Egun batetik bestera bizitza osoa erabat alda diezagukeen zer edo zer gerta dakiguke; zorionez edo zoritxarrez.
…
Urte hura ez zait burutik berehalakoan aldenduko, ez horixe. Nire bizitza zentzu guztietan aldatuko zelakoan nengoen. Eta asmatu nuen, noski.
Nire barru guztia aldatu zuen zoritxar hark, ezusteko hark. Ezin nuen sinetsi. Ziur nago duela denboraldi bat kalean jolasten zuen haurrak ez zukeela sekula pentsatuko aurrerago horrelakorik gerta zekiokeenik, eta, are gutxiago, zurekin.
Ezagutu zintudan momentutik zerbait sentitu nuen, zerbait berezia; inorengan inoiz sentitu gabeko zer edo zer zen. Desberdina. Hitzek ezin esplika dezaketen zerbait zen. Esan bezala, ezin esplikatu “zerbait” hori, ordea.
Benetan baikorra zinen, edozein egun triste, egun beltzenean ere irribarrea sortzen zitzaidan ezpainetan, zurekin hitz egitearekin soilik. Imajinaezina da sortzen zenidan zirrara. Zeure begi argiek askatasun gorria transmititzen zidaten. Edozein egunetan txantxangorri bat bezala senti nintekeen. Zeure begiak ikustearekin bakarrik. Sinestezina. Zeuk betetzen zenuen neure bizitza. Ez nuen zeu galtzerik nahi, zeren huts sentituko bainintzatekeen.
Bizitza zoriontsua nuen. Itxaropentsua. Esnatzen nintzen unetik neure aurpegian irribarre zabal eta alaia aurki nezakeen margotuta komunera joan eta ispiluaren aurrean jartzen nintzenerako; guztiak zuen zeure itxura, eta, horrexegatik, egun osoa zeu buruan zintudala igarotzen zitzaidan. Oso azkar. Gaua iritsi, eta desiratzen egoten nintzen ohera joan eta amesten hasteko. Zeurekin amets egiteak beste mundu batera salto egiteko beta ematen zidan. Arrosa koloreko mundu zoragarri batera.
Egunak aurrera joan ahala, gehiago maitatzen zintudan. Zeureganako maitasuna bihotzean sartuko ez zitzaidanaren susmoaz ere beldurtzen hasia nintzen dagoeneko, sentimendu izugarria sorrarazten baitzenidan. Zeuk bazenekien, eta neuk ere banekizkien zeure barruak sentitzen zituenak. Hala eta guztiz ere, maite zintudan. Maite zintudala esatea gutxi da. Zeu zinen neure bizitza, nahiz eta ez nahi. Nahi nuen, ordea.
Maitasunak ez du erremediorik.
Zeuk ez ninduzun maite. Baina nahi gabe izanda ere zoriontsu egiten ninduzun. Nahi gabe...
Egun arrunt batean nirekin hitz egiteari utzi zenion arte...
Zergatik, ordea?
Esplikaziorik eman gabe, azken adiorik gabe...ez nuen ulertzen. Konprenitu nahi eta ezin. Ez nion zentzu argirik aurkitzen egin zenuenari. Egun batetik bestera bizitza aldatu zitzaidan, arrazoirik gabe. Zeure erruz.
Gaizki sentitzen nintzen, egunero egiten nuen negar. Errudun sentitzen nintzen eta, guztiaren gainetik, ez nekien zergatik. Zenbat malko...inoiz neure begietatik isuri gabeko malko gogor eta sendoenak irristatzen ziren maiz neure masailetan behera...desagertzen ziren arte. Etsiturik nengoen guztiz. Ezerk, zeu gabe ezerk ez zuen zentzurik, eta egunak aurrera joan ahala tristurak amildu ninduen.
...
Kontu bat jakinarazi behar zenidala, eta neurekin gehiago ez zenuela hitz egin nahi aurpegiratu zenidan. Aspertu egiten zintudala, eta aurretik izandako harremana, urte oso-osoa, gezurra izan zela aitortu zenidan. Ez zenidala minik egin nahi, baina hori zela egia bakarra.
...
