SUFRIMENDUAREN
AMAIERA
Buruarekin agurtzen ninduen beti, inoiz kaixo edo iepa batekin. Egunero topatzen nuen tren geltokian, egunero ibilbide bera eginez: atetik sartu eta leihatilara, leihatilatik laugarren nasara. Bertan hamar segundo itxaron eta trena etortzerakoan, sartu eta lehen eserlekuan esertzen zen kontu handiz.
Beti beltzez jantzia zihoan, nire ustez, senarra hil zitzaiolako. Eta nekatu aurpegia zeraman egunero, bere begi zuloetan nabari zen bere bizitza monotonoaz nazkatuta zegoela.
Donostiara iritsi bezain laster, trenetik jaisten zen, hemen ere, aulkitik kontu handiz zutituz. Lehenengo harategira joaten zen, ondoren, janari-dendara, gero, arraindegira eta, azkenik, fruta-dendara. Horrela, igarotzen zuen goiza. Inoiz aparteko ezer erosi gabe, kaferik hartu gabe, inoiz inorekin hitz egiten gelditu gabe.
Ondoren, bere poltsak hartu, gutxi ziren, batentzat soilik zirelako, eta berriz trenean igotzen zen, kontu handiz lehen eserlekuan eseriz, bere etxera bueltatzeko. Berriz berekin topatu eta buruarekin agurtzen ninduen, hitzik gabe, behin eta berriz, egunero.
Baina baziren bi aste ikusten ez nuela, tren-geltokian topatzen ez nuela, eta larritzen hasia nengoen. Horregatik, bere etxera joatea erabaki nuen, zerbait gertatu ote zitzaion jakiteko. Bertara iristean, etxeko atea erdi irekita aurkitu nuen eta atea jo ondoren, sartu egin nintzen, kontu handiz aurkituko nuenaren beldurrez. Etxe txikia eta bakartia zen. Hotza zegoen, barruan mugimendurik egongo ez balitz bezala. Etxeko gelak miatzen joan nintzen banaka-banaka. Lehenengo sukaldean begiratu nuen. Hutsa zegoen, baina mahaia jarria zegoen plater bakarrarekin, eta bertan, xerra lehor bat, egun ugari zituena, besterik ez zegoen. Ondoren, logela miatu nuen, hau ere hutsa. Ohearen alboetara bi mesanotxe eta horietako batean, lanpararen ondoan, gizon baten argazkia zilarrezko marko batean, seguraski andrearen senarra izango zena. Azkenik, egongelarantz jo nuen eta bertan, egurrezko mahaiaren parean, aurkitu nuen emakumea, lurrean botata odol-putzu lehor baten gainean. Ikusten nuena sinetsi ezinean garrasika hasi nintzen bizilagunei laguntza eske. 112-ra deitu eta anbulantzia eta ertzainak iritsi ziren uste nuena ziurtatuz: emakume hura hila zegoela.
-Hori al da dena?
-Bai, orduan etxera joan nintzen eta bi egunetara ertzainak etorri ziren etxera Karmen Uriberen hilketagatik atxilotua nengoela esanez.
-Ekaitz, zure hatz-arrastoak zeuden etxe guztian zehar eta ez duzu koartadarik, inork ezin baitezake ziurtatu duela bi aste etxean zinela gaixo zeundelako.
-Baina nik egia diot, etxean nengoen gau hartan eta hatz arrastoak etxean sartu nintzenekoak ziren.
-Nola dakizu gaua izan zela Karmen hil zutenean?
-Zuek esan didazuelako galdeketan.
-Ez, Ekaitz. Nik galdetu dizudana zera da, non zinen urriaren 22an, baina ez dizut esan gaua zela hil zutenean.
-Ba? Gainera, zergatik deituko nuen bi asteetara gorpua aurkitu nuela abisatzeko?
-Ez dakit, hori zuk esan beharko didazu.
-Ez naiz ni izan.
-Bai, zu izan zara.
-Ezetz!
-Bai!
-Ez?
-Ekaitz, zer gertatu zen?
Nik berarentzat egokiena egin nahi nuen. Bere bizimodu aspergarri eta bakartiaz salbatu nahi nuen. Bere sufrimendua akabatu nahi nuen. Ezin zuen gehiago. Ez zen zoriontsu. Horregatik gau hartan mundu hobe baterako bidaia oparitu nahi nion. Karmenen etxera joan nintzen, atea ireki nuen ez baitzegoen giltzaz itxia eta dutxatzen ari zela aprobetxatuz, mahai gainean zegoen ur-botilan pozoia bota nion eta etxetik irten nintzen. Denbora pasa zen eta ez nuen bere hiletaren berri eduki, horregatik, Karmenen etxera bueltatzea erabaki nuen zer gertatu zen jakiteko. Orduan atea ireki, aurrekoan bezala ez baitzegoen itxia, eta bertan aurkitu nuen, lurrean botata odol-putzuaren gainean. Nire ustez pozoiak eragina egin zuenean erori eta buruarekin mahaiaren izkina kolpatu zuen. Baina horrela, mundu hobera pasa zela ikusi nuen eta zoriontsu naiz eta izango naiz beti, bere sufrimenduarekin bukatu nuela gogoratzean.
-Baina zergatik abisatu zenuen 112-ra?
-Agur ona merezi baitzuen, bere senarraren ondoan lurperatu eta betirako elkarrekin egoteko.
-Ekaitz, eroturik zaude. Ez zara jabetzen pertsona bat hil duzula?
-Nik soilik bere sufrimenduarekin amaitu dut. Ez naiz hiltzaile bat!
-Ekaitz, hiltzaile bat zara! Atxilotu eta kartzelan igaroko dituzu hurrengo hogei urteak.
-Ez epai-jauna, ezin naute atxilotu pertsona baten sufrimenduarekin bukatzeagatik! Oraindik asko dago egiteko, jende askoren sufrimenduarekin bukatu behar dut! Agian zurearekin?
Hera