ZORIONEKO EGUNA
Atzo eguerdian, egunero bezala, eskolako autobusean sartu, eta nigatik soilik, txoferrak mendi arriskutsu hura igo zuen, ohikoa zen bezala, autobusean bera eta ni bakarrik gindoazela. Bidezidor estu hartatik sartu eta etxe ondoan utzi ninduen. Jator-jator agurtu, eskerrak eman, eta eskailerak jaitsi orduko konturatu nintzen, autobuseko gidari gizajoak komeria latzak zeuzkala autobus zahar eta handi hura berriz ere herrirantz zihoan bidean nolabait sartzeko. Etxeko ate nagusiaren aurrean nengoela, giltza sarraila zaharrean sartzera nindoala, egunerokoa errepikatu ordez, etxe ondoko zelai zabalera joatea bururatu zitzaidan. Bazen denbora pixka bat ez nintzela bertan egona. Txikitan denbora asko pasatzen nuen zelai zabal eta lasai hartan, eta nire txokoa markatuta neukan belar eta lore artean.
Bertan, lasai-lasai etzan eta nire munduan murgildu nintzen Kepa Junkera entzunaz. Ez nuen etxe madarikatu hartan sartzeko gogorik, berriz sartu beharko nuela pentsatzen nuenero urduri eta gaizki jartzen nintzen. Beldur nintzen, etxean sartu eta bertan aurkituko nuenaren beldur. Bazen urte bete gurasoekin bakarrik bizi nintzela, nire anaia eta ahizpa beren kabuz bizitzera joan zirelako. Orduz geroztik etxeko giroa erabat korapilatu eta nahastu zen. Askotan pentsatu izan nuen gurasorik ez duten haurrek zortea zutela. Munduan eskatuko nuen desio bakarra, nire nahia, aita ez edukitzea zen. Nire etxean bizi zen gizona, nire amarekin lo egiten zuen gizona ez nuen aitatzat hartzen. Nik, bestalde, ama mundiala dut. Beti alabaren ondoan egoten den horietakoa. Beti laguntzeko prest. Berarekin oso ondo moldatzen nintzen, baina beste gizona etxera sartzen zen unean dena aldatzen zen. Etxean ez nintzen gustura bizi. Ezin nuen lasai egon etxe barruan. Lo egitea kostatzen zitzaidan, edozein soinuk apurtzen zuen nire loa. Beti soinuen menpe bizi nintzen. Ohean etzan, argia itzali eta etxeko soinuak entzuten jartzen nintzen. Egunero ez bazen ere, oso maiz esnatzen nintzen goizaldeko 4tan, 5etan?urte bat zen ez nuela lo gustura, lasai eta ondo egiten. Kanpora ateratzen nintzenero pentsatzen nuen ama nola egongo zen gizon nazkagarri hori ondoan zeukalarik. Mendian galduta bizi naiz, eta beraz, ez naiz nahi adina geratzen lagunekin. Pasa izan nituen 20 bat egun etxe zulotik atera gabe, atera orduko zerbait pasako zela pentsatzen nuelako. Familiako arazoak ez dira beste gauzak bezain erraz esaten, eta beno, ez direnez edonori edonola kontatzeko moduko gaiak, denbora luzea igaro ostean, udako arratsalde batean, lagun min bati soilik kontatu nion. Ni lasaiago geratu banintzen ere, bere aurpegiak dena esaten zuen. Txundituta geratu zen, ezin zuen sinistu. Ez da erraza lagun bati, nire aitak esan eta egin zituen gauzak kontatzea. Ez da erraza aitak mehatxu gogorrak egiten zituela kontatzea. Gogoratzen dudan bakoitzean, hotzikarak etortzen zaizkit.
Nire etxean aspaldidanik izan genituen istiluak, gurasoen arteko eztabaida gogorrak, baina hasiera batean nahiko suabeak izaten zirenak, azkenean, oso gogor eta latzak izatera iritsi ziren. Dena neguko gau hotz batean hasi zen, ama, aita eta hirurak afaltzen ari ginela. Ez dakit nondik hasi zen, baina ohikoa zen bezala, aita eta ama liskarrean hasi ziren. Ez naiz oso ondo gogoratzen zeri buruz ari ziren. Aitak beti zioen egoera haiek azkenean ez zirela ondo bukatuko, zerbait pasako zela? istilua aurrera zihoan, gero eta oihu gehiago, gero eta ozenago?halako batean, aita bere onetik atera eta momentu hartan erotu egin balitz bezala, modu txundigarri eta arraro batean altxa egin zen. Ni erabat izututa nengoen, eta amarengana joan nintzen. Halako batean, aitak etxeko labana zorrotz, handi eta arriskutsuena hartu zuen esku artean, eta aho artean zerbait murmurikatzen ari zen bitartean amarengana hurbiltzen hasi zen. Nik garrasi egin nuen, erabat beldurtuta bainengoen. Garrasi hark, aita bere onera ekarri zuela ematen zuen, eta labana bere lekuan utzi zuen. Negarrez hasia nintzen ordurako, eta amak gelara bidali ninduen.
Egun hartan gertatutakoaren ondoren, aitak mehatxuak egiten zizkion amari. Banantzen baziren bertan akabatuko zuela, ez uzteko bakarrik, kontu handia edukitzeko egiten zuenarekin?ama beldur zen, eta ez zen gauza aitagandik banantzeko. Bazekien bananduz gero bere mehatxuak egia bihurtuko zirela. Eztabaida hartan ia bertan akabatu bazuen, beste hainbat aldiz egiteko kapaza zela pentsatzen zuen. Egun latzak izan ziren jarraian etorri zirenak, eta ez nintzen etxetik atera ere egin. Amaren ondoan egon nahi nuen, ezin nuen bakarrik utzi. Denboraldi luze batez ez nituen bere mehatxu gogor haiek entzun, baina hala eta guztiz ere, ez nintzen lasai bizi. Kezkatuta bizi nintzen, beldurrez. Ero bat bizi zen nire etxean, burutik erabat nahastuta aurkitzen zen gizon bat, eta ezin nuen lasai bizi hori horrela zela jakinik. Horregatik, ez nuen etxe horretara bueltatu nahi.
Bat-batean, zelaian lasai-lasai nengoelarik, txikia nintzenean zelai lau eta zabal hartan, belardiaren ondoko erreka koxkor hartan pasatako hainbat oroitzapen gogoratzen ari nintzelarik, pentsaera batek lasaitasun hura apurtu zidan. Aurreko egunean sesio gogor bat eduki zutela gogoratu nintzen. Gehiago pentsatu gabe, motxila hartu, bizkarrean jarri, handik altxa eta etxera joatea erabaki nuen.
Etxeko atarian aitaren moto zuria zegoen, eta ondoan amaren kotxe beltza. Sarrailan giltza sartu nuen, eta aspaldiko argazkiz beteta zegoen etxeko sarrerara pasa nintzen. Izugarrizko isiltasuna nabaritu nuen. ?Kaixo ama!? oihukatu nuen, baina ez nuen erantzunik jaso. Nire bihotz-taupadak soilik entzuten nituen isiltasun sakon hartan. Egongelara abiatu nintzen, eta intuizio txarrak edukitzen hasi nintzen?gorputzak zerbait arraroa sentitu eta niri transmititu nahiko balit bezalako sentsazio arraro bat izan nuen. Gehiago ez hurbiltzeko abisatu nahiko balit bezala sentitzen nuen.
Egongelako leihoa irekita aurkitzen zen, eta kanpoan egoten den zakurraren zaunkak sartzen ziren etxe barrura. Zaunkak ere, arraro sumatzen nituen, ez ziren betiko zaunkak. Dena oso arraroa zen. Oso egoera berezian aurkitzen nintzen, eta gero eta urduriago nengoen. Leiho aldera hurbildu eta behera begiratu nuenean, beheko soroan nire aitaren gorpua ikusi nuen. Ez nintzen erreakzionatzeko gai izan, ama etorri zitzaidan burura. Ama bakarrik. Non zegoen? Nola? Motxila sofaren gainera bota eta korrika beraien gelara abiatu nintzen. Eskailerak binaka eta hirunaka igo nituen, ?ama!? oihukatzen nuen bitartean. Gelako atea zabaldu nuen, baina han ez zegoen inor. Komunera sartu eta inor ez, ezta arrastorik ere. Sukaldera jaistea besterik ez zitzaidan geratzen. Eskailerak jaisten ari nintzela, pare bat aldiz erortzeko zorian egon banintzen ere, bizirik iritsi nintzen sukaldeko atearen aurrera. Beldurrez josita aurkitzen nintzen, zabaltzen banuen zer aurkituko nuen pentsatzen nuen. Amak ezin zuen gaizki egon. Zer izango zen dena bera gabe? Pentsaera asko hasi zitzaizkidan burura etortzen. ?Tira, utzi dezadan pentsaera txar hauek pentsatzeari eta aurrera, sukaldeko atea ireki behar dut. Ez. Ama ondo aurkitzen da, noski baietz, ezin du gaizki egon??nire buruarekin hitz egiten hasia nintzen, nire burua erruduntzat hartzen hasia bainintzen. Dena nire errua zela pentsatzen nuen. Eskua atearen heldulekuan jarri nuenean, dardarka nuela konturatu nintzen. Atea ireki eta zabaldu nuenean, sukaldeko mahai borobilaren azpian amaren eskua ikusi nuen. Negarrez hasi nintzen, negarra soilik ateratzen zitzaidan. Ahotsik gabe geratu nintzen. Nekatuta, urduri eta negarrez nengoela, amarengana hurbildu nintzen. Hantxe zegoen nire ama, lurrean etzanda, labana gorputz erdian sarturik zeukala. Gezurra bazirudien ere, ama bizirik zegoen. Denbora gutxirako izango bazen ere, bizirik zegoen. Berehala larrialdietara deitu nuen, eta ordu laurdenen bueltan etxean zeuden. Amarekin anbulantzian sartu eta ospitalera joan nintzen. Bertan, ebakuntza arriskutsu bat egingo ziotela esan, eta nire ahizpa eta anaia ospitaleko atetik sartzearekin batera, eraman zuten gure ama ebakuntza gelara.
Orain hemen nago, anaiarekin eta ahizparekin ospitalean. Medikuek ama ondo jarriko dela diote, esperantza apur bat geratzen zaigu, beraz. Azkenean bukatu dira nire beldurrak, aita jada hilik dago. Eskerrak. Zakur madarikatua. Banengoen bai, edozein momentu aprobetxatuko zuela ama hiltzen saiatzeko. Baina ez dakit zer lortu duen. Ama hiltzen saiatu, gero berak bere buruaz beste egiteko. Erotutako gizon madarikatua. Bere emazteari min eman, eta ondoren bera hil. Koldar hutsa zen. Baina gaizki atera zaio. Ama bizi da, ondo jarriko da, eta bera joan egin da. Zorioneko eguna atzokoa. Hainbeste denbora itxaroten egon naizen eguna. Askotan eskatutakoa bete zen eguna. Nire nahia egia bihurtu zen eguna.
Dale