zen. Baratzetara begiratu eta bere lagunak bertan etzanda zeudela ikusi zuen. Hau ere, lehengoa bezalaxe korrika joan zen beraiengana, pauso handiak emanez. Iritsi zenean, bere lagunak hilik zeuden eta negarrez hasi ziren. Ehiztariak, gelditzen zitzaion azken tiroa bota eta momentuan hil zuen. Ehiztariak balak amaitu zitzaizkiola ikusterakoan, alde egin zuen pozaren pozez. Bitartean, txabolan, lau presoak soka askatzen saiatu ziren. Minutu gutxi igarotakoan, Jokinek esku bat askatu zuen eta praketako ezkerraldeko poltsikoan zuen laban txikia atera zuen. Berehala soka moztuta zegoen eta lau lagunak txabolatik atera ziren. Pedro, baratzetara begiratu eta lapurrak bertan hilik zeudela ikustean, saltoka hasi zen pozez. Joxepo izena zuen nekazaria, bere baratzera hurbildu zen bere lagunekin. Jateko zertxobait hartu eta bere etxerako bidea hartu zuten. Etxea txabolatik gertu zegoen, baina bertara iristeko bidea lokatzez betea eta oso harritsua zen. Etxea kanpotik oso polita zen, txuriz margotua, lau leiho zituen eta bi balkoi zoragarri, lorez apainduta. Etxera sartu eta afaltzeko zerbait prestatu zuen nekazariak. Afaldu bezain laster, oheetan egokitu eta berehala lo hartu zuten, oso nekatuta zeudelako. Hurrengo egunean goiz esnatu ziren, beren bidaia jarraitu behar zutelako. Esne pixka bat edan, Joxepori eskerrak eman eta ibairantz abiatu ziren. Iristerakoan, beren almadia utzi zuten lekuan zegoela ikusi zutenean, bertara igo eta berriro ere, uretan murgildu ziren. Tortosarako bidean, ez zuten ezbeharrik izan eta bost egun pasatakoan, aipatutako Kataluniako herrira iritsi ziren. Bertara ailegatu bezain laster, erosleei egur guztia saldu eta irabazi zuten diruaren erdia Luisi eman zioten, modu honetara hiru lagunen abentura amaituz.

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia