Galtzagorri Elkartearen webgunea

2007

MagtreMHYT

MAGTRE



Ez zen inongo bizitzaren arrastorik ageri, baina laku eder baten ondoko zuhaitzetan ezkutaturik zeuden bizidunek hori aldarazten zuten. Tximeletak ziren, tximeleta ederrak, gorputz lirain batekin eta milaka koloretako hegoekin. Baina geldirik zeuden eta ez zuten beraien benetako edertasunaz gozatzeko aukerarik ematen; izan ere, egun luze eta berezi baten ondoren deskantsatu beharra zuten.

Baso iluneko zuhaitzen artetik nabaria zen bere argitasuna. Gaua garbia zen oso, eta oihan partikular hartako isiltasun ororen gainetik bere gorputz inperfektua erakusten zuen ilargi bete-beteak, iluntasuna ezerezean uzten zuen bitartean.

Hala ere, animalia guztiak tenperatura baxuen poderioz gordelekuetan ezkutaturik zeuden arren, armiarma-sareek ihintzagatik bustirik egonda zuten dizidirarengatik gau hari bizitasuna ematen zion, fantasia puntu bat, aldi berean berezia egiten zuena, eta ez arrazoi barik.

Gau hura benetan berezia zen, ez baitzen edozein gau bertan bizi ziren zortzi hankako animalia txikien tribu batentzat. Buruzagia prest zegoen gerta zekiokeen guztirako, baita betirako bere identitatea galtzeko ere. Zortzi hanketako batean eraztun bat zeraman, bataiatu zutenean bere birraitonak utzi ziona, bertan jartzen zuena betetzeko esanez. Eraztuna urrezkoa zen eta barruan armiarmen hizkuntza zaharrean, armitan, idatziriko hieroglifiko antzeko bat zuen. Eraztun hura janzteko tradizioa bezain zaharra zen hizkuntza hori armiarmen artean.Iritsi zen orain arte inoiz egin ez zutena egiteko unea.

Armorng buruzagiaren inguruan kokatu ziren gainontzeko animalia itsusi horiek. Denek zortzi hanka zituzten, zortzi hanka iletsu, eta begiratze hutsak nazka ematen zuen aurpegi bat, gorputz txiki baten gainean. Oso izaki nazkagarriak ziren, baina leienda batek dioenez beren jakinduria mirestekoa da. Argitasun handirik ez zegoen arren, hatz batetik kendu berri zuen eraztunak diz-diz egiten zuen, eta baita barruko hieroglifikoak ere. Denek izan zuten irakurtzeko aukera.

-MAGTRERA ILARGI BETEAN
- Baina benetan haraino joan behar al dugu?
- Zer egin behar dugu guk han?

Magtre baso ilun hartako zuhaitzik zaharrena zen. Laku baten ondoan zeugoen eta bere itxura beldurgarria zen. Mito eta leienda askok zuten zerikusia zuhaitz harekin, baina beti ere ekintza ilunekin lotua zegoen. Hara sartutako inor ez zen bizirik irten inoiz, edo hala zioten behintzat istorioek.

Borobil ederra osatu zuten ibilbidea hasi baino lehen, baina denek beraien gordelekuan geratu gura zuten eta gorputzeko ile guztiak dantzan hasi zitzaizkien zertara eramango zituzten ez zekiten ibilbide hartan abiatu aurretik.

Euren gordelekura ez zen apenas argirik sartzen, eta handik irten zirenean, mundu berri bat ezagutu zuten, ilargiak argitutako mundu bat, eguzkiaren arrastorik ez zegoen. Gauaren isiltasunak guztiz estaltzen zuen ingurua, eta beraiek ere, beste guztiek bezain isilik, errenkada bat sortu zuten oinez abiatzeko.

Insektu guztien begiradak eskuratu zituzten isiltasuna hautsi zuten ulu batzuek, baina, hala ere, beraien bidea jarraitzea erabaki zuen 200 armiarmatik gorako talde umil hark. Kilometro pare bat ibili ondoren lortu zuten helmugara iristea. Toki hura deskribaezina zen, benetan fantastikoa. Magtrek zuhaitz arrunt baten itxura zuen, baina barrutik hori baino askoz gehiago zen.

Lurzoru guztia hostoz beterik zegoen, eta normala zen urtaro hartarako. Hostoak ordea gorriak eta laranjak ziren, eta mirariak egiten zituen bihotz bat zuten barruan, hori koloreko ur misteriotsu bat. Oso zuhaitz zaharra zen eta hosto horiek ere itxura hori zuten, baina armiarma buruak ezin izan zuen ulertu berehalakoan eraztunak zer arrazoi izango zuen beraiek haraino bideratzeko.

Armiarma arre guztiak barruan zeuden jada, baina beraien beldur guztiak desagertuak ziren, inoiz imaginatuko ez zuten ikuspegi hura ikustean. Armiarmak bertako hosto bitxiei begirada bat botatzearekin batera lurrean zeuden hosto guztiak airean atera ziren, haize ufada bortitz batek eramango balitu bezala, eta beraien baitan transformazio harrigarri batzuk gertatu ziren. Dena argitasun berde batez bete zen, eta hosto guztiei hegal batzuk ateratzen hasi zitzaizkien bi aldetatik, hegal garden batzuk. Segundu gutxira beraien mugimenduak balaztatu egin ziren, eta luma arin batzuk bailiran lurrera erori ziren, dizdira berezi batez eta ezerezetik agertutako hego haiekin.

Hostoak erditik ireki ziren, eta armiarma guztiak erakarri zituen zerbait izango zuten, banan-banan armiarmak barrura sartzen joan ziren eta, hosto guztien dizdira guztia bereganatuz. Miniaturazko dinosauruen itxura zuten arrautzak ziruditen, barnean ihes egin nahiean zebiltzan armiarmen mugimendua ez baitzen eteten. Orduak igaro ziren, eta armiarmak beren transformazioa bizitzen zuten bitartean zeruari ere gauza bera gertatzen zitzaion, zeru iluna argi bihurtzen hasi zen. Egun berri bat zetorren beste behin, eta bizitzak aurrera jarraitzen zuen atzera bueltarik gabe, egunero bezala.

Baina zuhaitz higatuaren baitara lehen eguzki izpiak sartzearekin batera hasi ziren hostoak puskatzen, arrautza batzuk bezala, eta bertatik ateratzen zirenak ez ziren armiarmak. Tximeleta eder batzuk hosto artean biraka zebiltzan, jolasean, baina atera ezinik aldi berean. Azkenean milaka kolore bizi zituzten tximeleta batzuk atera ziren, bezperan armiarma arreak eta iletsuak zirenak. Zuhaitzen hostoek mirari bat bete berri zuten, eta armiarmen arrasto guztiak desagertarazi zituzten. Aurrerantzean Magtreren leienda bat gehiago besterik ez zen izango.

Orain ez zuten hitz egiteko aukerarik, eta ez zen oso erraza izango tximeleta horien lehen eguna; jende guztiak zapaldutako intsektu ziren eta hurrengo egunean ipuin guztietan agertzen ziren intsektu maitagarriak. Beraien gordeleku bihurtu zuten Magtre, eta bertan igaroko zuten beraien denboraren zatirik handiena.

Lehenengo egunean behintzat, eurak izan ziren erdi ustela zegoen toki ilun hura kolorez jantzi zutenak, alde batetik bestera hegan zebiltzalarik eta horrela izaten jarraituko zuela espero dut; hala ere, beste alde batetik bertara sartu eta atera ez ziren bizidun batzuk gehiago izango ziren. Nork daki zer gertatuko ote zen gainontzekoekin!

Armiarmen bizitzako egunik zoragarrienetako bat izango zen, dudarik gabe, baina orain ez ziren armiarmak eta hori pentsatze hutsarekin amets ugariri emango zien tokia. Batez ere zerua berriz ere iluntzen hasi zen momentu hartan, eta basoan isiltasuna nagusitu zen hartan. Basoko isiltasunak lagundurik ilargiaren argipean amesteko gaua zen hura.

Ez baitzen inongo bizitzaren arrastorik ageri, baina laku eder baten ondoko zuhaitzetan ezkutaturik zeuden bizidunek hori aldarazten zuten. Tximeletak ziren, tximeleta ederrak, gorputz lirain batekin eta milaka koloretako hegoekin. Baina geldirik zeuden eta ez zuten beraien benetako edertasunaz gozatzeko aukerarik ematen; izan ere, egun luze eta berezi baten ondoren deskantsatu beharra zuten.

Magtre

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia