Galtzagorri Elkartearen webgunea

2007 | Irabazleak

IdaztenMikel Manzisidor Iztueta

IDAZTEN?


Hatzak dantza dardartietan
Murgildu,
Irudimenaren herrira presaka
Bidaiatu,
Mugagabe diren sentimenduen esentzia
Topatu.

Eta beldurrez,
Nire barrenaren isla bihurtu nahian,
Larruz estalitako blokaren tapa
Ireki,
Bic urdina esku artean emeki
Laztandu.

Sentimenduen zabaltasuna,
Sentitu dut,
Orrien zuritasunean,
Haien irri hutsalean
Gatibu, preso, loturik
Nagoen bitartean.

Hasi naiz buruari
Bueltaka,
Barrena askatzeko, libratzeko
Borrokan,
Baina koadernoko koadrotxo bakoitza
Handi zait, erraldoi,
Mugagabe.
Eta eskuak antzu,
Begiak lehor
Orria zuri.

Baina piztu da, iziotu
Txinparta
Eta hartu dut bic-a, hartu dut
Martxa.
Hasi naiz (berriro) idatzi
Nahian:
Lehen letrak, arrastoa,
Hitza.

Eta ris-ras, ris-ras,
Boligrafoa bere jardunean
Tik-tak, tik-tak,
Orratzen konpartsa monotonoa,
Plit-plat, plit-plat,
Euri tantak leihoaren aurka.

Bata bestearen atzetik
Han-hemenka agertzen joan dira
Lerroak,
Eta geratu izkribaturik nire
Sentipenak.

Azken puntua, borobila, perfektua,
Amaieraren adierazle.
Baina, amaiera?

Ez!
Esaldien jolasaren,
Hizkien josturen,
Esanahien loturen,
Hizkuntzaren, idaztearen, poesiaren
Emankortasuna, xuxurla
Orain esnatu dira!
Zabaldu ditu begiak,
Ireki bihotza
Kendu jantziak!

Eta idazlearen barrena
Orri artean,
Kondenaturik bezala
Preso geratu da!
Irakurlearen begiek noiz
Dastatuko, jango, irentsiko
Zain!
Biluzik!
Esanahiez beterik!

Hor, esperoan?
Mokor

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia