ASKATASUN EGARRIA
1998ko azaroaren 22a
Burko azpitik atera, orrialdeak bata bestearen atzetik pasa eta azkenean iritsi naiz gaurko egunaren izena daramanera. Bost egun gogor igaro dira nire boligrafo urdinaren tintak zure lerro goxoak laztandu ez dituenetik. Zenbat oroitu ote naiz zutaz, ene eguneroko maitea, inkomunikaturik iragan ditudan egun hauetan guztietan.
Ohetik altxa eta lau horma triste eta monokolore hauetako batean zintzilik dagoen ispilu zaharrean begiratu dut nire burua. Baina ez dut ezagutzen ikusten dudana, nor da? Begiaren parean dudan ubeldurak azaroaren 17ko oroitzapenak dakarzkit:
Egun hartan koadrilakoak eta ni Alamedako Oņatiarra tabernan geratu ginen manifestaziora joan aurretik. Beti bezala, iritsi nintzenerako bertan zeuden lagun guztiak eta denak elkarrekin manifestaziorako bidea hartu genuen. Segituan hasi ginen ?amnistiarik gabe bakerik ez? oihukatzen eta bidean aurrera gindoazen heinean gero eta jende gehiago elkartzen zen gurekin. Aurrera begirada bat bota eta nire ama ikusi nuen anaiaren argazkiarekin. Oihuak gero eta ozenagoak ziren eta Alamedara iritsi ginenean, baten batzuk barrikadak jartzen hasi ziren. Denbora gutxira agertu ziren ertzainak eta gehiegi pentsatu gabe hasi ziren mugitzen zen guztiaren aurka deskargatzen. Denak korrika abiatu ginen kale zaharretan barrena, atariren bat noiz irekiko zain. Biteri kalean izkina egin nuen ihes egiteko asmotan.Hala ere, poliziak harturik zituen herriko txoko guztiak eta berehala hurbildu zitzaizkidan hiru. Denen artean lurrera bota ninduten. Kolpe bat hemendik, beste bat handik?
Hurrengo egunean esnatu eta nire ingurura begiratu nuen. Gela ilun eta heze batean nengoen. Barrotez beteriko leiho ziztrin batetik sartzen ziren eguzki-izpi bakan haiek ez zuten nahiko indar bertako tristura guztia argitzeko. Ohearen papera jokatzen zuen koltxoi zahar bat zegoen alde batean eta bestean komun zikin bat, bere lana behar bezala betetzen zuen ere ez nekiena.
Bost egun beranduago, zulo hartatik atera eta orain idazten diharduten gela honetara ekarri ninduten.
Dagoeneko iritsi da nire eguneko momenturik gogokoena, amets egiteko unea. Ordu gutxi batzuetan bada ere aske bizi bainaiz. Ametsetan nire desiorik handienak betetzen ditut eta errealitate krudel honetatik urruntzen naiz.
1998ko azaroaren 23a
Neguko tenperatura hotzek esnatu naute gaur. Goizean goiz, ateko sarraila ireki eta esku luze batek gosaria ekarri dit. Alabaina, aurpegia ikusteko betarik eman gabe alde egin du. Leihotik harantzago galdu da nire begirada eta zeru urdinaren gainean hegan dabilen arranoaren askatasuna miretsi dut. Ni, ordea, hemen, lau pareten artean, baina ez naiz damutzen askatasun egarri den herria aurrera atera nahi izatez. Berriz ere ate soinua, oraingoan, ordea, ordu erdiz kalera irten naitekeela jakinarazteko etorri dira. Hanka bat besteak baino motzagoa duen eserleku gainetik berokia hartu eta kanpora atera naiz. Batzuk futbolean dabiltza eta besteak marmolezko mahai sendo batzuetan txutxu-mutxuka. Nik eseri eta zure orrialdeak betetzen jarraitu dut. Nire ondoan norbait eseri dela nabaritu dut eta begiratu dudanean ile motzeko mutil bat ikusi dut. Laster hasi gara hitz egiten. Argentinarra dela esan dit eta familiarentzat dirua lortzeko drogen munduan sartzeagatik dagoela hemen. Oso jatorra iruditu zait. Beno, eguneko azken argi-izpiak aprobetxatuz agurtzen naiz.
1998ko azaroaren24a
Gaur esnatu bezain laster egin dut irribarre, nire ama ikusi dudanean. Gure artean kristal lodi bat egon arren, inoiz baino gertuago sentitu dut. Gainera, anaia etxean dela esan dit eta inoiz baino gehiago poztu naiz preso bat askatzeaz. Anaia izateaz gain, burdina artean egotea zein gogorra den ez nekielako bertan aurkitu naizen arte. Elkarren berri izan dugu eta hogei minutuz hitz egiten jardun ondoren, atea ireki eta gizon sendo eta altu bat sartu da ?se ha terminado el tiempo? esanez. Modu goxo batean agurtu eta gero, nire ama nola urruntzen zen ikusi dut.
Momentua gogoratzen dudanean malkoak isurtzen zaizkit begietatik, hala ere, zorion malkoak dira. Jada badut nahiko indar aurrera jarraitzeko eta ohartu naiz neureengandik urruntzen nauten ehunka kilometro hauek fisikoak besterik ez direla.
Arratsaldeko ordu librea Manuelekin, atzo egindako lagun argentinarrarekin, igaro dut. Berak arrebaren bisita jaso du eta ni bezain pozik eta gogotsu dago.Bere etxeko egoera ekonomikoa hobetu egin da, arrebak lan on bat bilatu baitu.
Barrura sartzeko ordua dela adierazi dutenean, Manuelengandik agurtu eta nire zigor-gelarantz joan naiz. Bidean nindoala gaurko eguna izan zitekeen onena izan dela pentsatu dut eta datorren asteko bisita orduaren zain geratu naiz grinatsu.
Inoiz baino izar gehiago dauden gau honetan, idazten jarraitu dut ilargiaren argipean. Nire amonaren esanetan izar askoko gauetan zoritxarren bat gertatzen da eta baliteke zeruan dauden izar horiek guztiak sinesmen hau indartzea. Baina gaur zerbait gertatzea ezinezkoa iruditzen zait! Ateko sarraila irekitzen entzun dut. Ez da batere ohikoa, gelara otorduetan eta ordu libreetan besterik ez dira etortzen, baina horrek baino gehiago harritzen nau ahots bat baino gehiago entzuteak. Urduritzen hasi naiz. Zer gertatuko ote da? Zer nahiko dute? Ezinegonak gorputz osoa dantzan jarri dit. Izugarrizko itolarria sentitzen dut. Ziurrenik ni zirikatzera etorriko dira. Ez didate lorik egiten utziko. Gau luze honetan asper ez daitezen, ni beraien jostailua izango naiz. Gauero presoren bati tokatu beharko, eta gaur niri egokitu zait. Lehenbailehen biharko eguna iristea desiratzen dut. Bihar beste egun bat izango da.
Hurrengo eguneko egunkarietako berria:
?Ane Sagaseta hilik agertu da Logroņoko kartzelan. Poliziaren esanetan baziren egun batzuk triste samar zebilela eta bere buruaz beste egin duela uste dute.
Bere familiak eta espetxeko lagun batek ordea, atzoko egunean pozik eta hurrengo bisitarako gogotsu zegoela adierazi dute.?
Auskalo