ASKATASUNAZ MAITEMINDURIK
Hitzik egiten ez duten lau hormen artean
barrote mardulen artetik
nire begi distiratsuetara
zuzentzen diren eguzki izpi askeak dira,
eguna argitzen didaten lagunak,
nire bizitzan sentitzen dudan poza,
sortzen didaten lagunak.
Poza,
haran berde zabalean,
bildurik dagoen gozokia,
naturako harribitxia,
mendi ederretan
banaturiko lore gorria,
nire aurpegi zurbilean
sortzen den irribarrearen egilea.
Baina
barnean dudan tristura,
inork sentitu ezin dezakeena,
hodeietatik irristatutako
euri ttanttoekin
soilik,
beteriko erreka lehorra,
nire bihotzaren izkinan
gorderik dagoen
harri mardulez apainduriko
koba ilun barea etortzen da,
indar handiz,
poza,
izara beltzarekin estaltzera.
Begietako barroteak hautsita
isurtzen ditut malkoak,
aurpegiaren kontra erortzen diren
malkoak.
Han, kanpoan ikusten dut
askatasunaren uso zuria,
nik maite dudan
askatasunaren igorlea.
Askatasuna,
zelaia bezain lerdena,
distiraz ukituriko
itsaso leun mugagabea.
Nire bihotzean zehar
pausoz pauso
ibiltzen doan
ibai lasai kirrikaria,
lotan nagoenean,
baita esna nagoenean ere,
dudan amets liluragarria.
Zulo ilun honetan nago,
poza,
nire aurpegian sortzen den
irribarrearen egilea,
erreka lehorra den tristurak
izara beltz batekin
estaltzen duelarik,
askatasunaz maitemindurik.
Aske