Galtzagorri Elkartearen webgunea

Gipuzkoako Foru Aldundia

2008

Errail hotzen arteanA

Gaur ere eguzki izpiek egunaren lehen orduetako zeru bukaezina laranjez nola tindatzen duten, burdinazko errail hotz eta amaigabeen artean triki-traka, triki-traka doan tren gorriaren barnetik ikusten ari naiz.

Jadanik nire amaren mintzoa bezain ezaguna zaidan megafoniako aurpegirik gabeko andrearen ahots gozo eta leunak, lehen geltokira, beno, hobeto esanda bigarrenera, lehena abiapuntua izan baita, Hendaia, iristen ari garela adierazi du.

Leiho gardenetik zehar kanpoko paisaia ikus dezaket, etxez beteriko paisaia. Duela zenbait urte, mendiz eta zelaiz beteriko paraje horretan, gaur egun, ia zerua laztantzera iristen diren etxe orratz luze eta aspergarriak, izarretaraino iritsiko direla diruditen auto ilara luzeak eta presaren ondorioz abiada bizian dabilen jendea besterik ezin da ikusi.

Geltokian minutu pare bat igaro ondoren eta bidaiari gutxi batzuk igo eta gero bidaiak aurrera darrai burdinazko trenbidean.Triki-traka, triki-traka…

“Piribiri…” bozgorailua berriz ere “…hurrengo geltokia Belaskoenea. Helmuga Lasarte Oria”. Tren gorriaren abiadura motelduz doa eta laster geratu da oraindik lo aurpegia gainetik kendu ez duten langileak bere barnean garraiatzeko. Hauetariko askok amaigabea dirudien zilbor-hestean zehar datorrena inoiz ez iristea gustatuko litzaiekeela ukaezina da; lanetik gero eta gertuago daudela sentitzen baitute bera ikustean.

Atea ireki bezain laster ipurdiraino iristen zaion adats luze eta iluna duen neskatxa Palestinarra ikusi dut. Betiko moduan nire gainean eseri da. Bai, nire gainean, ni suge luze, gorri honetako eserleku bat bainaiz. Eserleku arrunt bat, dentistarengana edota arropa erostera joateko, trenean sartzen zarenean ikus ditzakezun horiek bezalakoa.Urteen eta erabileraren poderioz ertzak higaturik dauzkat neuk ere eta gaztetxoen boligrafoek, arkatzek…ez naute tatuai politetatik kanpo utzi “Ander maite zaitut”, edo “Hodei ez aldatu sekula” bezalakoak izkribatuz gorputz osoan zehar. Garai batean neu ere eder eta galanta izan nintzen, distira egiten nuen leihoan zehar sartzen ziren argi printzekin eta bidaiari denak beraien bidaia, laburra nahiz luzea izan, nirekin egiteko desiraz egoten ziren. Ordea, iritsi zait neuri ere zahartzaroa. Eta, hala ere, edozeren gainetik harro esaten dut gustuko dudala ni izatea, bidaiari guztien sekretu ilunenak ere ezagutzen ditudalako.

Oraintxe jesarrita dagoen neskatila polit honen isilpekoa edota hobe esanda bizipen garrantzitsuenaren berri ere badut. Dena bere etxean brigada internazionaleko kide baten bisita jaso zutenean hasi zen. Berak garai hartan hamahiru- hamalau urte edukiko zituen eta buruko zapiarengatik gutxitan edo ia inoiz ikusten zitzaion ile ederra, gaur egun duenaren antzekoa . Oso ondo gogoratzen ez badut ere kontakizunak horrela zioela uste dut:

“Atzo gertatu izan balitz bezala daukat gorderik oroimenean egun hura, brigadako kidea gure etxera iritsi zen eguna. Aurreko egunean aitak esan zidan Euskal Herritik gizon bat etorriko zela etxera, bere herrialdeko arazo politikoei buruz hitz egiteko. Nik orduan ez nuen ezer ulertzen, ez nuen ulertzen gizonezko hark nola espero zezakeen lurralde jipoitu eta txiro hartan bere buruhausteei konponbidea emango zien ideia lortuko zuela.

Hurrengo egunean etxeko senide guztiak apain jarri, etxea txukundu eta prest ipini ginen ezezagun hari ahaztezina izango zitzaion ongi etorri goxo eta beroa egiteko. Gizonak hogeita hamar bat urte edukiko zituen eta Mikel zuela izena esan zigun. Alabaina, ez naiz gehiegi sartuko bisitari haren deskribapenak egiten; benetan garrantzitsuagoa iruditzen baitzait bidaia hartan sufritutakoak azaltzea.

Bi aste luzez eduki genuen Mikel gure artean. Nire iritziz oso jatorra zen eta esker onekoa gainera. Bere aferez baino gehiago gureez arduratzen zela iruditzen zitzaidan. Oso harreman ona sortu zen aitaren eta beraren artean eta gauero-gauero biak egon zitekeen gela ilun eta bakartienean sartzen ziren beraien kontuez hitz egiteko. Askotan politika izaten zen gai izarra, ordea, noiz edo noiz bidaia arriskutsu eta luze baten berri ematen zioten elkarri.

Mikelen agurra benetan mingarria eta goibela izan zen, egiazko anaitasuna sortu baitzen gure artean.

Milaka eta milaka kilometrora dagoen herri hartako biztanlearen bisita jaso genuenetik, gauero aita mapak eta mapak begiratzen egoten zen, existitzen zirela ere ez nekien lurralde ugari kokatuz eta kolore desberdineko txintxetekin nabarmenduz.

Hala, aste beteren buruan prest geunden aita, anaia eta hirurok bidaia arriskutsu hari ekiteko. Nik ez nekien oso ondo nora gindoazen, ostera, aitak esan zidanez Andaluziara joango ginen txalupaz, jende mordoarekin, eta gero, Euskal Herrirantz Mikelen laguntzaz. Amak ezin izango zuela etorri ere esan zidan, nire amonatxo gajoa zaintzen geratuko zelako. Dena den, helmugara iritsitakoan bi hegazkin txartel erosi eta biak gure etxe berrira etorriko ziren.

Lehendabiziko astea edota bi asteak segituan pasa zitzaizkidan, itsasontzi txikiko jendea ezagutuz eta bere bizitzetan miatuz. Nolanahi ere, hurrengo egunak jasangaitzak egiten hasi zitzaizkidan. Jadanik bukaturik genituen jan eta edan guztiak eta ni inoiz baino egarriago nintzen eta gose ikaragarriaren ondorioz tripak isiltzea ezinezkoa egiten zitzaidan. Bestalde, nire herrialdetik eta nire familiako zati garrantzitsu batengandik hain urrun egoteak min sakona ematen zidan.

Negar egitea zen orduantxe gehien gustatuko zitzaidakeen gauza, hala ere, ezin nuen, nire anaia txikiaren aurrean ausart jokatu behar nuen. Bera ez zen jabetzen gertatzen ari zenaz eta inbidia apur bat ematen zidan, nik ere sei urte eta bizitzako lehen urteetako xalotasun hori eduki nahiko nituzkeen. Beraz, nire barnerako gorde behar ezintasun eta ahulezia guztiak eta eroa bihurtzen ari ote nintzen pentsatzen ere hasi nintzen, denbora ugari igarotzen bainuen bakarrizketan : Ura eskuinera. A ze gosea, oraintxe amaren arroz goxo hura aurrean edukiko banu! Ura ezkerrera. Nora doa agure hori? Txalupatik erori baietz azkenean. Tripak isiltzea lortuko banu. Betiko gizon usaintsua aurrean. Non egongo ote dira orain nire lagunak? Jolasean ziur.Haur negarti hau isilduko balitz sikiera. Animalia arriskutsuren bat azalduko balitzait oraintxe, akabo…

Galdua nuen kontaketa, ez nekien zenbat denbora generaman txalupatxo malapartatu hartan. Han dena zen berdina, ura ezkerrera, ura eskuinera, ura atzean eta ura aurrean. Beno, dena bidaiari kopurua izan ezik, egunetik egunera jende gutxiago geunden han barruan preso, bizitza berri eta hobearengatik borroka egiten. Hala nola, nire ondoan eserita egon ohi zen agurea itsasora bota behar izan genuen gosearengatik eta nekearengatik hil egin baitzen. Oso gogorra egin zitzaidan egun hura, aparteko maitasuna hartu bainion aitona hari, agian nirearen oroitzapenak ekartzen zizkidalako, bizar txuri eta begi urdin txiki eta adierazgarri haiekin. Zimurrez beteriko aurpegiarekin, nekaturik zeudela ziruditen ezpain haiekin, baina, hala ere, beti aurrera jarraitzeko gogo biziarekin. Aldiz, bere garaia iritsi zen eta Alak bere magalean aitona hura eta nirea jaso zitzala espero izatea zen egin nezakeen gauza bakarra”.

Bozgorailuaren soinuak ekarri dit gogora, berriz ere, tren gorri haren barruan nagoela. Dagoeneko iritsi gara Pasaia Antxora eta beraz istorioaren bukaerarantz jo beharko dut, bestela bidaiaren amaierara ailegatuko gara bizipen gogor honen bukaera jakin gabe.

“Behe-lainoz inguraturiko gaua zen hura, oso gau polita, ilargi betea ikus genezakeen han goian, urrunean, eta nire irudira inoiz eduki ez zuen argi berezi eta indartsua zeukan amandreak.

Halako batean paraje monotono hartan, aspaldian ikusi ez nuen lur zati bat ikusi nuen! Bai, lurmutur bat, iritsi ginen Andaluziara! Geratzen ginen bidaiari gutxiak pozaren pozez saltoka eta algaraka hasi ginen. Helmugara iristeak esanahi ugari zituelako guretzat. Alde batetik, aspaldiko partez lehorrean egingo baikenuen lo, lehorra zapalduko genuen. Bestetik, txalupa madarikatu eta aldi berean itxaropentsu hartatik aterako ginelako, txoriarentzat kaiola edota presoarentzat kartzela den bezala guretzat ontzi hura inpotentzia, ezintasuna eta askatasun eza sortzen duen amets gaizto bat zelako. Ordea, eskerrak ere eman behar genizkion bera izan baitzen bizi berrirantz eraman gintuena.

Minutu gutxiren buruan nire oinek lurra ukitu zuten. Lur hura oinazpian edukitzeak imajinaezina den indarra eman zidan. Segituan etorri zen Mikel, aspaldiko laguna, guri tapaki batzuk eta jan edanak ematera. Momentu hartan ezin hobeto sentitzen nintzen, infernu hura guztia igaro ondoren zauri ezina, indartsua, nabaritzen nuen nire burua.

Berehala sartu ginen autoan eta bidaiari ekin genion Euskal Herrirantz. Ez zen erraza izango joanaldia, ostera, ni prest nengoen arriskuei aurre egiteko”.

Esaldi hura bukatu zuenean bere begi ilunetan sorturiko malko pare bat isuri zen bere azal beltzaran, leun eta aratz hartatik, eta nire gainean bukaera topatu zuten.

“Piribiri…Hurrengo geltokia Anoeta. Helmuga:Lasarte Oria.” Emakumea, jadanik ez baitzait neskatxa iruditzen bere gertakizun latzaren ondoren, ia ipurdiraino iristen zaion bere adats luze bezain ilun eta politarekin, ilusioaren adierazgarri den irri maltzurrarekin eta bere begi maitagarriekin, geltoki ilunean jaitsi da.

Orduan, mutil bat eseri da nire gainean, hau ere izugarrizko irribarrearekin, bere maiteñoa ikustera baitoa. Hala ere, honen sekretua beste batean kontatuko dizuet iritsi baikara amaierara, megafoniako aurpegirik gabeko andrearen ahots gozo eta leunak adierazi duen moduan.

 

atzera

Sariak

Boto emaileen artean, honako liburu eta diskoz osatutako 3 lote zozketatuko dira:
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia