Galtzagorri Elkartearen webgunea

2007 | Irabazleak

Krak!Mikel Manzisidor Iztueta

KRAK!

I

-Itzul zaitez garaiz.

Ezin izan zion ezetzik esan. Masailetan behera irrist egin zuen malko parea isuri zuten Maritxuren begi berde haiek, erregu distiraz, eta Joxe Marik ezin izan zien ez haiei eta ez egiari aurre egin. Ez zuen adorerik izan:

-Hala egingo dut?koldar.

Maritxuk jakin bazekien itsas-bidaiak bi hilabete baino gehiago iraungo zuela, baina bere senarraren ahotik hori entzuteak lasaitu egiten zuen. Bere burua engainatuta barrenak baretzen zitzaizkion nolabait. Joxe Marik, ordea, ezin izan zion hainbeste maite zuen emakumeari ezezkorik eman, eta are gutxiago haurdun egonda.

Haurra edukitzeko zorian zegoen, baina patuaren halabeharrez marinelak ezin izango zuen bere txi-kiaren jaiotzan egon. Horrek min handia ematen zion, baina ez zuen beste aukerarik. Bere emaztea, eta laster baita bere semea ere (Joxe Marik behintzat mutila izan zedin nahi zuen, bere antzera marinel iza-teko) mantendu beharra zuen; arrantzara joan beste aukerarik ez zuen, beraz.

Oinetako aproposak jantzirik, arrantza tresna bakan batzuk hartu eta emazteari muxu parea eman os-tean danbateko batez itxi zuen atea. Kalean zihoala Maritxu burutik kentzen saiatu zen. Errudun sentitzen zen horrenbeste maite zuen emakumea bertan bakarrik utzita. Egia esan ez zegoen bakar-bakarrik ere; Jo-xepi, Maritxuren ama eta emakume gogorra, alboko etxean bizi zen. Bere gurasoez akordatu zen. Aitak itsasoan topatu zuen betirako bakea. Ama ordea pasa zen udazkenean joan zitzaion zuhaitzetako hostoe-kin batera.

Herriko plazarantz zihoan, bertan jarri baitzuten arrantzaleek hitzordua. Ortzimugari begira, ezin zuen bere emazte kuttuna ahaztu. Adats beltz eta luzeko emakumea zen, beso eta hanka sendokoa eta azal zuri leuna zuena. Edozein gizonen apetitua asetzeko modukoa, patuaren apetaz Joxe Mari aukeratu zuena. Ezkontza eguna etorri zitzaion gogora. Bere ama eta anai-arrebek ez zioten hutsik egin, eta Maritxuren senideek ere berdin egin zuten. Herritar asko hurbildu ziren, eta On Manuelek, apaizak, gurutzetxo bat oparitu zien senar-emazteei.

Ternuara joatekotan ziren, balearen bat harrapatzeko asmoz. Ez zen Joxe Mariren lehen itsas bidaia, baina bere bizitzaren zati zen itsasoari errespetuz egiten zion so. Izan ere, maite zuen jende asko kendu zion zeruertzeraino hedatzen zen maitale, eta aldi berean, munstro ikaragarri hark.

-Hi Joxemai!?halaxe deitzen zioten ezagun guztiek.?Itsasora irteteko prest?
-Horixe baietz! Zer uste duk ba hik? Ia emaztea bera bezain beste maite diat eta!?ez zen gezurra.

Arrantzale familia bateko laugarren belaunaldikoa zen. Bere aita, aitona, eta baita birraitona bera ere itsasgizon apartak izan ziren garai batean, eta Joxe Mari ez zen gutxiago izango.

-Ez diat zalantzarik! A, eta zelan da ba Maritxu? Nire emazteak esan zidak lehengoan portuan ikusi zuela eta tripa ederki hazia zeukala?nahiko zabarra izan arren, Joxe Marik ez zeukan Patxi gizon ona ze-naren zalantza izpirik.

Galderak ez zuen harritu. Asko ziren emazteagatik galdezka etortzen zitzaizkion kontakatiluak.

-Beno, ba zer esango diat? Lehen aldia duk, eta nahiko urduri zagon?betiko erantzun bera eman zuen.?Baina ez ei din minik sentitzen.
-Hala hobe, hala hobe. Eta nola deituko diozue txikiari?
-Mutila baduk Juanikote izena emango zioagu, eta neska badun Marina?egia esan oraindik ez zuten izenik aukeratu, baina bere emaztea izen horiekin ados egongo zenaren uste osoa zuen Joxe Marik.

Itsasgizon guztiak plazan biltzearekin batera portura hurbildu ziren. Ontzi ederra zen Lankuri, eta ur-teen joan etorria igartzen zitzaion arren oso kuttuna zen arrantzaleen artean. Ia herritar guztiak hurbildu ziren bertara marinelei zorte ona opatzera. Maritxu ez zen horretarako gai izan. Ezin zuen bere gizon mai-tea sekula harrapatuko ez zuen ortzimugarantz nola urruntzen zen ikusi, beragandik aldenduz.

Maritxuk ez, baina Joxe Marik, eta baita gainontzeko tripulanteek ere, euren herri kuttuna kolore arreko orban bat bilakatzen ikusi zuten aldentzen ziren heinean, alde guztietara itsasoa ikusi zuten arte. Eta ohi bezala, preso eta aldi berean libre sentitu ziren itsaso misteriotsu eta zabal hartan murgildurik.

Joan ziren egunak eta baita lauzpabost aste ere, baina oraindik ez zuten balearik harrapatu. Haien atzetik zebiltzan, baina haizeak ez zien askorik laguntzen. Ekaitza hasi zuen, eta haizeak Lankuri intxaur azal bat bezala mugiarazten zuten olatu erraldoiak altxa zituen. Hodei beltz eta izugarri haiek euren hase-rre guztia erakutsi zuten.

Zorionez, gauerako itsasoa baretu zen. Guztiak zeuden euren ohetan lo, tapaki eta larruz inguratuta eta zurrungaka. Hotz egiten zuen Ternuan, baina Joxe Mari izerdi patsetan iratzarri zen gauerdian soinu batek urdurituta. Zurbil-zurbil zegoen, ahoa lehor zuen eta begirada galdua. Maritxu itsasora jausi eta ito egin zela amestu zuen.

Bat-batean esnatu zuenaren soinu berbera ailegatu zen bere belarrietara. Ingurura begiratu eta bere kideak, Patxi haien artean, lo seko zeudela ikusi zuen. Ohetik altxa eta ontzigainera irten zen. Haizeak bi-rikak izoztu zizkion.

-Krak!?norbaiten pausoek ontziaren ohol zaharrak zapaltzean sortutako hotsa zirudien.

Bat-batean olatu batek itsasontzia mugiarazi zuen. Urduri, branka aldera hurbildu zen, soinua bertatik baitzetorren. Ur ilunari begira zegoen Joxe Mari apar zuri bat irteten zela ikusi zuenean. Ezin zuen begi bistan zuena sinetsi! Zetazkoa zirudien hark Maritxuren itxura hartu zuen ustekabean!

-Beraz?ametsa egia da orduan? Itsasora erori zinen?

Emakumearen hilotzak ez zuen erantzunik eman. Bere senarraren harridura begiradak izozturik be-zala, bertan geratu zen mugitu gabe.

-Zergatik zu? Nola gertatu zen??marinelak ez zuen ikusten zuena sinetsi nahi. Ezin zuen ametsetan ikusitakoa onartu.
-Lasai maitea. Etxean nago, zure zain. Zure falta sumatzen nuen eta bisita egitera etorri natzaizu.

Orduan gizona lasaitu egin zen.

II

Joxe Mari bere Maritxu maitea besarkatzeko gogo biziz zegoen, eta haurra ikusteko irrikitan. Balea handi eta eder bat harrapatzetik zetozen, eta herritar guztiak ahoan irribarrea zutela zeuden euren itzulera zela eta, Joxepi izan ezik. Lankuri ontzia herrira iritsi eta minutu gutxitara eman zion emakumeak albis-tea.

-Maritxu hil egin da.

Joxe Marik ez zuen ezer erantzuteko adorerik izan. Gizon gihartsu eta gogor baten barnean haur ahul bat ezkutatzen zen, etorkizunari aurre egiteko beldur zena. Malko bat isuri zitzaion, poliki-poliki masai-lean behera irrist egin eta lurrera amildu zena, ondoren desagertzeko.

-Nola gertatu da? Joan nintzenean ederki zegoen osasunez.
-Istripu bat izan zen?begi gorritu haiek kliskatu eta jazotakoa kontatzen hasi zen?. Hara, bere heri-otzaren gauean lo egin ezinik zebilen, eta kanpora irten zen haize freskoa hartzera. Kaira joan zen haurra besoetan hartuta, eta nonbait gehiegi hurbildu zen ertzera; uretara jausi zen.

Joxe Marik ezin sinets zezakeen! Amestu zuen guztia egia zen! Eta orduan? itsasontzian agertu zen hura? Erotzeko modukoa zen guztia! Itsasoak munduan gehien maite zuen pertsona kendu zion bera ba-karrik utziz! Negarrari ekin zion.

-Eta haurra? Maritxurekin batera hil al zen??malko artean.
-Miraria izan zen! Pello, errementariaren semea, bertara hurbildu zen Maritxuren oihuak entzunda. Uretara bota eta haurra baino ezin izan zuen salbatu.
-Zer da mutila ala neska?
-Neska. Oraindik ez dauka izenik, Maritxuk zurekin batera erabakitzeko asmoa baitzuen.
-Orduan?Marina deituko diogu.

Eta horrela, On Manuelek, Joxe Mari eta Maritxu ezkondu zituen berberak, haurra bataiatu zuen hu-rrengo egunean. Horrelako egunak alaiak eta ospatzeko modukoak izan ohi ziren normalean, eta herri osoa hurbildu ohi zen. Oraingoan ez zen hala izan. Joxe Marik ezin uler zezakeen Maritxuk zergatik utzi zuen modu hartan! Sufrimenduari aurre egin ezinik zebilen.

Eta horrela igaro zituen egunak, eta baita asteak ere. Orduak eta orduak pasatzen zituen gelako leiho-tik itsaso zabalera begira. Gorrotoz begiratzen zuen, baina itxaropentsu aldi berean, Maritxu ur ilunetatik noiz irtengo zain.

-Banoa.
-Zer?
-Banoala hemendik. Maritxurekin hitz egin nahi dut, eta Iparraldeko itsasoetara joango naiz, aurre-koan bezala ager dadin.

Joxepik ez zion ezezkorik eman. Bazekien gizonak bere emaztea ikaragarri maite zuela, eta joatea debekatuta ere bere asmoak berdin-berdin gauzatuko zituela. Onartua zuen bere suhia erotu egin zela. Eta horrela, hurrengo egunean Marina eta Joxepi bakarrik utzita ihes egin zuen, Maritxu topatu arte itzuliko ez zenaren promesarekin.

III

Denborak aurrera egin zuen. Lehen egunetan gauero egoten zen soinu hura entzun zain. Berdin egin zuen aste, hilabete eta urteetan zehar, baina ez zuen Maritxuren erantzunik jaso. Itsaso eta ozeano guztiak miatu zituen, gosea eta egarria, hotza eta beroa? guztiak izan zituen bidelagun, baina guztia alferrik. Erabat obsesionaturik zegoen duela urte batzuk ikusitako espektro harekin, eta ez zuen deskantsurik har-tzen.

Egunero egiten zuen errezu Maritxu ontziaren gainaldera irten zedin, baina alferrikakoak ziren saia-kera guztiak; azkenean, hamazazpi urteren ondoren emaztea gorrotatzera heldu zen arte. Bera zen aban-donatu eta bizitza miserable eta bakarti horretara zigortu zuena! Bere zen guztiaren erruduna!

Halako batean, ilargiaren argipean, ontzian zegoen oro puskatzeari ekin zion haserre bizian: kupelak, kriseiluak, mahaia? Eta bat-batean ?Krak!?. Gauzak apurtzeari utzi eta zurbil-zurbil brankara hurbildu zen. Aurrekoan bezala apar zuri modukoa irten zen ur izoztuetatik.

-Zergatik utzi ninduzun? Gorroto zaitut! Zeurea da guztiaren errua!
-Ez zen nire errua izan?espektroa negarrez hasi zen.
-Zu izan zinen bakarrik utzi ninduena, eta ez beste inor!
-Egia, baina errua ez da nirea.

Joxe Marik ezin zuen ulertu. Norena zen ba orduan?

-Hara, gau hartan Marina besoetan emeki hartu eta kanpora irten nintzen. Baina bat-batean, deabru txiki hark poseditu, bereganatu, eta itsasoan bainu bat hartu nahi zuela esan zidan. Orduan, nire mugi-menduak kontrolatu ezinik bere nahia bete nuen, eta uretara bota nuen Marina. Neure onera itzultzean uretara egin nuen jauzi bera salbatzeko asmotan, eta ito egin nintzen.

Joxe Marik ezin zuen entzuten ari zena sinetsi. Azken urteetan okerreko pertsonaren bila aritu zen! Bere bizitza suntsitu zuena ez zen Maritxu izan, bere alaba baizik!

-Marina izan zen guztiaren errudun! Ito egin ninduen nik bera mundura ekarri ostean!

IV

Herrira itzuli zen gau haren ondoren. Oso zahartuta zegoen, eta ez zuen bertako inork ezagutu Joxe-pik izan ezik. Etxera sartu eta ohean aurkitu zuen, gaixorik eta hilzorian. Marina zegoen bere alboan. Emakume ederra egina zegoen, baina aurpegi gozo haren atzean deabrua ezkutatzen zen!

Joxepi gau hartan bertan hil zen. Marinelaren ustetan heriotza horren erruduna ere bere alaba izan zen. Eta ezin izan zuen gehiago jasan! Deabru hura bere plan guztiak gauzatzen ari zen! Bere bizitza pi-kutara bidali zuen! Bakarrik utzi zuen!

Marina oheratu ostean, Joxe Marik arrantzarako erabili ohi zuen arpoia eskuan hartu, gelara sartu eta?besterik gabe akabatu egin zuen.

Guztia bukatu zen! Deabrua hil zuen! Baina jarraian hotzak bere gorputza zeharkatu zuen. Benetan bakarrik sentitu zen. Eta Marina, bizitza hondatu zioena, erruduna topatzeko bere obsesioa izan zela ohartu zen.

Gau hartan, Maritxu bezala portura joan zen haize freskoak aurpegia argitu ziezaion, eta betirako be-rarekin elkartzea erabaki zuen.

Dito

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia