Galtzagorri Elkartearen webgunea

Gipuzkoako Foru Aldundia

2008 | Irabazleak

Lamia, lagunaMaitane Zarate

Antzina, Lidia izeneko neska bat Mundakako portutik gertu bizi zen. Lidiak 7 urte zituen, nahiko baxua zen bere adinerako, aurpegi borobila zuen pekaz beteta, sudur txikia eta borobila, begi handiak eta berdeak eta oso berezia egiten zion ile gorri eta luzea.

Oso isila zen baina baita oso azkarra ere. Animaliak oso gustuko zituen eta askotan parkera joaten zen txoriekin hitz egitera. Eskola ez zitzaion batere gustatzen; agian ez zuelako lagunik izango zen.

Aita eta ama nahiko kezkatuak zeuden bere jarrerarekin. Ez zuen ia hitz egiten, ez eta irribarre egiten ere. Hurrengo egunean bere urtebetetzea izango zen eta aitak esan zion:

- Lidia, ez zaude pozik? Bihar zure urtebetetzea izango da!!-.

- Ah… bueno, bai.- erantzun zuen Lidiak irribarre faltsu bat egiten saiatzen. Eta hau esan eta gero ohera joan zen afaldu gabe.

Hurrengo egunean…

- Zorionak zuri, zorionak beti, zorionak Lidia, zorionak beti!!-. Lidiaren gurasoak abesten hasi ziren Lidiaren ohe ondoan. Lidiak irribarre txiki bat egin zuen.

- Zatoz Lidia, gure oparia egongelan dago - esan zuen amak.

Guztiak behera jaitsi ziren eta han zegoen oparirik izugarriena, hoberena, liluragarriena: piragua bat!!! Lidiari asko gustatzen zitzaion uretan ibiltzea.

- Gustatzen al zaizu ? - galdetu zion amak.

Baina Lidiak ez zuen erantzun, oso lanpetuta zegoen piraguari begira.

- Barkatu, zer ? - galdetu zuen Lidiak.

-Oparia gustatzen al zaizun galdetu dizu amak - argitu zion aitak.

-A!!! Bai, noski - erantzun zuen Lidiak. -Probatzera joango naiz -. -

 Hori bai dela ideia ona! Joan zaitez. Amak eta nik gosaria prestatuko dugu bitartean

Lidia bainujantzia jantzi eta portura abiatu zen piragua berriarekin. Oina uretan sartu zuenean , oso hotza zegoen baina, hala ere, uretan sartu zen. Piragua barruan sartu eta arraun egiten hasi zen. Izaro irlaraino joan zen eta bueltatzerakoan zerbait entzun zuen:

-Lagundu, mesedez! Laguntza!-.

Lidiak albo batetik bestera begiratu zuen. Ez zuen inor ikusi. Bat-batean bibrazio bat sumatu zuen piraguaren azpian. Lidia izutzen hasi zen. Piraguari bira txiki bat eman zion eta arrain lodi moduko bat ikusi zuen.

Baina hura ez zen arraina, Lamia baizik. Oso ederra zen, ile hori eta luzekoa, begi urdin eta distiratsuak eta isats urdin luze-luzea zituen. Isatsa aingura batean trabatuta zeukan eta ezin zen mugitu.

- Lagundu! Mesedez! - esan zuen berriro Lamiak.

Lidiak ez zekien zer egin, oso beldurtuta zegoen baina arrauna bota zion Lamiari eta honek heldu eta gogor tiratu zuen. Gero berriro lurperatu zen. Lidia geldirik gelditu zen harrituta.

Bat-batean Lamia atera zen eta Kontxazko lepoko bat eman zion.

- Eskerrik asko. Nire bizitza salbatu duzu -.

Eta hori esanda ziztu bizian sartu zen berriro ur beltzetan. Lidiak ezin zuen sinetsi ikusitakoa. Lamia!!! Lidia ezin zen mugitu. Baina azkenean erreakzionatu zuen eta azkar-azkar egin zuen itzultzeko bidea.Etxera itzuli zenean aitak galdetu zion:

- Kaixo printzesa! Ondo pasa duzu? -.

- Bai. Barkatu baina nahiko nekatuta nago. Nire logelara noa - erantzun zuen Lidiak.

Ez zien ezer kontatu gurasoei Lamiari buruz, zeren segur aski burutik jota zegoela pentsatuko zuten eta Lidiak berak ere ezin zuen sinetsi gertatutakoa.

Hurrengo egunean Lidia, eskola eta gero hondartzara joan zen. Lidiari hondartza izugarri gustatzen zitzaion lasai egoteko leku paregabea zelako. Bat-batean zerbait entzun zuen:

-Kaixo! Psssst! Hemen nago -.

Lidiak leku batetik bestera begiratu zuen eta lehengo eguneko Lamia ikusi zuen itsas ertzean bere ile leuna orrazten.

-Etor zaitez neskatxa!!- Gonbidatu zuen Lamiak.

-Barkatu, baina Lamiek ez dute oso fama ona eta amak esaten dit ezezagunekin ez hitz egiteko - erantzun zion Lidiak.

-Nahi duzun bezala baina ni ez naiz Lamia txarra, borondate onekoa baizik - esan zion Lamiak.

Orduan Lidia gerturatu zen eta hau esan zion:

- Oparitutako koilarea oso polita da -.

- Pozten naiz - esan zuen Lamiak.

- Joateko ordua iritsi zait - esan zion Lidiak.

- Bihar etorriko al zara? - galdetu zion.

- Segur aski -.

Eta horrela egunero pixkanaka-pixkanaka elkar ezagutzen joan ziren. Denborarekin lagunak egin ziren eta egunero haien gauzez hitz egiten zuten. Lidia oso pozik zegoen bere lagun berriarekin.

Egun batean esan zion Lamiak Lidiari aurkitzen ez zuenean txistu batekin deitzeko eta bera segituan etorriko zela.

Egun lainotsu batean Lidia hondartzara joan zen bere laguna ikustera, baina ez zen agertu; orduan txistu egin zuen eta haretik karramarro bat atera zen. Karramarroa mezu bat idazten hasi zen pixkanaka.

Nire aitak bueltan eraman nau etxera.

Ez naiz zoriontsu han baina ez daukat aukerarik. Barkatu.

Lidiak mezua irakurri zuenean asko tristetu zen. Ez zuen berriro lagun hain onik ezagutuko, ziur zegoen horretaz.

Hurrengo egunetan ez zuen jaten eta ez zuen jolasten. Baina lorik egin ezin zuen gau batean leihoa ireki eta itsasora begiratzen hasi zen. Haserre bere buruarekin, Lamiak oparitutako koilarea hautsi eta itsasora bota zuen. Baina leihoa itxi behar zuen unean isats urdin bat ikusi zuen gaueko ur beltzetan. Orduan txistu bat entzun zuen eta Lidiak beste txistu batekin erantzun zuen. Bat-batean Lamiak burua uretatik atera zuen. Lidia hain pozik zegoen, ezen negarrez hasi baitzen.

- Jaitsi behera Lidia! Zerbait esan behar dizut - esan zion Lamiak.

Lidia zaratarik egin gabe behera jaitsi zen eta uraren ertzean eseri zen bere lagunarekin hitz egiteko.

- Etxetik ihes egin dut - esan zuen Lamiak.

-Hain pozik nago hemen zaudelako! - esan zion Lidiak.

- Oso ona izan zara nirekin eta nire aitak esaten du gizaki batek Lamia bat laguntzen duenean honek desio bat eskaini behar diola gizakiari. Horregatik etorri naiz, desioa eskaintzeko, gero bueltatu beharko dut betiko - esan zuen Lamiak erdi negarrez.

- Bakarrik horretarako etorri zara? Eta gero berriz itzuli beharko duzu?- galdetu zion Lidiak.

- Bai…- erantzun zion.

- Ez dut aukerarik - erantzun zion Lamiak.

- Beti dago beste aukera bat! - Erantzun zion Lidiak.

Eta hori esan eta gero Lidiak begiak gogor itxi zituen eta bere desioa eskatu zuen.

- Zer eskatu duzu? - galdetu zion Lamiak.

- Beti elkarrekin egotea - erantzun zuen Lidiak. Eta modu hartan Lamia ez zen inoiz joan eta betiko elkarrekin egon ziren.

 

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia