Galtzagorri Elkartearen webgunea

Gipuzkoako Foru Aldundia

2008

Beste aukera batBizipenak

Hau da hau nazka! Udara igaro ostean berriz ere eskolara. Beno, gauza onak ere aurkitu behar zaizkio horri, adibidez, lagunekin berriz ere egoteko astia izango dudala eta beraiekin ekintza ezberdinak egiteko nahikoa denbora ere bai. Ez dakit nola amaituko dudan ikasturtea baina, gogotsu hasi dut behintzat. Aurten, lehengo urteko irakasle berdinak ditugu; beraz, denak ezagutzen ditugu. Ah! Ahaztu egin naiz aurkezteaz, Leire naiz, 15 urte ditut eta Zumaian bizi naiz.

Gaurkoz, amaitu ditut irakasgai guztiak eta orain etxera noa. Nire amarekin solasaldia izan dut etxean. Badakizue, betiko galderak: Zer moduz zure eskolako lehenengo eguna? Zer moduz pasa duzu?… Nire ama nire lagunik onena da eta konfiantza handia dut beragan. Nire sekretu guztiak kontatzen dizkiot eta gustura aritzen naiz berarekin hitz egiten. Nire nebak berriz, ez omen du hain ondo hasi ikasturtea, izan ere, errepidea zeharkatzen ari zela labaindu eta erori egin omen da eta geroxeago, zutabe batekin tupust egin omen du. Begi osoa estaltzen dion ubeldura du. Ea hurrengo batean kontu handiagoz ibiltzen den!

Beste egun bat eskolan, beste egun bat lanean, beste egun bat asperkeriaz jota. Eskolara hasi besterik ez gara egin eta iada bidali digute taldeko lan bat, eta beti bezala lan guztia bi edo hiruren artean egin beharra. Klase guztiak amaitu ondoren ni bakarrik geratu naiz ikasgelan taldeko lana amaitzen. Ilun zegoen guztia, ez zen arimarik nabarmentzen, ni bakarrik nengoen ikasgelan. Etxera joateko gauzak batzen ari nintzela hots arraro bat entzun dut ikasgelako leihoaren beste aldetik: “Utz nazazu bakean! Ez, ez, ez mesedez!”. Hau entzun ondoren, arineketan hurbildu naiz leihora. Pertsiana pixka bat jaso dut eta zirrikitu batetik begiratzen hasi naiz, inork ikus ez nazan. Zoritxarrez, ezin izan dut jakin zein zen oihu haien igorlea, izan ere, ordurako joanak ziren. Beno, ez dut uste hainbesterako izango zenik. Bi lagunen arteko liskar txiki bat izango zen seguraski.

Azkenik nire gauzak bildu eta etxera joan naiz. Berriz ere nire neba beste ubeldura batekin! Orain berriz, zuhaitz baten aurka egin duela min esan digu. Nire amak, hitzetik hortzera sinetsi dio, baina ni ez nago hain ziur. Ezin liteke! Ez, ezin du egia izan! Eta ikasgelatik kanpo entzun ditudan oihuak nire nebarenak baziren? Ez dut uste, edo behintzat ez dut izaterik nahi. Baina hori egia balitz, zeinek edo zeintzuk egingo liokete nire nebari halako gauzarik? Ez dakit zer egin oraintxe bertan. Bera zelatatzen hasten banaiz eta ikusten banau min handia egin liezaioket eta ez litzateke nigan gehiago fidatuko. Eta hori ere ez dut nahi! Zerbait egin beharra daukat. Kontu handiarekin, baina zelatatu egin behar dut nire nebatxoa.

Gaur jai dugu eskolan, baina nire neba goizean goiz esnatu da eta kalera joan da . Eskaileretan behera jaisten ari zen bitartean, bere eskolako bizkar-zorroan miatzen hasi naiz eta dirua aurkitu dut, diru dexente. Zertarako nahi ote du nire nebak hainbeste diru? Zerbait erosteko? Norbaiti emateko? Ez zioten bada bere erasotzaileek eskatuko? Abiadura izugarrian, armairuan lehenengo aurkitu dudan txandal bat jantzi eta nire nebari jarraika atera naiz. Eskerrak nire ama etxean ez dagoen eta gertatzen ari denari buruz ez den ezertxo ere ohartzen, bestela bihotzekoak emango lioke. Ni etxetik irteterako, oso urrun zegoen iada. Haizeak eramana zuela zirudien. Korrika abiatu naiz eta azkenean ikusi dut hainbeste kaleren artean. Ezin dut nire buruarekin ere, oso nekatuta nago hainbeste korri egin ondoren.

Urrutitik ere erraz nabarmetzen da bera dela, oso kolore biziak dituen elastikoa jantzi baitu gaur goizean. Bi hormen arteko bide luze eta estu batetik sartu da gero. Ni, horma baten atzean geratu naiz gertatzen ari zenaren berri izateko. Bide-zidorraren amaieran hiru mutil ageri dira, hiruak ere erraldoiak. Batek bideokamera bat du esku artean eta beste biek berriz, bi bate atera dituzte praken atzeko aldetik. Beren begirada hotz eta mesfidagarriak nire nebarengan pausatu dituzte. Hiruek ere irribarre maltzurra dute ahoan, oso maltzurra. Ez dut jakin ere egin nahi, zer gertatuko den orain.

Markel, nire nebak, aurrera jarraitu du lurrerantz begira edo. Berak ere zerbait zuen eskuetan eta beste bi mutiko erraldoien eskuetan utzi du. Eskolako lanak ziren, izan ere, beraiek eskatu zizkien ekartzeko. Geroago, beren bateak erabiltzeari ekin diote eta nire neba jipoitu. Beste mutikoak bitartean, bideokamerarekin grabatu du guztia. Eta zer egin behar dut nik? Markel defendatu ala hormaren atzean jarraitu? Ezin dut ikusi nire neba nola jipoitzen duten. Nori otu ote zaio, jipoitzen aritu eta gainera grabatzea! Hiru piztia basati dira arkume baten aurka, ez zen bidezkoa. Bi aldiz pentsatu ere egin gabe, harri bat hartu dut lurretik eta piztia haiei jaurti. Bete-betean asmatu dut! Harria jaurti diena zein zen asmatu nahian korrika etorri dira nire neba alde batera utziz. Ni, ondoko denda batean sartu naiz eta haiek bilatzen ninduten bitartean, nire nebak ihes egin ahal izan du. Iada etsi dutenean, dendatik atera eta pasabidearen amaieran botata utzi duten bideokamera hartu dut. Filmatutako ikusten aritu naiz. Oso gogorra da.

Etxera itzuli naizenean, erraz jakin ahal izan dut, Markel negarrez ari zela bere logelan. Bere negar malkoek, malko arrunt batzuk baino gehiago islatzen dute: bidegabekeria, gorrotoa, mina, etsipena… Pixka bat lasaitu denean, logelara sartu eta zer pasa zaion galdetu diot. Berak, bizikletatik erori dela esan dit eta nahiz eta nik barrutik ez sinetsi, sinetsi diodan plantak egin ditut. Bere zauriak sendatu dizkiot goxokiro eta ohean sartu dut lo egin zezan.

Hurrengo egunean, eskolan geundela, irakasleari komunera joateko baimena eskatu diot. Egia esanda, ez zen komunera joateko, baizik eta , Markelen ikasgelara joan eta zelako tratua ematen dioten ikusteko. Nahikoa izan dut atearen zirrikitu batetik begiratzea, nire nebaren egoera ikusteko: guztiek iseka egiten diote, paper bolak bota, erregelarekin jo, gauzak jaurti… Argi dago, maltratu eskolarra. Zergatik ez ote dira beste ume guztiak nire nebaren tokian jartzen? Gaur ere jolasordua iritsi denean, bera zelatatzen aritu naiz eta lehengo egunean bere bizkar-zorroan aurkitu nion dirua, mutiko haiei nola ematen dien ikusi dut. Eta nola ez, gero berriz ere jipoitu. Nola liteke irakasleak hortaz ez ohartzea? Zer arduragabekeria da hori irakasleen aldetik? Gainera, beldurrarengatik edo, Markelek ez dio inori kontatzen jo egiten diotenik. Ez da posible gertatzen ari dena. Ezinezkoa da, niz beste, beste inor ez ohartzea.

 Bazkalordua heltzen denean, ez du ia ezertxo ere jaten eta hori gutxi balitz, ez du hitzik ere egiten mahaian eserita dagoenean. Nire ama kezkatzen hasia da baina, Markelek ez dionez ezertxo ere kontatzen, nik ere ez dut nire nebatxoa mindu nahi; beraz, ni ere bera bezain isilik nago. Ia ez dut begirik biltzen nik ere nire nebarengan pentsatzen. Hori nahikoa ez bada, egun osoa nire neba zelatatzen igarotzen dut eta eskolako lanak, gaueko ordu txikiak arte egiten geratu beharra izaten dut. Leher eginda amaitzen dut eguna!

Gaur, arraro dagoela nabarmendu diot Markeli. Etxetik eskolara joaterakoan, guztioi musu bana eman digu eta bada urtebete behintzat, ez digula musurik ematen. Oso gauza arraroak egiten hasi da eta horregatik, bere atzetik jarraitzea erabaki dut.

Baina, zer ari da egiten nire neba hau? Bide horrek ez du eskolara gidatuko! Nora doa? Bide horrek itsasertzerantz gidatzen du. Baina, zer egiten du itsasertzerantz joateko bidean? Ez al du eskolara joan behar? Hoberena, berari jarraitzea izango da, nahiz eta nik eskola galdu. Bere erasotzaileak ere eskolara bidean ikusi ditut; beraz, ez da haiengana joango. Kezkatuta nauka erabat.

Bidean zehar ez da gelditu ere egin. Malko potoloak isurtzen zaizkio begietatik eta behin eta berriz heltzen dio bere buruari. Buruaz ezetz esaten du bere burua konbentzitu nahian. Baina, zertaz? Bide luzea egin ondoren, itsaslabarrera iritsi gara. Ni, ondoko harkaitz baten atzean ezkutatu naiz eta berari begirik kendu gabe egon naiz denbora guztian. Bizkar-zorroa itsaslabarretik behera bota du eta itsaslabarraren aurrean eseri da. Bere negar malkoak, geroz eta biziagoak ziren, geroz eta esanahi handiagokoak. Gero berriz ere altxa eta itsaslabarraren ertzean jarri da. Ez du ba bere buruaz beste egiteko asmorik izango! Oraintxe ulertzen dut, gaur goizaldeko bere jarrera arraro hori. Negar bizian hasi eta garrasi egin diot:

- Ez, ez, ez…! Ez ezazu horrelako txorakeriarik egin! Mesedez, Markel! Bizitza osoa duzu oraindik aurretik!

- Zer egiten duzu zuk hemen, Leire! Joan zaitez hemendik! Ondotxo dakit zer egiten dudan! Nire bizimoduak ez du bizitzerik merezi!

- Mesedez eskatzen dizut Markel! Dena konponduko da, hitz ematen dizut. Pentsa ezazu zenbat gauza uzten dituzun mundu honetan.

Pixkanaka hurbiltzen joan natzaio. Bera oraindik ere atzerago joaten da. Nik garrasika jarraitzen dut, urduritasunak eraginda edo:

- Markel pentsa ezazu zeure buruarengan. Zeure buruaz beste egitea ez da konponbidea. ASKO BALIO DUZU ETA BAITA ZEURE BIZITZAK ERE, BAINA AUKERA BAT EMAN BEHAR DIOZU!

Hau esan ondoren, nire negar malkoei ezin eutsirik, besarkada estu-estu bat eman diot. Ondoren, konortea galdu du neure besoetan. Laguntza eskatu diot kaleko jendeari eta berehala etorri dira laguntzeko asmotan. Segituan etorri da anbulantzia, eta beste familiakorik ez zegoenez, ni neu joan naiz berarekin. Ez diot eskurik askatu inongo momentutan. Denbora osoan egon naiz bere ondotik aldendu gabe. Ospitalean geundezela ere ez naiz bere ondotik altxatu.

Bi ordu igaro ditut bere ondoan, eta ondoren, begiak ireki ditu. Alde guztietara begiratu du eta ni ikusi nau eta zera esan dit:

- Leire, inoiz eduki daitekeen arrebarik onena zara. Arrazoi zenuen eta bizitzari beste aukera bat eman behar zaio.

Musu bat eman diot kopetean eta ondoren lo gelditu da, nekearen nekez.

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia