Galtzagorri Elkartearen webgunea

2007

OlerkiaKattu

Errealitate ez den zerbaitean
hegan egiten dut.
Ez dut ikusten aurrean dudana
eta oroitzapenak
geldiaraziriko momentuak dira
nire paranoietan barrena.
Arnasa hartu eta koloreak
bizitzen direla nabaritzen dut
baina ez dakit zer arnasten dudan
eta amesgaiztoak zer diren ez dakit
unea momentu huts bihurtuz.
Ez zaizkit definizioak gustatzen
ez ditut nire akatsak arrazoitu nahi.
Begiraden bidez ikasten dut
eta argitasuna eta iluntasuna
nahasten ditudan bitartean
gau hotza eta egun beroa beharrean
gauak erre, kiskali egiten duela konturatu naiz.
Eta libertatearen atea
itxirik dagoela ohartzen naiz
eta giltza galdu dudala
eta ez dudala arrazoirik emango
eta bilatzen jarraituko dudala
edota kolore argiak deuseztatu
eta ukabilkada batez
irekiko dudala atea.
Banoa, ez dakit nora.
Ezinezkora akaso.
Banoa, norabiderik gabe noa.
Banoa nonbaitera.

Gela ilun dagoela konturatu naiz
argitasun izpi gutxi batzuk
ateratzen dituen flexoaren argipean
eta iluntasuna areagotzen dela
nabaritzen dut ene barnean
eta bakardade honen malkoak
argitzen dituela konturatu naiz.
Paper antzuan jausten dira
tinta beherantz irristatuz
ene hitz jadanik antzuak deformatuz.
Eta leihoak oraindik itxirik daudela
konturatu naiz
eta erabilitako oxigenoa arnasten dudala
eta egunak daramatzadala hemen,
lau pareten artean
gela huts honetan.
Flexoa pizturik dagoela dirudi
baina itzalirik dagoela konturatu naiz.
Gela hutsik dagoela konturatu naiz,
ez duela ez leiho ez aterik
ezta flexorik ere.
Kutxa itxi bat dela konturatu naiz.
Irteera bako kutxa bat.
Pixkanaka nire oxigeno erabiliak
ito egingo nauela konturatu naiz.
Eta paretak gogorrak direla
min egiten didatela eskuek
paretei ukabilkadak emateaz.
Itzaliriko argia naizela konturatu naiz.
Ezerezaren parte, oxigeno erabilia.

Maitemintzen nauten begiak
jada lehortu dituk,
eztabaidek
jada ez ditek haririk,
eta eguna iluntzen den denetan
ene begirada malkotan,
hire irribarre galdua aurkitu nahian.
Argia itzaliz
iraganeko argazkien gela ilunean,
lurrean jausirik,
ordu geldiaraziak eskumuturrean.
Eta zakur amorratuaren zaunka
barrote hauen atzetik,
ene erraiak lehertu gogoz bezala.
Eguna amaitu duk
zinean ?The End? zentzugabe baten antzera,
izarrik zeruan utzi gabe.
Ekaitz honen atzean
jada ez zagok ilargirik
ni argituko nauenik.
Eta amilean doa denbora,
eta ni ere hemen nagok,
amildegi sakon honen ertzean,
eta amaiera ikusi nahi nikek
ilunabar triste honen menpean,
eta ikusi ahantzirik nagoela,
ez dela inor nitaz oroituko,
ez didala inork eskutik helduko,
ezerezera pausoa ematean.

KATTU

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia