Orain dela mende asko munduko mendirik altuena Aizkorri zela pentsatzen zutenean, bazen herrixka txiki bat bere magalean. Herrixka oso txiki bat zen, baina hala ere oso ezaguna inguruko lurretan, bertatik igarotzen ziren guztiei lapurtzen baitzieten jatekoa, arropa . . . bilatzen zuten guztia baina minik eman gabe. Beraien sekretua kobazulo baten barruan zegoen. Kobazuloa oso luzea eta iluna zen. Nahitaez pasa behar zuten bertatik ez baitzen beste biderik ezagutzen merkatarientzat.
Merkatariak barrura sartzen zirenean herritarrek isil isilik jarraitu eta ilunpetan, zeukaten guztia kentzen zieten merkatariak konturatu gabe, eta ateratzen zirenerako karroa hutsik zegoen.
Herritarrak oso ondo bizi ziren, astero merkatariren bati lapurtzen zien eta.
Baina herrixkan bazen familia bat horren guztiaren aurka zegoena. Andre bat zen, bere bi semeekin. Gizona erregeak hil zien eta diru gabe zeuden.
Andreak baserria garbitzen zuen, zutenetik bazkaria jarri, baratzean lan egin... Seme gazteena Joan, 11 urterekin egunero mendira igotzen zen egur eta jateko bila.
Seme zaharrenak Pellok, 14 urte zituen, merkatal bidearen ondoan egoten zen lan bila.
Egunak pasatzen zihoazen eta merkatariak beldurrez igarotzen ziren kobazulotik.
Nazkatuta geroz eta produktu gutxiago igarotzen zituzten eta askoz gutxiagotan joaten ziren.
Herrixkak behera egin zuen eta gosea eta izurriteak agertzen hasi ziren. Jende asko hil zen, horietako bat Joan eta Pelloren ama. Aste horretan oso gaixo jarri zen eta azkenean hil. Bi anaiak umezurtz geratu ziren eta jatekorik gabe, oso ahul zeuden.
Negua iritsi zen eta neguarekin batera elurrak eta hotzak. Joan, mendira joan zen erretzeko egurraren bila eta muino batetik merkatariak ikusi zituen pasabide berri batetik igarotzen. Beraiengana hurbiltzen hasi zen baina merkatariek herrian salatzeko beldurrez, bere atzetik hasi ziren korrika eta harriak botatzen bera harrapatu nahian.
Joan izututa herrixkara itzultzen saiatu zen guztia anaiari kontatu nahian, baina estropezu egin eta lurrera erori zen. Segituan hurbildu ziren merkatariak eta builaka isilik egoteko esan zien, herria konturatzen bazen hil egingo zutelako.
Joan oso beldurturik eta erdi negarrez etxera iritsi zen eta guztia anaiari kontatu zion.
Honek berriz lasaituz, ezer ez zitzaiela pasako esan zion eta lasai egoteko, herritarrak ez zirela konturatuko eta.
Hurrengo egunean, Joan eta Pello mendira igo ziren eta Joanek Pellori merkatarien bide berria erakutsi zion. Bide berria herrixkatik hurbil zegoen baina mendiak ezkutatzen zuen.
Negua igaro zen eta herrixka ez zen ohartu merkatarien bideaz.
Gosea eta izurriteak etorri bezala joaten ari ziren eta herrixkak inguruan baratze ugari zituen merkatariak aspalditik ez ziren igarotzen eta.
Udaberria zen zuhaitzak loretan jartzen ari ziren eta Pello merkatarien lana bilatzera joan zen. Ama bizirik zutenetik ez baitzen saiatu lana bilatzen.
Egun horretan, merkatari oso gutxi pasa ziren eta denek ezezkoa eman zien herrikoa zela uste zutelako.
Bi aste pasa ziren eta egunero joaten zen Pello merkatarien bidera, baina inork ez zion lana eman nahi. Pellok etsia zeukan lana bilatzea eta baratzean hasi zen lanean. Joan, berriz, mendira joaten zen egur bila eta itzultzean Pellorekin batera etxea garbitzen zuen.
Inguruko mendietan zuhaitzak loratzen hasiak ziren eta noizbehinka mendira igotzen ziren beste baserrietako haurrekin jolastera. Udaberria ere joan zen. Bi anaiak oso aspertuta zeuden beti berdina egiteaz. Bizilagunek esaten zutenez, aberats guztiak hondartzara joaten ziren eguzkia hartzera eta itsasoan igeri egitera, eta ideia gustatu zitzaien.
Hurrengo goizean, bazkaria hartu eta pixkanaka-pixkanaka merkatal bidea hartu zuten. Bidean hainbat merkatarirekin topo egin zuten eta beraien aurpegiengatik jakin zuten merkatari izatea oso gogorra zela. Egun guztia zeramaten ibiltzen eta neka-neka eginak zeuden. Erreka txiki baten ondoan gelditu ziren lasai-lasai hankak uretan sartu eta jaten.
Gaua heldu zitzaien eta hondartzarik ikusi gabeak ziren oraindik. Oso nekatuak, belardi batean lo egin zuten eta hurrengo egunean, berriz, herrira bueltatzeko bidean jarri ziren, ez baitzuten bidea ezagutzen eta ez baitzekiten zenbateko bidea zuten hondartzarako. Gauerako iritsi ziren etxera, eta afaldu ondoren ohera joan ziren oso nekatuak baitzeuden.
Udazkena iritsi zen eta honekin batera gaixotasunak. Baratzeko gauzak bukatuak zituzten eta behiak, ardiak eta oiloak ziren jateko zuten guztia. Perretxikotara joaten hasi ziren.
Goiz batean gizon bat etorri zen oihuka menditik, esanez: “Aberatsak gera merkatariak ikusi ditut mendiaren beste aldean karroekin, bide berri bat dute, hortik ari dira igarotzen.”
Bi anaien zortea amaitu zen. Edozein egunetan joango ziren Joanen bila merkatariak, ustez, berak esan zielako nondik igarotzen ziren.
Hurrengo egunean herritar guztiak bidearen ondoan zeuden merkatariren bat noiz igaroko zain. Herria lehenagoko bizimodura itzuli zen, baratzeak alde batera utzi eta errege eta zaldunentzat ziren janariak lapurtuz.
Handik aste batera bi anaien atea jo zuten pertsona batzuk zalaparta ugari atereaz.
Merkatariak ziren, Joanen bila etorriak, baina ez zekiten non bizi ziren, beraz, denbora apur bat izan zuten alde egiteko. Merkatariak baserriz-baserri joan ziren atea beraien atea irekitzerako alde eginak ziren mendira. Merkatariak hetsi gabe beraien arrastoaren bila hasi ziren eta mendian barrena ibili ziren gau eta egun.
Bi anaiak desagertuta edo alde eginak zirela pentsatzen hasiak zeudela, Aizkorri ondoko leizezulo batean arropak eta janari apur bat bilatu zituzten. Merkatariek hori ikusi zutenean arropak erre eta janaria beraientzat hartu zituzten eta txakurren laguntzaz bilatzen segitu zuten. Joan eta Pello leizearen barruan zeuden merkatariak iritsi eta dena erre zietenean, baina, lo egiteko bilatu zuten zulo baten barruan eta ez txakurrak ezta merkatariak ere ez ziren ohartu bertan zeudela.
Gaua heldu zen eta merkatariak kobazulora heldu ziren bertan lo egiteko asmoz goiz edo berandu anaiak helduko zirelakoan, baina ez ziren ohartu kobazulo berean zeudela.
Joan eta Pello harrapatuta zeuden leizearen barruan hamar metrotara baitzituzten merkatariak. Ezin zuten bertan gelditu, beraz, ahal zuten isilen ateratzen saiatu ziren, baina, txakurren ondotik igarotzen hasi zirenean txakur bat zaunkaka hasi zen merkatari guztiak esnatuz, bi anaiak korrika irten ziren leizetik eta menditik jaisten hasi ziren. Ilun zegoenez, ez zituzten ikusi norantza hartzen.
Goiza heltzerako herrian zeuden bi anaiak, baina merkatarien arrastorik ez zuten. Beraien baserrira iritsi ziren, ahal zutena jan, arropa berriak jarri eta besterik gabe herritik urruntzen saiatu ziren.
Behin bakarrik irtenak ziren herritik, hondartzara joateko izan zen baina orain zihoazen bidearekin konparatuz oso desberdina zen. Ahal zuten gehiena ibili ziren baina mendietatik asko urrundu gabe ziren oraindik.
Gaua iritsi zen, udazkeneko gau hotz bat zen, haizeak jotzen zuen eta Joanek eta Pellok ez zuten ezer hotz horri aurre egiteko. Ez zuten non gelditu, eta ez ziren gelditu gauaren ilunean erreka baten soinua entzun zuten arte, ilargiaren argiak lagunduta. Erreka izkinara iritsi zirenean zuhaitz baten ondoan gelditu ziren lotan ohartu gabe, eta ez ziren konturatu merkatarien txakurrek usaina hartua zietela.
Hurrengo goizean esnatu zirenean jende multzo baten ondoan zeuden eta haserretuta zeudela ematen zuten.
Pello altxa zen aurrena baina ez zituen ezagutzen. Joan esnatu zenean garrasi bat egin zuen berari ezagunak egiten zitzaizkiolako. Merkatariak ziren, eta hil egingo zituzten, ez bazen izan handik igaro ziren zaldun batzuengatik.
Oso aberatsak ziren, eta gerrara zihoazela ematen zuen. Merkatariekin luze hitz egin ondoren bi anaiak kateekin lotu eta zaldunekin hasi zuten berriz bidaia merkatari guztiak atzean utzita.
Bidai luzea egin ondoren herri handi batean gelditu ziren guztiak. Joan eta Pello harrituta zeuden nolako herria zen ikusita. Herria harresiz inguratuta zegoen eta plaza baten barruan jende asko ikusi zuten beraiek bezalaxe lotuta. Zaldunei galdetu zieten ea zer egiten zuten bertan eta ezer esan gabe gizon bati eman zioten.
Azoka bat zen. Bertan pertsonak saltzen zituzten esklabu moduan.Ordu batzuen burura inguruko guztiak saldu zituzten eta beraiek bakarrik gelditzen ziren.
Gizon handi bat iritsi zen mutiko baten beharra zeukala eta azokako gizonarekin hitz egin ondoren, Joan hartu eta berarekin eraman zuen. Nahiz eta Pello anaia ez ematen saiatu, alferrik izan zen eta momentu hartatik aurrera ez zuten bi anaiak elkar ikusi. Pellorekin berdina egin zuten baina Pello handiagoa zenez, soldadu batzuk eraman zuten gerrara.
Handik hamar urtetara bi anaien bizitza guztiz aldatu zen. Bakoitzak bere bizitza egina zeukan. Joan hamar urte lehenago gizon harrekin joandako lekutik mugitu gabe zegoen. Gizon hark burdinarekin lan egiten zuen eta Joanek lanbide hori ikasia zuen. Pellok berriz gerran parte hartu zuen eta pixkanaka- pixkanaka kategoriaz igotzen hasi zen zaldun egin arte. Bere gaztelua zeukan eta egun guztia agintzen igarotzen zuen.
Joanek zor batzuk zituen zaldun batzuekin eta bere anaiaren gaztelura joan zen nahiz eta berak ez uste anaia izatea bertako zalduna.
Iritsi zenean, zaldunaren aurrera eraman zuten eta ez zuten elkar ezagutuko ez bazen euren izenarengatik. Anaiak zor guztiak kitatu zizkion eta gau hartan afari eder bat izan zuten. Zaldunak anaia zaldun egin zuen eta biak gaztelu berean bizitzen gelditu ziren.
atzera