Galtzagorri Elkartearen webgunea

2007

Zugandik urrutiItzal

Zugandik urruti


Paris, 2006ko otsailak 2

Maialen maitea:

Jada hamazazpi egun pasa dira azkenekoz ikusi zintudanetik. Hamazazpi egun leku zoragarri honetara iritsi ginenetik. Zoragarria bai, baina ez niretzat. Amaren lanagatik etorri ginen hona. Bere lanagatik utzi behar izan zintudan, lan madarikatuagatik ezin zaitut ikusi.

Gure etxea nahiko txikia da. Egongela, sukalde txiki bat, komun bat eta bi gela baino ez ditu. Ez dugu lekurik soberan, baina ez dago hain gaizki ere. Ama etxetik ehun metrora dagoen erietxe zahar batean hasi da lanean, oso pozik ikusten dut. Aita, berriz, lan bila dabil. Tabernaren batean edo arituko dela uste dut.

Bihar eskolan hasiko naiz. Urduri nago dagoeneko, badakizu, ikaskide berriak, irakasleak ere bai... Ea lagun asko egiten ditudan eta ea egiteaz gain ulertzen ditudan, ze nire frantsesarekin!

Utzi egin behar zaitut, ama deika ari zait, gure kaleko jatetxe batera joango gara afaltzera.

Beti zurekin...

Beņat




Orio, 2006ko otsailak 8

Beņat:

Zure gutuna jaso bezain laster saiatu naiz idazten.

Nik ere zure beharra sentitzen dut, izugarri, egia esateko. Zer moduz Paris aldean? Ondo eskolan? Lagunak egin al dituzu? Gu hemen primeran gaude, beti bezala. Ahhhh! Ahaztu baino lehen, ikastolako guztien partetik eskuminak. Desiatzen daude berriz zu ikusteko.

Ikasketa bukaerako bidaiaren inguruan gabiltza bueltaka azkenaldian. Bartzelonara joan beharrean, Parisera joatea pentsatu dugu! Honela, Paris ezagutzeaz gain, zu ere bisitatuko zaitugu! Ekaina heltzeko desiatzen nago!

Zure aitak aurkitu al du lanik? Eta zure ama zer moduz dabil erietxean?

Erantzun lehenbailehen mesedez.
Maialen


Paris, 2006ko otsailak 13

Maialen laztana:

Bai nire aitak aurkitu du lana. Azkenean, zinema bateko takilan hasi da lanean, txartelak saltzen... Zinema auzo txiro batean dago eta oso zaharra da, zure etxe ondoko lantegia bezain zaharra. Nire ama ere oso ondo dabil erietxean.

Egia al da ekainean hona etorriko zaretela? Gutuna jaso nuenean ezin nuen sinetsi! Asko pozten naiz, benetan.

Eskolan zer moduz hasi naizen galdetu didazu. Ba, egia esan... ez naiz oso ondo hasi. Nire irakaslearekin ondo moldatzen naiz, jatorra bezain langilea da eta beti dago laguntzeko prest. Hizkuntzarekin ere hor nonbait. Ez naiz horregatik kexatzen. Ikaskideekin, ordea, ez nago oso gustura. Oraindik ez dut lagunik egin. Ez naute oso ondo hartu eta nik ere ez dakit nola hurbil naitekeen beraiengana. Errazagoa izango zelakoan nengoen.

Ez dakit zer egin. Erantzun iezadazu. Agur!

Beņat


Orio, 2006ko otsailak 17
Kaixo Beņat:

Egia al da idatzi didazuna? Lasai, nire ustez normala da hasieran horrelako zerbait gertatzea. Hilabete bat baino ez daramazu Parisen eta eskolan bi aste baino ez. Oraindik ez duzu lagunik egiteko asti handirik eduki. Denborarekin egingo dituzu, ziur nago.

Bestela zer moduz etxean? Aita gustura ibiliko da lanean ezta? Ondo ari al zara moldatzen hizkuntzarekin? Ea hiru urte hauetan ikasi duzun frantses pizarrak balio dizun.

Postdata: Ekainean Parisera egiteko bidaiarena ziurra da. Dagoeneko hasi gara errifak saltzen dirua lortzeko.

Aupa hi! Animo!

Maialen










Paris, 2006ko otsailak 22

Epa Maialen!

Mila esker zure eskutitzarengatik, asko animatu nau, benetan. Orain hobeto sentitzen naiz.

Irakasleak Saharatik gure adineko bi mutil etorriko direla esan digu. Hori entzun bezain laster, ilusio pittin bat piztu zait. Niretzat aukera bat izan zitekeela pentsatu dut eta bi mutil horien laguna egin nintekeela.

Hizkuntzagatik ere galdetu didazu. Nahiz eta askotan gauzak bi aldiz errepikatzeko eskatu behar izan, ez dut arazo handirik eduki.

Merci beacoup, je t?aime:

Beņat


Orio, 2006ko otsailak 26

Kaixo Beņat:

Ikaragarri pozten naiz zugatik. Noiz etorriko dira bi saharauiarrak? Zu beraien lagun egitea da espero dudana. Baina gainontzeko ikaskideekin ere saiatuko zara ezta?

Hilabete eta erdi egin duzu Frantzian. Oso gogorra egin zaizu? Niri egia esateko bai, zu baino okerrago pasa dudala uste dut. Gogorra egiten zait zu gabe egotea.

Ikasten hasi behar dut. Agur mon amour! Ekaina arte.
Maialen



Paris, 2006ko martxoak 8

Maialen:

Orain dela hamar egun etorri ziren bi lagunak. Eskolan nire ondoan esertzen dira eta elkar laguntzen dugu, izan ere beraiek ere ez dakite oso ondo frantsesez. Ondo moldatuko garela badakit. Bai, beste gelakideekin ere ari naiz pixkanaka. Nire jarrera ere lehen baino irekiagoa da eta errazago hurbiltzen naiz haiengana.

Ekaina iristeko irrikitan, laster arte:
Beņat
Itzal

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia