Lehenik eta behin aurkeztu egingo naiz. Hamar urte dauzkat baina laster hamaika egingo ditut. Kurtso hau, eskola berri batean hasi dut beste eskolan gustura ez nengoelako irakasleekin. Eskola honi buruz gauza onak entzunda neuzkan eta horregatik etorri naiz hona. Lagun berriak egin ditut eta, batez ere, Mariarekin ibili naiz. Oraingoz eskola honetako nire lagunik hoberena da. Kurtsoa hasi nuenean imajinatu zer urduri jarri nintzen. Ez neukan inor ezaguna, eta guztiek euskaraz hitz egiten zuten. Nik ere, euskaraz dakit baina aurreko eskolan ez genuen ikasten. Soilik, etxean hitz egiten nuen euskaraz amarekin, aitak gaztelaniaz besterik ez zekielako. Beno kontua da, nahiko arraroa egiten zitzaidala euskaraz hitz egitea nire adineko ikaskideekin.
Eskolan sartu bezain laster, irakasleek oso ondo erakutsi zizkidaten eskolako gelak. Gero nire gelara eraman ninduten eta bertan hasi nintzen lagunak egiten. Neska bat bazegoen gurpildun aulki batean ibiltzen zena. Beste bat ere bazegoen, oso altua zena. Berak esan zidan errepikatzen zebilela kurtsoa. Mutil bar bazegoen lehenengo astean hitz egiten entzun ez nuena. Soilik bere izena esaten entzun nion. Tintin edo Risky edo Piti edo ez dakit zer izen zuen. Soilik Alemaniatik zetorrela nekien eta horregatik zuen hain izen arraroa. Auskalo nola deitzen zen. Bazegoen beste neska bat beltzarana zela eta gure hizkuntza ulertzen ez zuena. Baina gelan ia inoiz ez zebilen, euskara ikasten zebilelako maisu berezi batekin. Vanesa deitzen zela uste dut. Harritu ninduena zera izan zen: guztiak txintxo-txintxo ibiltzen ziren gelan. Gogoan dut nire aurreko eskolan ia inork ez zuela hitz egin gabe bost minutu baino gehiago irauten. Ni haietako bat nintzen eta oraindik ere asko hitz egiten dut. Hala ere, lehenengo astean ia ez nuen ezer esan lotsa handia nuelako eta oraindik konfiantza hartu gabe nenbilelako.
Andereñoak esan zuen, laster gaua pasatzera joango ginela gela guztia. Inoiz ez nintzen gaua pasatzera joan nire ikaskideekin. Esperientzia berria izango zen niretzat. Amak esan zidan ea joateko gogoa nuen eta noski, baietz erantzun nion. Ostegun batean joan behar genuen. Egunak pasa ahala lagunak egiten joan nintzen eta Mariarekin ibili nintzen denbora gehiena. Oso jatorra zen eta niri gustatzen zitzaizkidan diskoak entzuten zituen. Beraz, musika batak besteari pasatzen ibili ginen eta horregatik egin ginen hain lagunak.
Txangora joan aurreko gaua iritsi zen. Asteazkena zen eta pianoko klasetik ateratakoan etxera joan nintzen motxila prestatzera eta gero denda batetara lozakua erostera. Dendan era guztietako eta klase guztietako lozakuak zeuden. Kolore askotakoak eta forma askotakoak. Azkenean laranja zen lozakua hartu nuen. ederra zen benetan. Lore batzuk zituen eta niri loreak ikaragarri gustatzen zaizkit. Nire logela, loreen argazkiz beteta daukat. Etxera iritsi ginen eta afaltzen denbora dezente pasa genuen, nire gurasoek bere txikitako txangoetan izandako abenturak kontatzen ibili zirelako. Gero gauero bezala, esne beroa gailetekin hartu eta ohera joan nintzen.
Ohean nengoela eta urduritasunarekin, lo hartzea asko kostatu zitzaidan. Ez dakit baina beldurra nuen ea lozakuan lo hartzea erraza izango zen. Inoiz ez nuelako lozaku batean lo egin. Nire ohea faltan botako nuela pentsatzen nuen. Lo hartzeko, ardiak kontatu beharrean nire logelako loreen argazkiak kontatzen hasi nintzen eta segituan lo hartu nuen.
Hurrengo goizean, goiz esnatu nintzen nire ama txangorako bokadiloa prestatzen ari zela, plater bat puskatu zitzaiolako eta izugarrizko iskanbila egin zuelako. Eskerrak bizilagunak esnatu ez zituela. Patata tortilla gozoa prestatu zidan eta itxura ona zuen. Sobratutako tortilla zati txiki bat gosaltzeko erabili nuen indarrak hartzeko.
Bederatzietako eskolan egon behar nuen autobusa hartzeko. Bederatziak laurden gutxietarako eskolan geunden. Mariarekin saskibaloian aritu nintzen ez aspertzeko eta gero autobusa etorri zenean, amari bi muxu eman nizkion eta aita lanean zegoenez berari etxean eman nizkion bi muxuak. Autobusera igo ginen eta, nola ez, Mariarekin eseri nintzen autobusean. Guztiok batera abesten ibili ginen eta txisteak kontatzen ere ibili ginen. Baina lekura iristeko, orain ez naiz gogoratzen lekuaren izena, aldapa asko zeuden eta errotonda asko ere, beraz biraka eta biraka azkenean mareatu egin nintzen. Andereñoak botaka egiteko poltsa bat eman zidan eta bertan botaka hasi nintzen. Autobusa geldiarazi zuten eta beste gelako andereño batek aire freskoa hartzera eraman ninduen. Hobeto nengoenean berriro autobusera igo eta azkenean leku hartara iritsi ginen. Lehenbizi, etxe hartan lozakuak ohe gainean jarri eta gero motxilak desegin genituen. Ondoren bazkaltzera joan ginen gertuko parketxo batetara.
Parke hartan soilik bi txirrista zeuden baina futbol zelai handia ere bazegoen. Itzaletan eseri ginen neskak eta gure bokadilo gozoak jan genituen. Nire tortilla hotza zegoen baina ikaragarri ona ere. Egin berria bezalaxe. Gehienak bokadiloa ekarri zuten eta pare bat neskek tuper batean jan zituzten xolomo puskak eta horrelakoak.
Arratsaldean, museo batetara joan ginen. Antzinako Egiptoko gauzak zeuden. Erromako historiako bideoa ikusi genuen eta… beno, egia esan, nik Erromako bideoa ez nuen ikusi edo agian bai. Hasieratik kontatuko dizuet zuek ulertzeko:
Sartu ginenean, neska eta mutil batek esplikatu ziguten museo horretan egingo genuena. Gero hasi ginen gauzak ikusten. Antzinako Egipton erabiltzen zituzten ontziak erakutsi zizkiguten. Batzuk nahiko puskatuta zeuden. Tamaina askotakoak zeuden, batzuk txiki-txikiak ziren eta beste batzuk nik baino tamaina handiagoa zeukaten. Ez zen harritzekoa hainbeste jende egotea. Oso interesgarria baitzen. Gero, Nilo ibaiaren ibilbideari buruz bideo motz bat jarri zuten eta hainbeste ur ikusirik pixa egiteko gogoa sartu zitzaidan. Mariari galdetu nion ea niri lagunduko zidan komuna bilatzen eta baietz esan zidanez atetik atera ginen komuna bilatzera.
Kartelik ez zuenez jartzen, bertan zegoen polizi bati galdetu genion eta pasilloan zehar joan behar genuela esan zigun. Bertatik ezkerrerantz eta gero eskuinerantz. Ez genion oso ondo ulertu pasillo hartatik komunera iristen ez ginelako. Horren ordez, faraoien momiak zeuden leku batetara iritsi ginen. Jainko batzuen irudiek babesten zuten faraoiaren momia. Gero momiara gerturatu eta ez zegoela ohartu ginen. Izugarrizko beldurra geneukan momentu hartan. Baina hori ez da dena. Gero norbaitek atzetik galdetu zigun ea zer egiten genuen han eta buelta ematerakoan faraoia zela ohartu ginen. Faraoiak jainkoen irudi batetara lotu zigun soka batekin eta ahoa estali gintuen. Momentu hartan pisa egiteaz ahaztu nintzen. Gero Mariak eskuak askatu zituen, ez dakit nola eta ni askatzen saiatu zen baina orduan faraoia etorri eta Maria momifikatu egin zuen. Ezin zen mugitu eta nik ikara handiz oihu egin nuen, baina inork ez zidan entzun.
Faraoia joan egin zen eta nik jainkoaren irudiak hautsi eta horregatik askatu egin nintzen. Gero Mariari hartu eta benda hura kendu nion. Baina Maria ez zegoen bertan! Orduan zein zen momifikazio horren azpian zegoen mutiko gaztea? Segituan konturatu nintzen plastikozko panpina zela eta lasaiago geratu nintzen baina, hala ere oso urduri nengoen Maria non zegoen ez nekielako. Gela hartatik atera nintzen laguntza bila baina lehen komuna non zegoen gaizki esan zigun poliziak ez zidan sinistu eta komunera eraman ninduen. Orduan ohartu nintzen faraoia komunean zegoela momia batekin. Ez dakit zergatik baina Maria zela uste nuen. Orduan faraoia komuneko zulotik bota nuen eta gero Mariari benda kendu nion.
Hau bai, Maria zen, baina izoztuta ematen zuen. Orduan sumendiei buruz hitz egiten duten gela batetara eraman nuen. Bertan gezurretako sumendi txiki batera hurbildu nuen eta sumendi txiki horren gezurretako suarekin berotu nuen Maria. Baina uste nuen gehiegi berotu nuela eta orduan Ipar-poloa deitzen zen gelara eraman nuen eta iglu artifizial batean sartu nuen. orduan konortea berreskuratu zuen. Ez dakizue zer nolako lasaitasuna sentitu nuen.
Nilo ibaiaren bideoa ikusten ari ginen gelara abiatzean faraoi busti bat gerturatu zitzaigun guregana. Lehen komuneko zulotik bultzatutako faraoia zen. Antzinako egiptoarren gerlari edo antzeko gizon batzuekin zetorren eta guri eraso egin behar ziguten. A zer nolako karrera antzekoa egin genuen Mariak eta biok. Arraroa dirudi hildako batek zuri jarraitzea. Agian ezinezkoa eta guzti da. Orduan pentsatu gabe, dinosauroen gelara sartu ginen. Bertan eskeleto handia zegoen. Uste genuen bizia hartuko zuen baina eskerrak ez zuela hartu. Faraoia atzetik geneukanez, korrika beste gelara sartu ginen. Animalia disekatuak zeuden. Bazegoen suge erraldoi bat bizia hartu zuena eta guri eraso egin nahi ziguna. Beldur handia geneukan orain. Egiptoarrek eta suge hark inguratu gintuzten eta hil egingo ginela uste genuenean Tarzan bat agertu zen.
Bai, egia da. Tarzan agertu zen soka batetik helduta eta besotan hartu gintuen eta museoaren airetik ibili ginen. Harrigarria izan zen hura. Gero, leku seguru batean utzi zigun, soilik antzinako Erromako maketa bat zegoen lekuan. Gero agur esan gintuen eta alde egin zuen. Arriskua pasa zelakoan atera egin ginen eta museoaren beste gelak bisitatzera joan ginen. Azkeneko gela falta zen bisitatzeko. Neandertal gizakien gelara joan ginen. Bertan tamaina errealeko gizakien panpinak zeuden. Hauek ere, bizia hartu zuten eta esan ziguten.
-Hahaha.kiosjonnenne titititilakumsnasiaem sanka lujumpa tulunmpesi.
Edo zerbait antzekoa esan zuten. Gero Maria brometan zera erantzun zien gutxi gora behera:
-Lampasunkatumtum sentiga sempa lemap turarrakinpesi.
Eta orduan neandertal gizakiak haserre aurpegia jarri eta guri segika hasi ziren makila batzuk harturik. Tarzanek esan zigun arriskuan geundenean hari deitzeko bere pelikulatan egiten zen oihu bera eginez. Orduan nik egin nuen oihu.
-Aaaaa, aAAAA, Aaaaa, Aaaaa!!!
Eta korrika airetik etorri eta lehenago bezala, besoetan hartu eta zintzilik eraman gintuen guk nahi genuen lekura. Beraz, gure ikaskideak bideoa ikusten ari ziren lekura eraman gintuen bioi. Joan zenean ohartu ginen gure lagunak bertan ez zeudela eta orduan hasieran museoko neska eta mutilak aipatutako gelara joan ginen baina han ere ez zeuden. Leiho batetik ikusi genuen autobusa joaten eta orduan ohartu ginen gure lagunak joan egin zirela. Dirurik ez geneukan autobusez joateko eta horregatik oinez joan behar genuen. Hiritarrei galdetzen genien ea nondik joan behar genuen eta ia bi orduz oinez ibili ginenean azkenean iritsi ginen etxe hartara. Baina ez dakit zergatik konfunditu egin ginen etxez eta berdin berdina zen etxe batetara joan ginen. Laster konturatu ginen gure etxea bertatik hamahiru kilometrotara zegoela, turista baten mapa batetan ikusi genuelako. Iluntzen ari zen eta gose handia geneukan, beraz, taberna batetan bokadilo bana eskatu genuen. Tabernako jabeak ez zigun ezer eman eta atea itxi zigun. Mariak eta biok gertu zegoen parke batetako gezurretako etxe batean pasa genuen gaua. Gosea ikaragarria zen eta edateko euri tantak hartzen genituen, euri zaparrada bota baitzuen.
Jatekoak, parkeko zakarrontzitik hartu genituen, sagar ustela eta gozoki zikin bat besterik ez. Goizean elizako apaizak esnatu gintuen eta zer egiten genuen galdetu zigun. Guk gertatutakoa azaldu genion eta berak gure andereñoei deituko ziola esan zigun. Guk jatekoa eskatu genion eta hark esne beroa eman zigun. Gertuko baserri batetako behiak emandako esnea zela esan zigun. Handik ordu erdira edo, andereñoa azaldu eta bere automobilean beste lagunak zeuden lekuraino eraman gintuen. Gero errieta bota zigun eta gero zigortu.
Zigorra, zera zen: komunak garbitzea eta bazkarian erabiltzen genituen plater guztiak garbitzea. Beste erremediorik ez geneukanez, komunak garbitzen hasi ginen. Bazkaldu baino lehenago bukatzeko aukera izan genuen baina andereñoek denbora dezente pasa genuela zioenez, bazkaldu gabe geratu behar ginela esan zigun. Guk goseak akabatuta eta bazkaldu gabe? Zer gaude tuntunak ala? Mariak ondokoari lurrera erortzen zitzaizkion zatiak jaten zituen eta nik mahai gainean uzten zituzten ogi pusketak.
Bazkal ostean, andereñoak esan bezala, platerak garbitzen ibili ginen eta Mariari plater bat puskatu zitzaion. Danba lurrera!
-Barkatu esnatu egin zaitut maitea? Zure txangorako ogitartekoa prestatzen h ari nintzen eta plater bat erori zait. Esnatu al zaitut?
-Ama, amets gaizto bat izan dut. Andereñoak gaizki portatzen ziren, apaizak esnea ematen zuen, euri asko, janari gutxi, Tarzan, neandertal gizakiak, faraoiak…
-Baina zertaz ari zara? Lasai, bukatu da amets gaiztoa. Nahi baduzu etorri gosaltzera. Patata tortilla pixka bat sobratu zait. Nahi al duzu?
Eskerrak! Amets gaiztoa zen! Imajinatzen duzuenez, ez zen horrela gertatu benetako txangoa. Azkenean ez genuen bideorik eta ezer ez ikusi, puskatuta zegoelako. Mariak eta nik ezta ere ez genuen platerik fregatu behar izan. Eskerrak!
atzera