Pertsona bat senti daitekeen egoera okerrenean sentitzen nintzen. Engainatuta guztiz. Urte horretan guztian gezur batean bizi izan banintz bezala ikusi nuen neure burua. Neure bizitzak izugarrizko aldaketa nabaritu zuen egun haietan.
Ez nizula inoiz eta inolaz ere barkatuko zin egin nuen. Ez nuen zeugandik inoiz hori espero izan, gertatu zen arte. Ez zenirudien halako pertsona; hain faltsua, egia esateko ere beldur zena... ez zinen neuk pentsatu bezalako pertsona zoragarri, maitagarri edota umila. Neuk baietz uste nuen, baina berez ez zintudan egiaz ezagutzen. Beste norbait zenirudien. Egun batetik bestera eraldatutako norbait.
Ez zenuen barkamenik merezi. Inorengandik.
…
“Izugarrizko gorrotoa…maitasunetik zer? Eta zuzenean korromiora. Sinestezina, sinesgaitza. Nik zer dakit! Arrazoirik ere eman gabe, aizu! Eta, gainera, ni sentitu behar errudun! Mesedez e… Nork uler zezakeen hori? Nik ez, behintzat! Dedio! Orduan zer egin behar nuen ba nik? Joder…pentsatze hutsarekin…itxaron bakarrik. Beno, itxaron itxaron…ez! Agur betiko, txo! Joan hadi etorri hintzen leku beretik!”
...
Desagertu zinen neure bizitzatik. Hein handi batean behintzat.
...
Banekien. Hain sentimendu sendo, gogorrak izanda, ezin izango zintudan sekula ahantzi. Zaila da ulertzeko, baina erraza sentitzeko. Ez nintzen zutaz oroitzen, zeuk sentiarazi zenizkidan momentuez, baizik.
Gorrotoa nizun. Izugarrizkoa. Ez dut uste norbait zu bezainbeste gorrotatzera iritsiko naizenik. Ia imajinaezina da ikusten zintudaneko hotzikara gaiztoa. Gorputz osoa goitik behera, ezkerretik eskuinera zeharkatzen zidan dardara.
Ez nuen zu ahazterik lortzen.
Denbora igarotzen zihoan heinean desagertzen ari zinenaren sentsazioa sentitzen nuen, neure bizitzan ezer izan ez zinenaren sentsazioa. Hutsarena. Inoiz ezagutu gabeko pertsona bezala ikusten zintudan. Ezezaguna... Baina, betiere, gogortasun batek gertatutakoa ez ahazteko esaten zidan barru-barrutik. Ez dakit nondik.
Bere momentuan hain larria iruditu zitzaidan gertakaria garrantzia galtzen joan zen hilabeteak aurrera joan ahala. Baina, hala ere, lehenengo egunean bezain sinestezina iruditzen zitzaidan guztia, eta hori ez zen inoiz aldatuko.
Oraindik ez nuen ezertxo ere ulertzen...zein izango ote zen neure okerra? Okerren bat egin banuen, noski.
Erantzunik gabeko galderak.
Behin eta berriz galdetzen nion neure buruari nola izan zintezkeen horrelako zer edo zer egiteko gai. Ez nuen ulertzen eta, oraindik ere, inoiz ulertuko ez dudala uste dut.
Horrela joan eta etortzen ziren egunak nire bizitza tristean...batzuetan gaiari buruzko galdera gehiago egiten nizkion buruari besteetan baino...baina, betiere, egunero nuen erantzunik gabeko galdera buruan biraka. Erantzunak noizbait iritsiko zain.
Aurrerago, ez zitzaidan zeure bizitza inporta. Ez nuen gertatutakoaren inguruan inongo esplikaziorik espero. Ez nuen uste neuri berriro ere hitza zuzentzeko kapaza izango zinenik. Iritsi zen gertatutakoari garrantzi zipitzik ere ematen ez nion momentua.
Hainbeste denboraz itxaroten egon nintzen unea ere gerturatu zen...bizitza berri eta zoriontsu bat hasteko prest nengoen. Ilusioz, esperantzaz beteriko bizitza. Zeu gabe.
Zorionez.
Ondo zihoakidan guztia...
Ez nuen zeure hutsunerik sentitzen, ez nintzen zutaz oroitzen...ez nuen ezer jakin nahi zuri buruz, ezta egindakoaz damutzen ote zinen ere. Hala bazen, poztuko nintzen, zeu izan baitzara nire bizitzan, orain arte beintzat, min gehien eman didan pertsona, eta damutzea zenuen egin zenezakeen gutxieneko gauza.
Hilabeteak abiada bizian igarotzen ziren bitartean gustatu ez zitzaidan zerbaitez ohartzen hasia nintzen. Sinetsi ezin banuen ere...faltan botatzen zintudan. Faltan botatzen zintudan, eta gero eta gehiago gogoratzen nintzen zurekin. Ez nuen nahi, ordea.
Beraz, neure usteak ez ziren zuzenak. Ahaztuta pentsatzen nuen pertsona berriz ere buruan nerabilen bueltak eta bueltak ematen. Zeu. Oraindik ere barnean zintudan. Zergatik, ordea? Hori zen orduan egunero behin eta berriz airean geratzen zen galdera. Nola akordatu ninteke zu bezalako pertsona batekin? Berriz ere bizitza berria desagertzen zihoakidala zirudien. Atzeraka nindoala iruditzen zitzaidan...denborak nahita egingo zukeen zerbaiten antzera...baina arrazoia, oraindik ere, argitzeke daukat.
Agian, denboraldi bateko kontua izango zela ere bururatu zitzaidan. Ez nion garrantzi handiegirik eman nahi izan...
Egun arrunt, gris eta esperantzarik gabeko batean barkamena eskatu zenidan arte.
Barkamena.
Urte bat baino gehiagoren ostean.
Zeure eskakizunari erantzunik eman aurretik galderak eta galderak etortzen zitzaizkidan burura. Galdera gehiago. Inoiz neure buruari galdetuko nizkionik ere pentsatzen ez nuen galderak ziren. Zergatik?...
Egia esan, ez nuen sinesten gertatzen ari zena. Hainbeste denbora igaro ondoren...nork esango zukeen berriro ere neure bizitzara itzuliko zinenik? Nik ez, behintzat. Izugarria zen.
Ezustean harrapatu ninduzun. Ez nekien ezer zuri buruz, zer gertatzen ari zen zeure inguruan...ezertxo ere ez. Ezta zein ziren aurrera begirako zenituen espektatibak ere.
Esan beharra daukat barkamen “historikoaren” unean neure begi distiratsuek malkoak isuri zituztela (estreinako aldiz aitortzen dizut). Nik esango nuke zoriontasunaren malkoak zirela. Malko arinak.
...
Bizitza bakarra dugula, eta, beraz, denok denoi bigarren aukera bat zor diogula pentsatzen duen horietakoa naiz (nahiz eta ziur nengoen hasiera hasieratik barkatu egingo nizula). Norbaitek hori oker bat dela pentsa dezake... Nik ez.
Bai ba, barkatu nizun.
Seguruenik bada oraindik erabaki okerra hartu nuela pentsatzen duenik. Baina mundu osoa nire erabakiaren aurka jarrita ere, ez didate iritzia aldaraziko, ziur izan.
Dudarik gabe, hartutako erabakia zuzena izan zen. Ez naiz damutzen. Orain, aspaldi gertatutakoa txorakeria ziztrin bat iruditzen zait. Umeen txorakerien modukoa. Baina horrek ez du esan nahi ahaztuko dudanik. Ez dut sekula ahantziko.
Nire asmoa ez da zeu errudun sentiaraztea, eta badakizu.
Istorio honek supergazi eta supergozo guztien gainetik, bukaera polita izan du. Hala iruditzen zait niri. Ez dut uste inork horrela bukatuko zenik pentsatzen zuenik. Ezta guk geuk ere, ezta?
Gaur egun hasieran bezala da guztia, orain ia hiru urte bezala. Hobea agian. Neuretzat, orain, begi ederreko eta ile kizkurreko mutil maitagarri bera zara. Eta, sinesten ez didazun arren, neure bizitzaren zati bihurtu zara berriro ere, neure bihotzean txoko bat daukazu zeuretzat gorderik. Zeuretzat bakar bakarrik.
Betirako.
Izugarria zarelako. Pasarte luze honen ondoren, berriz ere neure alboan zaitudalako. Beti hemen izatea gustatuko litzaidakeelako.
Lagun bat zarelako.
Maite zaitut.
atzera