Galtzagorri Elkartearen webgunea

2007 | Irabazleak

Astroen amodioaIker Lizeaga Indart

Astroen amodioa


Astronomoek ezin zuten sinetsi: Ilargiak ez zuen birarik ematen lurraren inguruan, eta eguzkiari jarrera oso arraroa nabarmentzen zitzaion. Ez zioten azalpen logikorik aurkitzen halako gertakizunari.

Garai hartan bizi zen Aitor. Seme bakarra zen, eta bere gurasoekin bizi zen herri xume batean. Une hartan bere txakur Txisturekin menditik txango bat eginez oinez zihoan. Egun paregabea zen mendian ibiltzeko. Eguzkia ohi baino handiagoa zegoen, eta beroa ere izugarria zen. Nekearen nekez, Aitorrek gelditzea erabaki zuen. Bere txakurra hara eta hona zebilen bitartean, bera harri baten gainean exeri zen, hamaiketakoa egitera. Jaten ari zela, hantxe ikusi zuen, harri koxor bitxi bat. Arraroa zen oso, aurpegi baten antza baitzuen. Aurpegiak gazte batena zirudien eta haserre itxura zuen. Aitorrek patrikan gorde zuen, gero bere logelako mahaiean ipintzeko. Gaua iritsi zen, eta Aitor bere etxean afaltzen ari zen, bere gurasoekin batera. Telebista ikusten ari ziren eta honek esaten zuenez, gau hartan bertan pasa behar omen zuen Halley kometak lurraren gainetik. Berandu zenez Aitor ohera joan zen nekatuta baitzegoen mendiko txangoaren ostean. Oheratu aurretik, bere harria hartu zuen. Aitorri, bat-batean, harria ohe azpira erori zitzaion, eta jasotzera makurtu zen. Harria puskatuta zegoen, eta harri pusketen artean, paper antzeko bat ageri zen. Honek halaxe zioen:

?Zure laguntza behar dut. Argi dizdiratsua etorriko zaizu bila, izarretan zehar bidaiatu ahal izan dezazun....?

Zer ote zen? Nork etorri behar ote zuen bere bila eta nork eskatu ote zion laguntza? Aitor oheratu egin zen baina ezin zuen lorik hartu, mezuaren esnahia ulertzeko jakinmin handia baitzuen. Azkenean, mutiko batek han jolasean utzitako gauzaren bat izango zela pentsatu zuen, eta nahi gabe, begiak poliki-poliki itxi egin zitzaizkion.
Gauerdia zen, eta Aitor lo zegoen bere logelan. Bat-batean, argi dizdiratsu bat hurbildu zen Aitorren lehiora. Aitor lo zegoen baina objetu bitxi hark sortutako argia sumatzean esnatu egin zen. Burua altxa eta, hantxe zegoen, harri koskor baten antzeko zerbaitek argia botatzen zuen. Gela osoa hoztu egin zen eta Aitor presaka ohetik altxa zen. Objetura hurbildu eta konturatu zen kometa bat zela, Halley! Harlley kometa! Aitorrek ezin zuen sinetsi, kometa bat, han bere leiho aurrean! Paperean aipatzen zuen argi dizdiratsua hura izango zen. Hala, bere gainean exeri eta, bat-batean, izugarrizko ziztuan abiatu zen zerurantz! Aitorrek aurpegian haizearen indarra sumatu zuen, eta behera begiratzean, bere hiria urruntzen ikusi zuen. Kometak gorantz jarraitzen zuen, gelditu gabe. Pixkanaka lurretik atera zen. Aitorrek gogor heldu zion kometaren gorpuari.
-Nora ote narama?!- galdetu zion bere buruari Aitorrek. Planetak azaltzen hasi ziren eta kometak bira azkarrak emanez banan-banan saihestu zituen. Paisaia zoragarria zen. Unibertso osoa begiztatzen zen eta izar eta kometa ugari ikus zitezkeen. Aitorrek ezin zuen hura guztia sinetsi, baina berdin zitzaion egia izan edo ez izan, primeran pasatzen ari zen. Pixkanaka Eguzkia begiztatzen hasi zen. Kometa zuzen zihoan eguzkirantz. Minutu batzuren buruan hantxe zegoen kometa, Eguzkiaren inguruan birak emanez. Mugimendu zakar batez kometa Eguzki izarrera jaitsi zen, bere gainazalean geldirik geratuz. Aitor kometatik jaitsi eta oraindik sinistu ezinik bazegoen ere, Eguzkia zapaldu zuen. Orduan kometak ziztu bizian alde egin zuen, mutila hantxe utziz. Oinez hasi zen . Paisaia izugarri berezia zen. Dena sua zen eta etengabe eztandak gertatzen ziren. Baina gauza harrigarria, oinak, azala zapaldutakoan, ez ziren erretzen bertako suaz! Aitorrek oinez jarraitu zuen eta pixkanaka-pixkanaka aurrerantz zihoala, suzko eraikin handi bat ikusi zuen. Gerturatu eta... han, suzko jauregi izugarri bat ikusi zuen. Oso hadia zen, suzko zutabe handiak zituen eta erdian eskailera luze batzuek gorantz eramaten zuten. Eskaileraren bukaeran, suzko aulki dotore bat ageri zen, eta bertan mutil gazte bat zegoen. Aitor gorago igo zen, eta mutilari hurbildu zitzaion. Suzkoa zen, eta nahiko mutil erakargarria zen. Triste zirudien, oldartua. Aitorrek, galdetu zion:

-Barkatu baina, nor zara?

-Eguzkia naiz. Zu Aitor izango zara, ezta?- galdetu zion Eguzkiak.

-Bai, baina, zertarako nago ni hemen?- galdetu zion Aitorrek.

-Zure laguntzaz gure auzia konpondu nahi dudalako.

-Zein auzi? Norena?- galdetu zuen mutilak.

-Lurra eta bion artekoa. Biok Ilargia maite dugu eta biok ezin dugu bera maitatu. Biotako batek geratu behar du kanpoan, baina ez dakigu nor. Zuek, gizakiok, nola konponduko zenukete auzi hau?- galdetu zidan Eguzkiak.

-Nire ustez, Ilargiak aukeratu beharko luke zuon artean, hala benetako amodioa sortuko litzateke.- erantzun zuen Aitorrek.

-Ez nago ados. Indartsuenak maitatu beharko luke Ilargia!- esan zuen haserre Eguzkiak.

-Ba al daukazu lurrarekin hitz egiteko modurik?- galdetu zion Aitorrek.

-Joan bere jauregira zu zeu.

Hau esanda, kometa bat-batean agertu zen Aitorren ondoan eta honek berehala egin zuen jauzi astro mugikorrera. Kometak, ziztu bizian eraman zuen Aitor Lurrera, lehengo bide berbera erabiliz. Kometa itsasoan sartu zen Aitorrekin. Hau, arnasa har zezakeelaz ohartu zen. Kometa beherantz zihoan eta hondoan zegoen irekidura batetik sartu zen. Han ez zegoen urik. Pixkanaka lur barnean sartzen joan zen kometa. Kometa bat-batean gelditu zen, lurrez eginiko etxe erraldoi baten aurrean. Aitor, kometatik jaitsi eta, etxe barnean sartu zen. Oso handia zen barnetik. Dena buztinez eta harriz eginik zegoen eta zutabe ilara amaigabea ikusten zen. Aurrera jarraitu eta hantxe, aulki batean exeririk, Lurra. Mutila ere oso polita zen, Eguzkiaren antzekoa. Berak ere triste zirudien.

-Nor zara?- galdetu zuen Lurrak ahots zakarrez.

-Aitor naiz, gizakia. Eguzkia eta zuen arteko liskarren berri izan dut.

-A, bai? Nork esan dizu, berak? Eguzkiak?

-Bai. Ez zaizkit batere ondo iruditzen zuen arteko liskarrak . Nire ustez, Ilargiak aukeratu beharko du bien artean.- erantzun zuen Aitorrek. Bat-batean, zutabe artetik emakume gazte eta eder bat agertu zen. Azal zuria zuen oso eta gris koloreko soineko luze bat zeraman jantzirik. Ilea ere grisa zuen eta isats luze batean zuen bildurik.

-Ilargia nauzu. Azkenaldi honetan Eguzkia eta Lurra beraien artean aritu dira borrokan ea nor bihurtuko den nire maitean baina ez ditut batere gogoko.- azaldu zuen Ilargiak.

-Baina, bietako nor duzu gustokoen?- galdetu zion Aitorrek Ilargiari.

Isilune handia sortu zen. Lurra bere aulkitik altxa zen, erantzuna entzun nahian. Ilargiak esan zuen:

-Biak ditut gustoko.

Lurrak ezin zuen gehiago jasan eta haserre, Eguzkiarengana jo zuen ziztu bizian, berarekin borrokatu nahian.

Bi gazteak aurrez aurre zeuden, borrokatzeko prest.

-Indartsuenak irabaz dezala!- esaten zuten.

-Ilargi, ez duzu bien artean bat aukeratu beharrik izango, bat bakarra geldituko baita unibertsoan!- zioten biek ahopeka.

Ilargia oso izuturik zegoen, ez zuen bietako inor galdu nahi. Borrokan hasi behar zuten eta Ilargiak ez zekien zer egin. Salbatzearren, Ilargia bi astroen artean jarri zen, borroka saihestek asmoz. Astro biek gelditu beharra izan zuten eta Ilargiari harriturik begiratu zioten.

-Biak maite zaituztet eta hori horrela dela onartu beharko duzue, betiko!-esan zuen Ilargiak.

Aitor bere ohean esnatu zen. Ez zekien biziturikoa egia edo ametsa izan zen. Errealitatean horrela gertatu ote zen noizbait? Ohetik altxa eta Eguzkiari begiratu zion. Eklipsea zegoen.


Indar

atzera

Sariak

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia